Skip to main content
"Norabide berean eman behar ditugu pedalkadak denok"
"Norabide berean eman behar ditugu pedalkadak denok"
txiper

Txirringak atontzen aritzen dira. Bakoitzaren gustuaren arabera ‘tuneatzen’ dituzte. Eta nola gainera! Txiperrekoak aztiak dira horretan! Aritz Martiarena (Irun, 1978) proiektuaren koordinatzailea da. Iker Betelurekin batera, Txiperreko tandemean, jo ta su ari dira gazte talde baten laguntzarekin. Egitasmoa martxan jarri zenez geroztik, 46 gazte igaro dira proiektutik.

 

Zenbat urte daramatza zabalik Txiperrek?

CARITAS GIPUZKOAren Sarea fundazioak sustatuta, eta enplegagarritasuna lantzen duen Aukera proiektuaren barruan sortu zen Txiper. Iruñeako udaleko txirringa batzuk margotuz ekin genion lanari. Ondoren erabaki genuen, eguneko zentroa beharrean, lan-aurreko tailerra bihurtzea. Eta horren ondorioz, 2015 urtean, Txiper jaio zen.

 

Bizikleten pintura pertsonalizatua. Hori al da Txiperren egitekoa?

Hori baino gehiago da! Azken finean, Txiperren barruan, ‘Meta’ galdaragintza dago: maila tekniko eta gaitzaile batetik trebakuntza lantzen duen lan-ohituretako zentroa. Hau da, gazteei, formakuntza ezberdinak eskaintzen dizkiegu. Elkarlanean aritzen garen enpresei esker lan munduan sartu daitezen: Ekograseko kontenedoreak… margotuz. Eta, bestalde, Txiperren bidez, txirringak pertsonalizatuz.

 

Nor aritzen da zuen proiektuetan lanean?

Parte hartzaileak, une honetan, gehienak, CARITAS GIPUZKOAko Sorabilla bazterketa arriskuan dauden gazteei sozializazio zein emantzipazio prozesuan laguntzen dien harrera etxea– eta Bidelagun gizarte eta egoitza bazterkeria egoeran dauden pertsonei laguntza luzatzen dien programa– proiektuetako gazteak dira. Erregularizazio egoeran daude; erroldaren bidez, hemen zenbat denbora daramaten jakin, eta horren baitan, hiru urteko formakuntza planifikatzen da bakoitzari egokitutako prozesu baten arabera.

 

Astelehenetik ostiraletara?

Bai. Ordutegia, 08:00etatik 13:00etara da. Eta arratsaldeetan parte hartzaileek Helduen Hezkuntzara (HHE), edota lanbide ikastaroak egiten dituzte. Une honetan zazpi ikasle ditugu Txiperren.

 

Txirringak egokitzea garrantzitsua da baina formakuntza ezinbestekoa.

Noski. Gazteek, goizean zehar Txiperren lan ezberdinak egiten dituzte, gai teknikoak praktiken bidez erakusten dizkiegu. Eta arratsaldeetan, berriz, ikastaro ezberdinetara joaten dira: soldadura… Bakoitzak bere prozesua darama. Badira gure artean sei hilabete egiten dituztenak, edota urte terdi… Formakuntzak ez du bukaera data zehatzik; bakoitzaren pausoen araberakoa da.

 

Lehen aldiz Txiperren lur hartzen duen gazte batek, zerekin egiten du topo?

Prozesuaren lehen urratsa: elkarrizketa baten bitartez Txiperren berri ematen diogu. Ondoren non arituko den erabakitzen da: biniloetan, txirringak lixatzen edo margotzen… Behin, pauso horietan jardun ondoren beste lan batzuetan aritzen da.

 

Txirringa hartu eta, irakatsi eta ikasi?

Bai. Azken batean, bizikletan, bezeroaren nahia gauzatzea da: bere asmoaren diseinua, inprimazioa, margoketa, berniza ematea…

 

Gazte batek, adibidez, bi hilabete Txiperen daramatzanean, zer adierazten du?

Balorazioa oso positiboa da. Beraientzat egiteko ezinezkoa zirudiena aurrera eramateko gai direla ikusten dute. Horrez gain, oso garrantzitsua da ere ‘saltsero samarra’ izatea. Hau da, gaitasuna badute, adibidez, soldadura ikastaro batera salto egiteko aukera gehiago dituzte. Beraz, aurrera jarraitzeko animatzen ditugu.

 

Eta zein da prozesuaren egungo egoera?

Badira gaitasunak dituztenak; horiek ziklo ertain edo goi mailakoetara bideratzen ditugu. Gaitasun urriagoak dituztenekin beste irtenbideak lantzen diegu. Bakoitzaren egoerara egokitzen gara. Guk ere, beraiekin, asko ikasten dugu.

 

Zuk zer ikasi duzu?

Ez dagoela traje berbera inorentzat. Puntadaz puntada joan behar dugu, egunez egun, egokitzen.

 

Zein da gazteen jatorria?

Anitza. Beraien errealitatea oso gertu ikusten dugu. Inplikazioa, hain handia da, azken finean bere jatorria urruti dagoelako, lotura handia egin dugu. Gabonetan, edo data berezietan, ikaslea etxera ekarri eta familiakoa sentitzen duzu.

 

Beraz, irakasle-ikasle harremana horizontala bihurtzen da.

Bai! Azken finean beraien prozesuko laguntzaileak gara eta norabide berean pedalkadak eman behar ditugu denok.

 

Errealitate gordinak bizi izan dituzten gazteekin ari zarete lanean.

Bai. Badugu gure artean, adibidez, Senegaleko gazte bat. Hiru urte behar izan zituen bere herritik hona iristeko: basamortua zeharkatu… Bizi izan dituzten errealitateak ez dira batere samarrak.

 

Nolakoa da beraien jarrera?

Positiboa. Etorkizun hobeago bat lortu nahi dute. Beraz, gaitasunak lantzen aritzen gara, besteak beste.

 

“Pertsona bakoitza bakarra da. Norberaren bizikleta ere izan daiteke”, dio Txiperren mezu batek.

Pertsona bakoitzak ere bere ibilbidea egin behar du, eta gurekin jarraitu nahi ez badute, askatasun osoa dute pauso hori emateko. Lan munduan murgiltzea da gure proiektuaren helburua. Horretan dihardugu.

 

Hiru urteren ostean, gazteek, egin al dute salto lan mundura?

Bai, noski. Elkarlanean gabiltzan enpresa batek eskaintza egin zion gure gazteetariko bati: urtebeteko kontratuari esker bere egoera erregularizatu ahal izan zuen.

 

Lorpen hori, txirrindulari itzuli handi batean, etapa bat irabaztearen pare al da?

Askoz gehiago! Kirol lorpenak garrantzitsuak dira baina era honetako prozesu batean etorkizun bat eskaini ahal izateak, ez du parekorik. Gure ikasleak, hain gazteak ez direnez, hemengo 16-17 urteko gazteek baino denbora gutxiagoan, bizpahiru urtetan, ikasi behar izaten dituzte gauza berberak. Horrek neke fisiko eta mental handia eragiten duenez badira bidean geratzen direnak…

 

BNI izeneko New Working taldean, enpresa sare bat, parte hartzen ari da Txiper.

Bai. Gazteek praktikak, etab. egin ditzaten, enpresetara bideratzen ari gara. Ea lan munduan sartzeko aukera duten.

 

Txiper hamaika kirol ekitalditan egon da.

Hawaiiko Iron Man-ean, baita Tourrean eta Espainiako Itzulian ere. Bezero ezberdinek Txiperren atondutako bizikletak erabili dituzte lehia ezberdinetan parte hartzeko. Hori oso pozgarria da guretzat. 

Amador Granados (argazkian) txirrindulari paralinpikoak, adibidez, 2016ko Rioko Olinpiadetan brontzeko domina eskuratu zuenak, Txiperren atondutako txirringarekin lortu izanak, guretzat, balio erantsia du. Handik bueltan bisitan etorri zitzaigun Txiperrera, eta gure gazteekin batera argazkia atera zuen. Bikaina!

Edota Eukene Larrartek, 2019ko pistako Espainiako txapeldunak, ere gure txirringa erabiltzeak, poz berezia sortzen digu. Mitchelton-Scott taldeko Esteban Chavesek, bestalde, bere txirringa margotu izanagatik, Espainiako itzulian irabazi zuen etapako maillota sinatuta bidali zigun. Badugu beste maillot bat ere sinatua: Mikel Nieve (Mitchelton- Scott) leitzarrarena.

 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.