fbpx Irailak 8:Alfabetatzearen Nazioarteko Eguna | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Irailak 8:Alfabetatzearen Nazioarteko Eguna
Arantxa Boluntarioa Caritas
Irailak 8:Alfabetatzearen Nazioarteko Eguna

"Atsegingarria da egoera soziala zertxobait eramangarriago egitea"

Arantxa Guereño Guerrero (San Sebastián, 1955). Geografia eta Historiako lizentziaduna. Kasualitate baten ondorioz, CARITAS GIPUZKOAk, Donostian, etorkinei eskaintzen dien gaztelaniazko klaseetako irakasle-taldean sartu zen: “Taldekide batek utzi egin behar izan zuen, eta ordezkatu egin nuen”, gogoratzen du Arantxak. Ordutik, esperientzia ugari eta aberasgarriak pilatzen ditu.

Etorkinei eskaintzen dizkiezuen gaztelaniazko eskolak, irakaskuntza berezia al da?

Bai. Ikasleak CARITAS GIPUZKOAren hainbat proiekturen bidez etortzen dira guregana: Hotzaldi (gaueko harrera zentroa), parrokiako Caritasak… Taldea osatzen dugun sei pertsonen lana —astelehenetik ostegunera aritzen dira— pertsonak alfabetatzea da: irakurtzen irakastea, etab. Osatu dugun hezkuntza-materialaz gain, intuizio-dosiak ere erabiltzen ditugu. Ez da ohiko irakaskuntza; desberdina da.

Desberdina?

Ikaskuntzari begiratzen diogu, eta, aldi berean, elkar ezagutzen dugu: euren bizipenak partekatzen dituzte ala ez… Oinarria errespetua da, sozialki ezin baitiegu ezer promestu.

Beraien errealitateak ezagutzen dituzularik, zer da zuretzat enpatia izatea?

Beraien egoeraren berri jakitea, eta egin dezaketena baino gehiago ez eskatzea. Duintasuna.

Urte hauetan, aldatu al da alfabetatze hitzaren zure ikuskera?

Nik, modu naturalean izan dut bere berri, nire bizitzaren zati da. Baina eskolara joaten diren pertsonekin harremanetan jarri arte, ez zara konturatzen benetan zer esan nahi duen.

Gaztelaniaz ahalik eta zuzenen hitz egiten laguntzen diegu, komunikatu ahal daitezen. Gure eskolak, HHE (Helduen Hezkuntza) aurreko antzekoak dira; bertara ere joaten dira.

Gogoan duzu zure lehen eskola-eguna?

SBai. Oso erosoa izan zen. Material guztia eman zidaten eta oso gustura aritu nintzen. Handik gutxira, berriro jarri ziren nirekin harremanetan, irakasle-taldean sartzeko gonbita eginez. Konbentzitu egin ninduten…

...eta egun horretatik sei urte igaro dira.

Bai. Astelehenetan eta asteazkenetan joaten naiz: egun bakoitzean, bi ordu. Klaseen helburua ez da, adibidez, ‘zuzeneko osagarria’ azaltzea. Ez. Duten gaztelaniaren ezagutzari begira bideratzen dugu prestakuntza.

Zein dira klaseetara joaten diren pertsonen ezaugarriak?

Denetik dago. Analfabetoak, ikasketak dituztenak... Profil ezberdinak azaltzen dira, eta beren testuingurura egokitzen gara. Hiru maila izatera iritsi izan gara. Lan pertsonalizatuagoa da. Zailtasunak zailtasun, eskolara joatera animatzea, denbora aprobetxa dezaten saiatzea, komunikazioa, euren egoera duintzea, ikaskuntzan aurrera egitea… gure helburua.

Ikasleek zailtasun handiak dituzte; kale egoeran daude, edo Hotzaldin lo egiten dute, edo urruti ‘bizi’ dira eta eskolara oinez hurbiltzen dira… Oso errealitate gogorra. Gehienak, gizon gazteak dira, begirunetsuak, ikasteko gogo handia dutenak. Baina haien bizitzak ez dira batere errazak: beraien irrika lana aurkitzea da, beren herrialdean bizi diren senideei laguntzea...

Sei urte daramatzazu boluntario lanetan. Zer ikasi duzu denbora honetan guztian?

Asko jaso dut. Berea ez den beste herrialde batean komunikatzen irakasten aritzeaz gain, atsegina da haien egoera soziala pixka bat eramangarriagoa egitea. Ez-jakintasun handia dago pertsona hauen eguneroko bizimoduaren errealitatearen inguruan: nola bizi diren…

Pandemia, gainditu gabeko irakasgaia?

Klaseak ere baldintzatu dituen garai arraro eta gogorra bizi dugu. Beraiek gogoan izan ditugu beti, eta aukera izan genuenean, jarduera martxan jarri genuen. Apiriletik ekainera arte eman genituen eskolak, eta laster ekingo diogu lanari berriz. Irakasle taldea, Begoñak, Maria Jesusek, Caminok, Anselmak, Aliciak eta nik osatzen dugu.