fbpx Corpus 2026 | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Caritas Gipuzkoa, 60 urte jasotakoa ekintza bihurtuz · Corpus 2026

Caritas Gipuzkoa
60 urte
jasotakoa
ekintza bihurtuz

Corpus Christi · 2026
Caritas Gipuzkoa 60 urte / años

Sei hamarkada Gipuzkoako pertsona zaurgarrienekin konpromisoan, itxaropena eraikitzen.

Ebanjeliotik eta maitasunetik abiatutako doakotasun, elkartasun eta gizarte-eraldaketarako bide partekatua.

60 urte jasotakoa ekintza bihurtuz

Caritas Gipuzkoaren 60. urteurrenaren ospakizuna, batez ere, eskerrak emateko unea da. Partekatutako ibilbide baten memoria egiteko aukera da, non milaka boluntario, bazkide, emaile eta langileen konpromiso desinteresatu, doakotasuna eta gizatasun sakonak zaurgarritasun eta gizarte-bazterketa egoeran dauden hainbeste pertsonaren sufrimendua, ahultasuna eta itxaropena laguntzea ahalbidetu duten. Eguneroko eskuzabaltasun hori izan da, eta izaten jarraitzen du, Caritasen bihotza: entzuten, harrera egiten, bidelagun izaten eta duintzen duen presentzia hurbila.

Urteurren hau, halaber, gure misioa denboran zehar eutsi duten kristau komunitateei aitortza da. Maitasunaren eta fedearen bizipenetik abiatuta, behar materialei erantzuteaz harago doan ekintza bultzatu dute, pertsona bakoitzaren duintasuna erdigunean jarriz. Caritas Ebanjelioan oinarrituta sortu eta eraikitzen da, justiziarekin, elkartasunarekin eta gehien behar dutenen zaintzarekin konprometitutako Elizaren adierazpen zehatz gisa. Maitasuna —Caritas— indar aparta da, pertsonak ausardiaz eta eskuzabaltasunez justiziaren eta bakearen alde konprometitzera bultzatzen dituena (CIV 1).

Ibilbide horretatik sortu da urteurren honetarako aukeratutako lema: Caritas Gipuzkoa, 60 urte jasotakoa ekintza bihurtuz. Denbora honetan guztian, jasotako konpromisoa eta eskuzabaltasuna bildu eta itxaropena ereitea izan delako gure ahalegina, gure gizarteko pertsona zaurgarrienei bidelagun izanez, beren bizi-proiektua eraikitzeko aukera izan dezaten.

«Komunitate bat behar dugu, elkarri eusteko, laguntzeko eta aurrera begiratzen laguntza izateko. … Ametsak elkarrekin eraikitzen dira.»

Aita Santua Frantzisko, Fratelli Tutti 8

Konpromiso eta itxaropenezko ibilbidea

Hala ere, bidea ez da erraza izan. Sei hamarkada hauetan, Caritas Gipuzkoak une bakoitzeko zeinuak irakurtzen jakin du, gizarte-aldaketetara eta bazterketaren errealitate berrietara egokituz. Hasierako pobrezia agerikoenei emandako erantzunetatik gaur egungo erronketara, non konplexutasun soziala, migrazioak, bakardadea, prekarietatea edo desberdintasuna nagusi diren.

Askotariko krisiak bizi eta aurre egin behar izan ditugu: osasun-pandemia bat, migraziokrisiak —barnekoak zein kanpokoak—, krisi ekonomiko eta industrialak, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, besteak beste. Horren guztiaren aurrean, Caritas bere misioari leial izan zaio: pertsonen ondoan egotea, bereziki bazterretan eta mugetan bizi direnen ondoan.

Zailtasunek eta aldaketek ez dute gure konpromisoa ahuldu; aitzitik, Caritasen nortasuna indartu dute. Bere oinarria galdu gabe berritzeko gai izan da, une bakoitzeko gizarte-beharrei erantzuna emateko eta bidegabekeria sortzen duten arrazoiak salatzeko, haiek eraldatzeko helburuz, elkartasun-sare sendo gisa sendotuz.

«Maitasuna —Caritas— indar aparta da, pertsonak ausardiaz eta eskuzabaltasunez justiziaren eta bakearen alde konprometitzera bultzatzen dituena.»

Benedikto XVI.a Aita Santua, Caritas in Veritate 1

Etorkizunari begira

Etorkizunari begiratzea, testuinguru honetan, itxaropena eta konpromisoa berritzea da. Erronkek jarraitzen dutela aitortzea da, eta komunitatea eraikitzen, aliantzak ehuntzen eta gizarte bidezkoago, inklusiboago eta senidetasunezkoago baten alde lanean jarraitzea beharrezkoa izango dela onartzea. Caritasek itxaropenaren seinale, topagune eta gizarte-eraldaketarako tresna izaten jarraitu nahi du, jakinda «justiziak ongizate komuna nahi izatea eta horren alde ahalegintzea eskatzen duela» (CIV 7).

Urteurren hau baliatu nahi dugu, halaber, gurekin bidearen zatiren bat partekatu duten pertsona guztiei eskerrak emateko: boluntarioei, profesionalei, parrokia-komunitateei, emaileei eta konpromiso eta itxaropen bide hau posible egin duten esku anonimo guztiei. Guztiek, salbuespenik gabe, bere arrastoa utzi dute.

Eta, bereziki, azken 60 urteotan bidelagun izan ditugun pertsona guztiak gogoratu nahi ditugu. Haien bizitzek, istorioek, zailtasunek eta nahiek errealitateari lotuta mantendu gaituzte eta gure misioari zentzua eman diote.

Guztioi, eskerrik asko.