1. Blokea - 2. Fitxa
2. ficha – Errealitateetatik eta errealitateen barruan eraldatzen
Zertarako balio du fitxa honek?
Errealitatea ez dela neutroa aitortzeko, baizik eta bazterketa eta duintasuna jokoan jartzen diren leku teologiko eta sozial bat; bizitza-egiturak eta -estiloak eraldatzeko gonbita egiten du, ez bakarrik arazoak deskribatzeko.
Funtsezko ideia
Elizaren Gizarte Doktrinak «puskatzen diren ametsak» (FT 10) aipatzen ditu, «pertsona guztientzako proiekturik gabeko» mundu batean (FT 18), non «giza eskubideak ez baitira behar bezain unibertsalak» (FT 22). Bizi garen mundu honetan «bidegabekeria-modu ugari daude... zalantza egin gabe esplotatzen, baztertzen eta are hil egiten dutenak» (EG 53).
Garapena
Errealitateetatik eraldatzea
2009ko GEEk gogorarazten zigun errealitatea ez dela agertoki neutro bat, baizik eta gure ekintza bideratzen duen leku teologiko eta operatiboa.
Bi hamarkada geroago, bazterketa konplexuagoak eta elkarri lotuagoak daudela ikus dezakegu: etxebizitza eskuraezina, enplegu prekarioa, osasun-arrakalak eta, beste erliebe batekin, nahi gabeko bakardadea, zaintza-krisia eta gazteen prekarietatea. Egoera horren aurrean, Frantzisko aita santuak eskatzen digu «gure bizimoduak, harremanak eta gure gizarteen antolaketa birpentsatzeko» (FT 30). Dei horrek zuzenean lotzen du GEEren erronketako batekin: ez da nahikoa bazterketak deskribatzea, horiek sortzen dituzten bizi-esparruak, esparru sozialak eta politikoak eraldatu behar dira.
Nancy Fraser-ek (2008) gogorarazten duen bezala, justiziak birbanatzea eta aitortzea eskatzen du. Intuizio hori lagungarria da ulertzeko eraldatzea ez dela soilik baliabide ekonomikoak birbanatzea, baita baztertuak izan diren ahotsak eta kulturak aitortzea ere.
Eraldaketak metodoa eskatzen du:
1. Errealitateen ezagutza kokatua, datuak eta entzute kualitatiboa konbinatuta.
2. Ebanjelioaren argitan bereiztea, erantzun erreaktiboak edo asistentzialistak saihestuta.
3. Egungo egoera zentzu positiboan bilakaraziko duten aukera posibleak.
Errealitateetatik abiatuta eraldatzea «benetako ongizate komunaren zerbitzura dagoen politika (...) sustatzea da; pertsonaren duintasuna erdigunean jartzen duena, eta ez berehalako errentagarritasuna» (FT 18). Errealitateetatik eraldatzetik errealitateetan eraldatzera igarotzeko urratsak esan nahi du aitortu behar dela bazterkeriari ez zaiola diagnostikoekin bakarrik aurre egiten, alternatibak sortzen dituzten bizitza partekatuko prozesuetatik baizik.
Errealitateetan eraldatzea
Ez dugu kanpotik eraldatzen, testuinguru zehatzen barruan baizik. Bazterketak ez dira soilik “arazo sozialak”: gure bizitzeko, antolatzeko eta erabakitzeko modua interpelatzen duten lekuak dira. José María Mardonesek (1991) dioen bezala, pobrezia ez da istripu bat, logika ekonomiko eta politiko jakin baten ondorioa baizik.
Estilo hurbila eta ausarta eskatzen zaigu —«Eliza kolpatu, zauritu eta zikindu bat kalera irtetearen ondorioz» (EG 49)— eta, era berean, ausardia hori egunerokoan ainguratuko duten prozedurak:
• Kasu bakoitza bere kausarekin lotzen duen (etxebizitza, zaintza, bakardadea, arrazakeria, arrakala digitala...) eta araudi- eta kultura-aldaketak sustatuko dituen intzidentzia publikoa.
• Arintzeaz gain, gaitasunak eta eskubideak zabalduko dituen laguntza bat, mendekotasunak eta paternalismoak saihestuz.
• Komunitate-lana, alternatiba kolektiboak sortuko dituena, loturak indartuko dituena eta lurraldean parte hartzea ugarituko duena.
Errealitateetatik eta errealitateetan eraldatzea, azken batean, diagnostikotik erabaki posible, iraunkor eta ebaluagarrietara igarotzea da, duintasuna erdigunean jarri eta gure komunitateetako “gu”a handitzen dutenak.
Gogoeta egiteko
1.- Zer bazterketa edo errealitate berri lehenetsi behar ditugu eta nola landu erantzun asistentzialetik harago?
2.-Zer aldaketa onartu behar ditugu komunitatean eta antolamenduan, dei horri koherentziaz erantzuteko?
3.- Benetan posible diren zer erabaki har ditzakegu dagoeneko —auzoan, parrokian edo programan— bazterketaren kausei (ez soilik ondorioei) aurre egiteko?
Aipua
«Denbora espazioaren gainetik dago. Printzipio horrek epe luzera lan egitea ahalbidetzen du, berehalako emaitzekin obsesionatu gabe. Lehentasuna ematen die gizartean dinamismo berriak sortzen dituzten ekintzei, eta haiek denboran luzatzeko konpromisoa hartzen du» (EG 222).