fbpx Acompañar desde el MAS - Ficha3-eu | Caritas Gipuzkoa Skip to main content

1. Blokea - 3. Fitxa

3. fitxa – Pertsonekin: analisitik erabaki eraldatzaileetara

Zertarako balio du fitxa honek?

Analisi orokorretik pertsonekin partekatutako erabakietara igarotzeko, ekintza prozesu zehatzetan kokatuz eta paternalismoak saihestuz.

Funtsezko ideia

Besteengana irteteak eta periferietara iristeak esan nahi du errealitatearen irakurketak zentzua hartzen duela soilik pertsonekin harremanean eta irtenbide errealak eta jasangarriak bilatzeko egiten bada (EG 20; EG 49). Ezin da epel jokatu minaren aurrean, eta ezin da utzi inor «bizitzaren bazterrean»(EG 270).

Garapena

Makrobegiradatik erabaki zehatzetara

Aldien ezaugarriak irakurri ondoren (1. fitxa) eta bizi-esparruak eraldatzeko deia onartu ondoren (2. fitxa), hurrengo urratsa pertsonekin erabakitzea da. Horrek esan nahi du diagnostiko orokorretatik auzo eta komunitate errealetan izen eta aurpegiak dituzten prozesuetara igaro behar dela. Galdera ez da soilik “zer ari da gertatzen?”, baizik eta “zer egingo dugu elkarrekin?”

Pertsonekin (ez “pertsonentzat”)

GEE eguneratzeko, zer lekutatik jarduten dugun aldatu behar da: “rentzat” egitetik “rekin” egitera. Horrek berekin dakar gaitasunak, nahiak eta bizi-jakintzak aitortzea; beharrak eta laguntzak elkarrekin diagnostikatzea; ibilbideak elkarrekin diseinatzea; erabakiak eta erantzukizunak partekatzea; eskubideak sustatzea; erritmoak eta denborak errespetatzea. Bira hori ez da soilik metodologikoa; etikoa eta erlazionala da: boterea birbanatzen du, paternalismoak saihesten ditu eta duintasuna indartzen du. Paul Ricoeur-ek (2004) gogorarazten duen bezala, justizia eta elkarrekiko aitortza ezin dira bereizi.

Errealitatetik jarduten duen eta bertan txertatuta dagoen “elkartasun trinko” horrek egiturazkoa eta egunerokoa lotuko dituzten erabaki ausartak eskatzen ditu. Berekin dakar harreman horizontalak izatea, konfiantzazkoak eta elkarrekikotasunezkoak, non pertsona guztiak eskuhartzearen subjektu baikara, eta ez objektu.

Elkarri lotutako hiru eremu

Pertsonekiko lana hiru eremu bereizezinetan gauzatzen da:

Prozesu pertsonalizatuak, bizi-proiektuei eusten dietenak, norberaren erabakiak hartzea sustatzen dutenak eta beharrezkoak ez diren mendekotasunak murrizten dituztenak. Martha Nussbaum-en hitzetan (2011), giza duintasunak benetako aukerak eskatzen ditu benetako pentsamendu-, emozio- eta ekintza-gaitasunak garatzeko. Praktikak: arretaz entzutea, adostutako helburuak, urrats txikiak eta berrikusgarriak, neurrirako laguntzak eta tutoretzarik gabeko jarraipena.

Loturak berreraikitzea (familia, auzoa, elkarteak, kristau-komunitatea), konfiantzazko eta kidetasunezko sareak ehuntzea, bakardadea lotura esanguratsuen bidez arintzeko espazioak sortzea. Joaquín García Rocak (2006) adierazten duen bezala, bazterketa bizitza komunari eusten dioten loturak haustea ere bada. Ildo beretik, Fernando Vidalek (2021) proposatzen du zaintza kultura publiko gisa pentsatzea, demokraziari eusten dioten lotura zibikoak eta komunitarioak sendotzeko gai den kultura gisa. Praktikak: topaketa-taldeak, auzokoen sareak, belaunaldien arteko ekimenak, lurraldearekiko “zubiak”. 

Eskubideak aitortzea eta baliatzea, komunean parte hartzea eta jendaurrean eragitea bazterketaren arrazoiak eraldatzeko. Praktikak: informazio juridiko argia, izapideak egitera laguntzea, plataforma zibikoekin aliantzak egitea, pertsonek hitza hartuko duten parte-hartze esperientziak, intzidentzia administrazioen aurrean.

Eremu horiek elkarri eusten diote: autonomiarik gabe ez dago ahotsik, loturarik gabe ez dago sostengurik, herritartasunik gabe ez dago aldaketa iraunkorrik. Horregatik, pertsonekin egiten diren laguntza-prozesuek hirurak biltzen dituzte, baten bat bigarren mailan gera ez dadin.

Para reflexionar

1.- Caritasen zer praktika dira oraindik pertsonentzat, eta ez pertsonekin? Zer aldaketa zehatz behar ditugu haiekin batera diagnostikatzeko eta diseinatzeko?

2.- Nola ziurtatzen ditugu gure prozesuetan hiru eremuak (autonomia, komunitatearekin berriz lotzea, herritartasuna), bat bera ere bigarren mailan geratu gabe?

3.- Nola landu konfiantzazko eta elkarrekikotasunezko harremanak laguntzeko prozesu zehatzetan?

La cita

«Ni, berriz, bizia –eta bizia ugari gainera– izan dezaten etorri naiz» (Jn 10,10).