Skip to main content
“Proiektuaren helburua, garapen pertsonala, eta aukera sozio-laboralak suspertzea da”
“Proiektuaren helburua, garapen pertsonala, eta aukera sozio-laboralak suspertzea da”
XABIER JORRIN

Xabier Jorrin (Azpeitia, 1971) CARITAS GIPUZKOAko Ekonomia Solidarioaren arduraduna da. Donostiako Altza auzoan, erakundeak, baratze bat du. Oso oparoa, bai parte hartzaile eta bai boluntarioei dagokionean. Eta landutako produktuetan, zer esanik ez!

 

Zein dira Altzako baratzako ezaugarriak?

Lur eremua zabala da. Guztira 5.000 metro karratu ditu, eta proiektua, astean, hiru egunez (astelehen, asteazken eta ostirala), 09:30tatik 12:30etara egoten da martxan.

 

Eta zein da proiektuko partaideen profila?

CARITAS GIPUZKOAk laguntzen dituen pertsonak dira. Batez ere, bazterketa egoera arriskuan daudenak, etorkinak…

 

Zenbat lagun ari dira proiektuan parte hartzen?

Momentu honetan 12-15 partehartzaile ditugu, eta baita 9 boluntario ere.

 

Edonor izan daiteke partaide?

Bai. Parrokietako Caritaseko taldeetan egiten dira baratzarako gonbidapenak, eta ondoren, parte hartzailearen ibilbide pertsonala adosten da. Proiektu hau, gogotsu hasi nahi duen edonorentzat dago zabalik.

 

Zein da egin beharreko bidea?

Parrokietatik interesa duen pertsonaren berri helarazten didate, eta, neronek azaltzen diot jakin-nahia duenari elkarrizketa batean baratzearen nondik norakoa: araudia eta helburuak.

 

Ze baldintza bete behar ditu baratzeko proiektuan interesa duenak?

Parte hartzailea, barazkigintza gogoko, edo nola lantzen den ikasteko jakinmina… izatea. Gure baratzea modu ekologikoan lantzen da naturarekin errespetuzko harremana mantenduz. Proiektuaren helburua, garapen pertsonala, eta aukera sozio-laboralak suspertzea da. Baina batez ere, pertsona ezberdinez osatutako talde batean txertatzeko gogoa izatea.

 

Nork kontsumitzen dituzte produktuak?

Alde batetik parte hartzaileek; lantzen dutena etxera eraman dezakete. Eta bestetik, kanpora begira, salmentan produktuak erosten dituztenak.

 

Zer landatzen da baratzean?

Garaian garaikoak produktuak. Euskal Herrian negua luzea eta argi gutxi izaten da, eta kanpoko partean ez da gauza handirik hazten. Pasa den azaroan ez genuen ia eguzkirik ikusi; euria besterik ez baikenuen izan. Hala ere lurra oparoa da eta brokoliak, azaloreak, azak, porruak, etab. landatzen ditugu.

 

Proiektuak negutegi bat ere badu.

Bai, eta bere babesean letxu mota desberdinak, ilarrak, babak, azelgak, espinakak, azenarioak, etab. biltzen ditugu. 

 

Aurki urtebete beteko du ekimenak.

Orain, otsailean egingo du urtea baratzea martxan jarri genuela, eta udaberrian egindako lanari esker, pasa zen udan, lehendabiziko uzta, ederra, jaso genuen: kalabazak, kalabazinak, erremolatxak, italiar eta Ibarrako piperrak, kipula, bainak, babarrunak, azenarioak, patata gorri eta txuriak… A, eta Cherry tomateak, primerakoak atera ziren!

 

Proiektuan boluntarioak ere aritzen dira. Zer lan egiten dute?

Arlo desberdinez arduratzen dira, bakoitza bere zaletasun eta ezagutzen arabera. Batez ere hiru lan egiten dituzte: baratzan zer landu behar den dakitenak, pertsonen jarraipena egiten dutenak (parte hartzea, jarrera, dituzten beharrak…), eta, logistika eta saltzeko otarrak nola prestatu eta banatzeaz arduratzen direnak. Oso garrantzitsua da egunero alor hauek zainduko dituzten boluntarioak izatea.

 

Boluntario premiarik ba al du baratzea proiektuak?

Bai. Talde ederra dugu, oso partehartzailea baina egiteko lan asko dagoenez laguntzeko prest dagoen edonor da ongietorria. Baratzean aritu nahi duzula boluntario bezala? Jarri gurekin harremanetan 943440744 telefonoan edota ekonomiasolidarioa@caritasgi.org postakuntxan.

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.