fbpx IRA24: Etxebizitzarako eskubidea | Caritas Gipuzkoa Skip to main content

Duela gutxi arte, Omar "etxerik gabeko pertsona" bat zen, ikusezina zen norbait, jendartean izenik ez zuena, zenbaki bat bizitegi-bazterketaren estatistiketan.

Caritasen, Omar bere bizitzaren alde borrokatzen den ametsdun gaztea da, Gipuzkoako beste 1.747 pertsona bezala, Eustaten azken txostenaren arabera.

Omarrek 14 urte baino ez zituen bere bizitzako erabakirik zailena hartu behar izan zuenean: Aljeriako iparralde menditsuko Kabilia eskualdeko bere herri txikia eta etxea atzean uztea. Bost anaia-arrebaren artean zaharrena, muturreko pobrezia-egoeran bizi ziren, egunero eta etengabe bizirik irauteko borroka eginez. Eskualdean bizi ziren indarkeriak eta ezegonkortasun politikoak are jasangaitzagoa egiten zuten egoera. Aukerarik ez zegoenez, eta etorkizun hobea eraikitzeko itxaropenarekin, Omarrek Europarako bidaia arriskutsuari ekitea erabaki zuen.

Erabakia hartu zuen gaueko amaren malko kontsolaezinak ditu Omarrek gogoan, bai eta aitaren kezka-aurpegiera ere; izan ere, hark anaia txikia galdu bait zuen bi urte lehenago, hamaika lagun zeramatzan ontzi batean. Agurraren zama gainean, Omarrek bidaiari ekin zion. Kamioietan eta oinez ibili zen, poliziaren eta militarren kontrolei izkin eginez, Orango kostaldera iritsi zen arte, Aljeriako bigarren hiririk handienera.

Oranen, aldirietan ezkutatu zen, zeukan apurrarekin bizirauten ontziratzeko une egokiaren zain. Astez, oso baldintza kaskarretan bizi izan zen, goseari eta etorkizunari buruzko ziurgabetasunari aurre egiten. Saiakera huts askoren eta migratzaileen etsipenarekin aberasten ziren mafien iruzurra jasan ostean, Omarrek, azkenik, txalupa batean lekua lortu zuen.

Mediterraneo itsasoa aurrean zuela, bere helburua Andaluziako kostaldera iristea zen, Almeriara, hain zuzen ere. Handik Frantziara jarraitu nahi zuen. Nerabea zen oraindik, oso diru gutxi zuen, eta ez zekien zer etorkizun zuen aurrean. Ontziaren hauskortasuna du gogoan, herrikidez beterikoa, eta haurtxoak besoetan hartuta zihoazen emakumeak ere bazeudela. Bi egun eta bi gau osoz, Omar beldurrak eta etsipenak jota egon zen Espainiako kostaldera, Almeriara, iritsi ziren arte.

Behin Espainian, adingabekoentzako zentro batera eraman zutela du gogoan. Ez, ordea, zegoen hiriaren izena. Omar errealitate berrira egokitzen saiatu zen bertatik, baina hemezortzi urte betetzerakoan, beste egoera gogor bati aurre egin behar izan zion: gazte migratzaile izateari atzerriko herrialde batean, lana eta etxebizitza aurkitu ezinik. Kalean bizitzea ez da batere erraza, hotzari, beldurrari eta goseari aurre egiten. Pixkanaka, Omar etengabeko antsietate-egoeran bizitzen hasi zen, kalean luzez bizi izandako pertsona askoren narriadura fisikoa, mentala eta jokabidezkoa ikusita. Etsi-etsian, bere etorkizunari bira bat emateko asmoz, Madrileraino auto-stop egin zuen, Frantziara iritsi eta etorkizun hobea aurkitu nahian.

Baina Omarrek Donostian amaitu zuen, hiri txiki batean, hainbeste desio zuen etorkizunaren alde borrokan jarraitzeko prest. Hamaika hilabetez, Anoetako futbol-zelai zaharraren inguruetan lo egin zuen, estadioa berritu eta gaueko aterpe txikia galdu zuen arte.

Denbora aurrea zihoan eta gizarte-zerbitzuek ez zioten irtenbiderik ematen. Babesa, aholkua, barrena arintzea eta amarekin harremana berreskuratzea behar zuen, jatekoaz eta seguru egoteko leku batez gain. Bederatzi hilabetez itxaron-zerrendan, eta kale gorritan, egon ondoren, Hotzaldin sartzea lortu zuen, Caritasen gaueko-zentroan. Bertan, egonkortasun pixka bat eta Bidelagun programako giza taldearen babesa aurkitu zituen. Horri esker, Omar egonkortu egin zen eta bide berri bati ekin zion: ikasten hasi zen eta praktikak ere egin zituen. Era honetan, bizimodu berri bati ekiteko aukera ireki zitzaion. Leku seguru gisa sentitu du Omarrek Hotzali, behar zuen babesa eskaini ziona, benetako etxe baten parekoa. Bertatik abiatuta, bere bizitzako beste alor batzuk berreraikitzen hasi da.

7 urte igaro dira Aljeria utzi zuenetik eta Omarrek bere ametsak lortzeko lanean jarraitzen du: lantegi batean egin nahi du lan, eta Gipuzkoa barnealdeko herri txiki batean bizi. Herritar bat gehiago izan nahi du. Gipuzkoar bat gehiago.

Duela gutxira arte, Omar "etxerik gabeko pertsona" bat zen, ikusezina, jendartean izenik ez zuena, zenbaki bat baino ez bizitegi-bazterkeriaren estatistiketan. Caritasen, Omar ametsak dituen gaztea da, bere bizitzaren alde borrokatzen dena.
Gipuzkoan beste 1.747 pertsona bezala
Eustaten azken txostenaren arabera.
Zergatik kontatzen dizugu Omarren historia?

Ikasturte honetan, Caritas Gipuzkoak etxebizitzan jarri du arreta, hain zuzen ere, Gipuzkoako gizartearen zati handi batek, baina, batez ere, zailtasun sozial edo/eta ekonomiko handienak dituzten pertsonek eta familiek etxebizitza eskuratzeko, hura mantentzeko eta hartaz gozatzeko dituzten zailtasunetan.

Alor horretako datuen errealitateak herritarrek bizi dutenaren eta komunikabideetan irakurtzen dutenaren isla dira: " bizitegi-bazterkeriako egoerek gora egin dute, baita gehiegizko gastuen ehunekoak ere (biztanleriaren %15,2 egoera horretan dauden etxeetan bizi da) ". Era berean, “Euskadin etxebizitza eskuratzeak dakarren kostuak gora egin du, bai alokairu-erregimenean, bai erosketa-erregimenean; eta etxebizitza ez-seguruak eta desegokiak ere gero eta ugariagoak dira” (EAEko biztanleriaren %4,7k etxebizitza ez-segurua du, eta % 8,5ek etxebizitza desegokia ).

Omarren historian bezala, etxegabetasuna etxebizitza eskuratzeko zailtasunen alderdi gogorrenetakoa da. Migrazio-fluxuen ondorioz, gainera, fenomeno hori eraldatzen ari da; izan ere, “gero eta ugariagoak dira gazte atzerritarrak, eta horrek azaltzen du neurri handi batean, etxegabeen ugaritzea, ez bakarrik Euskadin “. 2028 eta 2022 bitartean, etxegabeen kopurua %25 hazi zen Donostia. 50.000 biztanletik gorako gainerako udalerrietan ere nabaria da igoera, are handiagoa Errenterian eta Irunen” . Hortaz, “etxegabe kopuruaren igoeraren parte handi bat atzerritar etxegabeen kopuruak gora egitearen ondorioa da”. Gipuzkoan, 1.700 pertsona baino gehiago daude etxerik gabe.

FEANTSAk (Etxerik Gabeko Pertsonekin lan egiten duten erakunde nazionalen Europako Federazioak) emandako etxegabetasunaren definizioa gurea egiten dugu, Caritas Konfederazioa ere erakunde horretako kide baita: etxerik gabeko pertsonek “ezin dute bizitoki egokia, beren beharretara egokitua, iraunkorra eta bizikidetzako inguru egonkorra eskainiko diena eskuratu edo mantendu, arrazoi ekonomikoengatik edo/eta beste oztopo sozialengatik, edo/eta zailtasun pertsonalak dituztelako bizimodu autonomoa izateko”.

Caritasen “etxebizitza funtsezko espazioa dela badakigu, sozializaziorako ezinbestekoa, gizarte baten parte izateko, hau da, etxebizitza lehen mailako gizarteratze-faktorea da”. Egia da etxebizitza «premia» gisa ikusteko ohitura dugula, dimentsio «sozial» nabaria duen premia gisa ere. Baina ezin gara mugatu behar sozial horren ikuspegi sinplista batera. Caritasen etxea, bizitokia eta etxebizitza giza eskubidea dela defendatzen dugu, berezko eskubidea, duintasun osoko bizitzarako beharrezkoa dena”.

Etxebizitza bizitoki bat baino gehiago da. Bertan, oinarrizko premiak asetzen dira (elikadura, zaintza pertsonala...), baina horretaz gain, atsedenerako, intimitaterako, familia-harremanetarako, ingurunean parte hartzeko, sustraiak egiteko eta identitate sozialerako espazio bat ere bada.

Kanpaina honen eslogarekin, pertsona orok etxebizitzarako eskubidea duela nabarmendu nahi du Caritas Gipuzkoak, ikuspegi unibertsal batetik abiatuta, Omarrek eta hura bezalakoek etxebizitza eskuratzeko dituzten oztopo sozial, ekonomiko eta administratiboak ezabatu ditzagun. Etxebizitza bat eraikitzeko aukera izan dezaten.

Caritas Gipuzkoa etxegabetasunaren aurrean

Etxerik gabeko pertsonen garapen integrala sustatzeko eta haien behar oinarrizkoenak asetzeko, Caritas Gipuzkoak hainbat programa edota zentro ditu.

Guztien helburua da behar materialekin laguntzea baina, batez ere, pertsonak ahalduntzea eta euren autonomia sustatzea, laguntza psikosozialaren bidez. Zeregin horretan dihardute Bidelaguneko profesionalek eta boluntarioek; gaztelaniako eskolak ematen dituztenek; Hotzaldi gaueko zentroan, Aterpe eguneko/gaueko zentroan eta jantoki sozialean lan egiten dutenek; eta Sorabilla, Trintxer eta Emeki egoitza-zentroetan. Azken honek, bereziki, etxerik gabeko emakumeei arreta ematen die.

Hala ere, Caritas Gipuzkoak kezkaz ikusten du gure inguruko etxegabetasunak gorakada, hortaz, administrazio publikoei eta gizarte zibilari dei egiten diegu, guztion artean, Omar bezalako pertsonen benetako inklusioa lortu dezagun, etxegabetasunari aurre eginez.

Zer proposatzen diegu administrazio publikoei?

Errealitate honi modu integralean heltzeko, funtsezkoa da Administrazio publikoek neurri gehiago hartzea eta laguntza gehiago ematea gure lurraldean etxegabetasunak izan duen hazkundearen aurrean.

Udal, foru eta erkidegoetako gizarte zerbitzuen arteko koordinazio eraginkorragoa ezartzeko deia egiten dugu. Horretarako, beharrezkoa da babes publikoko sistemen (gizarte-zerbitzuak, osasuna, hezkuntza, enplegua, diru-sarreren bermea, etxebizitza) eta hirugarren sektorearen arteko lankidetza hobea eta eraginkorragoa artikulatzea, pertsonak gizarteratzeko prozesuari laguntzeko eta eusteko gai izango diren laguntza koherenteen sarea sortzeko helburuarekin.

Urgentziazko zerbitzuetarako sarbide azkar eta eraginkorra bermatu behar da. Horretarako, errolda erraztea beharrezkoa da eta harrera-zentroetara sartzeko itxarote denborak laburtzea, gizarte eta hezkuntza-laguntza emanez, kalean bizi diren pertsonak etsipenenean eror ez daitezen. Harrera-zentroek, oinarrizko beharrak asetzeaz gain (hala nola elikadura edo higiene pertsonala), gizarteratzeko orientazio integrala lortzeko leku segurua eskaintzen dute, eta pertsona askorengan etorkizun-itxaropenik ezak eragiten duen antsietatean erortzea saihesten du.

Eskakizun hau 2024-2028ko Bizitegi Bazterketa Larriaren Aurkako II. Euskal Estrategiarekin bat dator honako behar hau jasotzen baitu: “politika publikoen bidez, kolektibo espezifikoei bermatu behar zaie etxebizitza eskuratzeko aukera, hala nola gazteei eta migratzaileei, programa jakin batzuen bidez, etxea mantentzeko beharrezko tresnak dituztela ziurtatuz”.

Eta Gizarteari: Zuk, zer egin dezakezu?

Aurreiritziei datu errealekin erantzun, eta etxerik gabeko pertsonen kriminalizazioa, etxegabe izate hutsagatik, ez onartu. Kasu askotan, pertsona hauen jokabidea gaitzesten da espazio publikoak okupatzeagatik soilik edo/eta bizitzeko lekurik ez izateagatik. Pobreziaren kriminalizazioa bidegabea da baina, gainera, arazoa larriagotu egiten du, etxerik gabeko pertsonen egoera gordinagoa eginez. Honelako politiken aurka egin behar dugu eta erakundeei giza eskubideetan oinarritutako ikuspegian sakondu dezatela eskatu, etxerik gabeko pertsonen babesa lehenesten, haien kriminalizazioaren ordez.

Etxegabetasunaren aurkako borroka gizarte osoaren erantzukizuna da. Pertsona bakoitzak, bakarka, etxerik gabeko pertsonen egoera hobetzen lagun dezake, boluntariotzaren bidez, ekimen sozialak babestuz, edo, besterik gabe, kalean bizi direnekiko enpatia eta errespetua erakutsiz. Elkartasuna eta laguntza komunitarioa ezinbestekoak dira gizarte inklusiboago eta justuagoa eraikitzeko, non pertsona guztiek duintasunez bizitzeko aukera izango duten.

Etxerik gabeko pertsonak ez dira estatistiketan agertzen diren zenbakiak soilik, bakoitzaren atzean istorio bat dago, borroka bat eta amets bat. Etxegabetasuna ez dugu baldintza iraunkor gisa ulertu behar, baizik eta babes egokiarekin atzean utz daitekeen egoera gisa. Gizarte gisa, historia horiei ikusgarritasuna eman behar diegu, herritarrak sentsibilizatzeko eta etxegabetasuna ulertzeko eta lantzeko moduan aldaketa eragiteko. Eta hau gure ingurune hurbiletik hasita egin dezakegun zerbait da.