fbpx Caritas Gipuzkoaren Gizarte Ekintzaren Eredua eguneratzen | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Enmarcando la realidad

Caritas Gipuzkoaren Gizarte Ekintzaren Eredua eguneratzen

Caritas Gipuzkoaren Gizarte Ekintzaren Eredua eguneratzen

Gizarte Ekintza Eredua (MAS) eguneratzea Gipuzkoako Caritasen erabaki estrategikoa da. Bere helburua, garena eta egiten duguna bideratzen duen iparrorratza berriro kalibratzea da: irizpide, lehentasun eta akonpainamendu estiloen marko komuna. Kudeaketari dagokionez, erakundearen norabidea eta horizontea koherentziaz mantentzea ahalbidetzen digun ibilbide-orria da, 2009ko mapen bidez nabigatu gabe, itsasoa beste bat denean.

Eguneratze horren motibazioa soziala da: errealitateak modu sakon eta azkarrean aldatu dira azken hamarkadetan. Eta, hain zuzen ere, errealitatea da —arrakala eta galdera berriekin— misioa eta identitatea doitzea eskatzen diguna, harekin elkarrizketan. Ildo horretan, IX. FOESSA txostenak ohartarazi du gizartea zatitzeko eta klase ertaina uzkurtzeko prozesu berri bat dagoela, eta Espainia bidegurutze baten aurrean jarri du, erabaki eraldatzaileen bidez norabide aldaketa bat eskatzen duen bidegurutze baten aurrean. FOESSAk, gainera, elkar indartzen duten funtsezko bost arazo identifikatzen ditu: prekarietate kronikoa, belaunaldien arteko krisien eragin oso ezberdina, etxebizitzaren krisi jasanezina, komunitate-loturak haustea eta eredu aldaketa baten beharra.

Gure egunerokotasunean, horrek bakardade eta zaintza-behar berriak dakartza, eskubideen eskuragarritasuna baldintzatzen duten eten digitalak, eta gizarte-kohesioa eta ongizate-estatua bera tenkatzen dituen ziurgabetasuna. Marko komuna eguneratzen ez bada, inertziaz erantzuteko arriskua dugu: atzoko erantzunekin gaurko errealitateetarako.

Motibazioa ere elizakoa eta soziopolitikoa da. Fratelli tutti-k anaitasuna eta gizarte-adiskidetasuna guztien ongiaren zerbitzura dagoen politika onenaren eremuan kokatzen ditu, eta karitate politikoa eta gizarte-maitasuna egiturak eraldatzeko indar gisa ulertzen ditu. Horregatik, MAS eguneratzea gure ekintza soziala horizonte horrekin lerrokatzea da: topaketa, zaintza eta anaitasuna —baita sororitatea ere—, komunitatean, eskubideetan eta justizia sozialean benetako eragina duena.

Eta nola egingo dugu? Elkarrizketaren abiapuntua entzutea da, eta erabaki zehatzetan oinarritzen da: taldeen esperientziatik, kontraste partekatutik eta testuinguruaren irakurketa sozialetik. Eta, aldi berean, “nola” zaintzen: harreman-estiloa, loturaren kalitatea eta akonpainamendu bakoitzean sortzen dugun komunitatea.

 

Partekatutako prozesua

Ikasturtean zehar, MAS taldearen zutabeetan aurrera egingo dugu, gutxi gorabeherako egutegi honekin:

  • Errealitatea, abiapuntu (2025eko urria-2026ko urtarrila)
  • Pertsona erdigunean (2026ko otsaila-martxoa)
  • Maitasuna eta errukia eragile (2026ko apirila-maiatza)
  • Komunitatea ikur gisa (2026ko ekaina-uztaila)
  • 2026KO URRIA: GEE (MAS) dokumentu eguneratuaren lehen zirriborroaren bateratze-lana

Bloke bakoitza aukera bat izango da gure ekintza boluntario eta profesionalaren zentzua ikasteko, partekatzeko eta berritzeko. Jasotzen ditugun ekarpen eta hausnarketa guztiak baliagarriak izango dira, guztion artean, Gipuzkoako Caritasen Gizarte Ekintza Ereduaren dokumentu berria eraikitzeko.

----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

 

  • Lehen blokea: Errealitatea, abiapuntu

2026ko urtarrilaren 30era arte, MASen lehen zutabea landuko dugu: ERREALITATEA.

Bizi garen munduari —haren arrakalak eta argiak— arretaz begiratu nahi diogu, eragiten diguten aldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalak ezagutu nahi ditugu, eta geure buruari galdetu nahi diogu zer ondorio dituen horrek guztiak pertsonei eta komunitateei laguntzeko dugun moduan.

Hiruhileko honetan, zuen lantaldeetan biltzera gonbidatzen zaituztegu, eremuka edo zerbitzuka, bloke horri buruz hausnartu eta hitz egiteko.

 

  • Partekatutako materiala

Joan den hiruhilekoan 'GEEtik bidelagun izatea' koadernoa jaso zenuten etxean, eta gida komun gisa erabili behar dugu.
Bertan, eguneroko zereginean egunero bizi duzuena hitz egiteko, esperientziak partekatzeko eta hitzetan jartzeko proposamenak, galderak, testuak eta dinamikak aurkituko dituzue. Koadernoa online ere duzue eskuragarri:

 

GEEtik BIDELAGUN IZATEA

 

  • Zuen ekarpenak nola helarazi

Zuen ekarpenak modu erraz eta ordenatuan jasotzeko, formulario digital bat prestatu dugu, hiru galdera nagusirekin (formularioan bertan, koadernoko fitxen erreferentzia aurkituko duzue):

- Begirada: zer aldaketa edo tentsio sozial sumatzen dituzue zuen inguruan eta laguntzen duzuen pertsonengan?

Galdera hauek koadernotxoarekin bat datoz (1. blokea - Errealitatea): 1. fitxa (1. eta 2. galderak) eta 2. fitxa (1. galdera).

- Gogoeta: zer esan dizue errealitate honek Caritas zareten heinean? Zer berrikusi edo aldatu beharko genuke?

Galdera hauek koadernotxoarekin bat datoz (1. blokea - Errealitatea): 1. fitxa (3. galdera) eta 3. fitxa (1., 2. eta 3. galderak).

- Proposamena: Zein pauso zehatz eman ditzakegu errelitate honi erantzuna emateko?

Galdera hauek koadernotxoarekin bat datoz (1. blokea - Errealitatea): 2. fitxa (2. eta 3. galderak).

 

Talde edo lantalde gisa erantzuteko gonbita egiten dizuegu, zuen artean elkarrizketa txiki bat izan ondoren.

Garrantzitsua: talde bakoitzeko erantzun bakarra eskatzen dizuegu (pertsona bat arduratu daiteke ekarpena jaso eta bidaltzeaz).

 

GALDETEGIA BETE: ERREALITATEA

 

Betetzeko epea: 2026ko urtarrilaren 30era arte, ekarpen guztiak sintesi komunean txertatu ahal izateko.

----------------------------------------------------------------------------------------

 

  • Bigarren blokea: Pertsona, erdigunean

2026ko otsailetik martxora bitartean, MASen bigarren zutabea landuko dugu: PERTSONA ZENTRO gisa.

  • Partekatutako materiala

Joan den hiruhilekoan 'GEEtik bidelagun izatea' koadernotxoa etxean jaso zenuten, eta gida komun gisa erabiliko duguna. Kasu honetan, materialaren bigarren blokea (12-17 orrialdeak) irakurtzera gonbidatzen zaituztegu.

Bertan, eguneroko zereginean egunero bizi duzuena hitz egiteko, esperientziak partekatzeko eta hitzetan jartzeko proposamenak, galderak, testuak eta dinamikak aurkituko dituzue. Koadernotxo hau online ere eskuragarri duzue:
 

GEEtik BIDELAGUN IZATEA

 

  • Zuen ekarpenak nola helarazi

Zuen ekarpenak modu erraz eta ordenatuan jasotzeko, galdera gako batzuk jasotzen dituen formulario digitala prestatu dugu, zuen eguneroko praktikan pertsonalizazioak duen paperari buruz hausnartzen laguntzeko helburuarekin. 

Talde edo lantalde gisa erantzuteko gonbita egiten dizuegu, zuen artean elkarrizketa txiki bat izan ondoren.

Garrantzitsua: talde bakoitzeko erantzun bakarra eskatzen dizuegu (pertsona bat arduratu daiteke ekarpena jaso eta bidaltzeaz). Galdetegia honako estekan duzue eskuragarri:

 

GALDETEGIA BETE: PERTSONALIZAZIOA

 

Betetzeko epea: 2026ko martxoaren 31era arte, ekarpen guztiak sintesi komunean txertatu ahal izateko.

--------------------------------------------------------------------------------------------

 

Eskerrik asko gurekin prozesu honetan aurrera egiten jarraitzeagatik.

Eskerrik asko zuen begirada eta konpromisoarengatik, zuen hitz eta itxaropenarengatik.

Elkarrekin aurrera goaz.