1. Blokea - 1. Fitxa
1. fitxa – Errealitateari sakon begiratzea
Zertarako balio du fitxa hone
Errealitatearen irakurketa fededun eta kritiko bat kokatzeko, GEE orientatuko duena eta hurrengo fitxetan erabaki eraldatzaileak prestatuko dituena.
Funtsezko ideia
«Egiteko hau betetzeko, Elizari dagokio aldien ezaugarriak une guztietan sakonki aztertu eta Ebanjelioaren argitan interpretatzea, gizaldi bakoitzari egokiturik, oraingo eta geroko bizitzaren esanahiaz eta bien arteko erlazioaz gizakiek dituzten betiko galderei erantzun diezaien.» (GS 4).
Garapena
Egungo errealitateak eta krisia
Gaur egungo testuinguru sozialaren ezaugarriak ezartzea ez da erraza. Sakontzeko asmorik gabe, gure bizitza kolektiboa zeharkatzen duten joera batzuk aipa ditzakegu: klima-aldaketa, bizitzaren digitalizazioa, biztanleriaren zahartzea, zaintzaren krisia, bakardadea arazo sozial larri gisa edo demokrazia tenkatzen duten indar politiko autoritarioen gorakada.
Krisi anitz bizi ditugu garai hauetan; bakoitzak bere erritmora egiten du aurrera, baina elkar indartzen dute eta orainaldi hauskor eta tentsionatu bat eratzen. Degradazio ekologikoa eta ongizate-sistema publikoen higadura atzeraelikatu egiten dira, eta desparekotasuna eta haustura soziala eragiten dituzte. Frantzisko aita santuak gogorarazi zigunez, “ez daude bi krisi bereizi, bata ingurumenekoa eta bestea soziala, sozioingurumeneko krisi bakar eta konplexu bat baizik” (LS 139). (F. Fantova).
Horrek guztiak beldur-giro bat sortzen du eta, aldi berean, gizarte-kohesioa higatzen du, eta ziurgabetasuna eta ezinegona proiektatzen ditu mehatxagarritzat jotzen den “bestearen” gainean: etorkinak, gutxiengo etniko eta erlijiosoak, emakumeak edo LGTBI pertsonak. Ondorioz, gorroto-diskurtsoak zabaltzen dira eta atzera egiten da eskubideetan (Nussbaum, 2019).
Egungo krisiek —ekonomikoa, soziala, ekologikoa eta politikoa— gizarte osoa eta bere erakundeak zeharkatzen dituzte, baina gogorrago kolpatzen dituzte aurretik ere pobrezia- edo bazterketa-egoeran zeudenak. 2008tik ikusi dugu nola gertatzen diren maizago eta gogorrago, baita nola finkatzen diren desparekotasunak ere. FOESSAren arabera (2024), bizi-ezegonkortasunaren eta nahi gabeko bakardadearen hazkundea egiturazko joera gisa sendotu dira, eta eragin berezia dute adingabeak dituzten etxeetan eta migratzaileengan.
Begirada fededun eta eraldatzaile bat
Errealitatearen azterketa Ebanjelioarekiko leialtasun ariketa bat da. Kontua da gertatzen dena irakurtzea, ez bakarrik deskribatzeko, baizik eta bereizteko zer aldaketa bultzatu behar ditugun gure gizarte-ekintzatik eta zer konpromiso diren posible eta premiazkoak gaur egun.
Begirada fededun baten hiru mugimendu
1. Pertsonei eta lurraldeei entzutea (datuak eta entzute kualitatiboa).
2. Elizaren Hitzarekin eta Doktrina Sozialarekin alderatzea.
3. Ekintza eraldaketa zehatz, ebaluagarri eta iraunkorretara bideratzea.
Caritas, identitateagatik, «ezin da justiziaren aldeko borrokatik kanpo geratu, eta ez luke geratu behar, gainera» (EG 183). Sakon begiratzeak ireki egiten gaitu hurbiltasun-loturetara, hizkuntza gizatiarrago batera eta gutxien dutenak lehenesten dituzten aukeretara.
Itxaropen-kimuak eta etorkizunerako aukerak
Errealitateari sakon begiratzeak berekin dakar itxaropen-seinaleak antzematea: elkarri laguntzeko sareak, ekimen komunitarioak, zaintza-arloko berrikuntzak, ekonomia solidarioko praktikak. Kimu txikiak dira, baina benetakoak, eta erakusten dute posible dela beste modu batera bizitzea duintasuna erdigunean jartzen dugunean, “gu”a zabaltzen dugunean eta erantzun partekatuak ehuntzen ditugunean.
Gogoeta egiteko
1.- Gaur egungo errealitatearen zer alderdi ez ziren hain agerikoak 2009an eta beraz txertatu behar ditugu egun esanguratsuagoa izango den GEE bat edukitzeko?
2.- Errealitate horren zer ezaugarri bizi dituzu zure bizitzan, zure lantaldean edo zure ingurune hurbilean?
3.- Caritasen zer aurpegik eta zer lagundutako egoerak biltzen dituzte ondoen aldaketa horiek, eta zer eskatzen digute berrikusteko?
Aipua
«Zorionekoak zuek ikusten duzuena ikusten duten begiak!»(Lk 10,23)