8. fitxa
ETIKA AKONPAINAMENDUAN
Otoitz egiten dugu
Jesus Oliamendira joan zen. Biharamunean, egunsentian, tenplura itzuli zen, eta herri guztia etorri zitzaion. Jesus, eseririk, irakasten hasi zen. Orduan, lege-maisu eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri zioten. Erdi-erdian ipiniz, Jesusi esan zioten:
– Maisu, emakume hau adulterioan ari zela harrapatu dute. Moisesen legeak harrika hiltzea agintzen digu; zuk zer diozu?
Galdera azpikeriaz egin zioten, hura salatzeko aitzakiaren baten bila. Jesus, alabaina, makurturik, atzamarrez lurrean idazten hasi zen. Haiek, ordea, galdezka jarraitu zuten eta, azkenik, Jesus zutitu eta esan zien:
– Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurti diezaiola lehen harria.
Eta berriro makurturik, lurrean idazten jarraitu zuen. Haiek, ordea, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziren, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zen, emakumea aurrean zuela. Jesusek zutitu eta esan zion:
– Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork ere gaitzetsi?
Hark erantzun zion:
– Inork ere ez, Jauna.
Orduan, Jesusek:
– Nik ere ez zaitut gaitzesten; zoaz, eta ez egin berriro bekaturik.
Gogoeta egiten dugu
Etikak gure akonpainamenduan egon behar du. Batez ere, kalterik ez egitearen laguntza-harremanaren printzipio etikoaz ari gara, hau da, nahita kalterik ez egitea. Honek "Ez egin besteei zuri egitea gustatuko ez litzaizukeena" urrezko arauari erantzuten dio.
Barne hartzen ditu arduragabekeria, maltzurkeria, ezjakintasuna saihestea, konfidentzialtasuna errespetatzea, norberaren edo besteen kalte fisikoa saihestea, sufrimendurik ez eragitea, ez iraintzea edo gutxiestea, ondasunik ez kentzea, edo/eta gaitasunik edo askatasunik ez murriztea.
- Baldintzarik gabeko errespetua: pertsona guztiak errespetuz eta begirunez tratatzea, haien egoera ekonomikoa, soziala edo pertsonala edozein dela ere.
- Beste pertsonaren aitortza: berez baliotsua dena. Bere nortasun pertsonala eta bakarra, bere gaitasunak eta lorpenak aitortzea, bere eskubideak eta munduari egiten dizkion ekarpenak
- Entzute aktiboa eta parte-hartzea: pertsonak akonpainamendu- prozesuan inplikatzea, haien ahotsa eta beharrak entzungo eta errespetatuko direla ziurtatuz. Horrek, pertsonak ahalduntzeaz gain, kalte egitearen aukera murrizten du, esku-hartzea haien errealitatearekin eta itxaropenekin lerrokatzen baitu.
Gure buruei galdetu
1. Zure egunerokoan, aipatu al ditzakezu “zuri egitea gustatuko ez litzaizukeena besteei ez egitea” urrezko araua kontuan hartzen duzun pertsonak, uneak edo egoerak?
2. Identifika al ditzakezu arau hori jarraitzea eragozten dizkizuten zailtasunak? Irtenbiderik proposatu dezakezu?
Gogoratzeko
“Zenbat hitz bihurtu diren gogaikarri sistema honentzat! Gogaikarria da etikaz hitz egitea, mundu mailako elkartasunaz, gogaikarria da ondasunen banaketaz aritzea, lan-iturriak zaintzeaz, gogaikarria da pertsona ahulen duintasunaz hitz egitea, baita justiziaren aldeko konpromisoa eskatzen duen Jainkoaz aritzea ere” (EG 203)
Glosario, musika eta eranskina
AA: Apostolicam Actuositatem - Vatikano II. kontzilioko dekretua, laikoen apostolutzari buruzkoa (1965)
CDSI: Elizaren Doktrina Sozialaren laburpena.
EG: Evangelii Gaudium - Francisco aita santuaren apostolu-erregua Ebanjelioa egungo munduan iragartzeari buruz (2013)
FT: Fratelli Tutti - Francisco aita santuak anaitasunari eta adiskidetasun sozialari buruz idatzitako enklizika (2020)
LS: Laudato Si’ - Francisco aita santuaren entziklika etxe komunaren eta ingurumenaren zaintzari buruz (2015)
- ‘Jainkoa geurekin dugu’ Juanjo Elezkano
- ‘Dena da zeurea’ Juanjo Elezkano
- ‘Errukitsua da geure Jainkoa’ Juanjo Elezkano
- ‘Maitasun mezulariak’ Juanjo Elezkano
- ‘Poz-pozik’ Juanjo Elezkano
- ‘Maria da Jainkoaren ama’ Juanjo Elezkano
- ‘Zatoz Espiritu Santua’ Juanjo Elezkano
- ‘Eskerrik asko, Jauna’ Juanjo Elezkano
- 'Jesus, benetako adiskide’ Juanjo Elezkano
Anexo
"Benetan entzuteko artea landu behar dugu, gure belarrietatik sartzen denaz jabetzea baino gehiago dena. Bestearekiko komunikazioan, bihotzak hurbiltzeko gaitasuna lehenetsi behar dugu" (EG 171)
Elkarrizketa bat egituratzen lagun diezazuketen galdera ireki batzuk eskaintzen dizkizugu, pertsonen kezkak, ahalmenak eta ametsak ulertzen lagungarri izan nahi dutenak. Agian dagoeneko erabiltzen dituzu Caritasen egiten duzun lanean.
Topaketa aldez aurretik prestatzea beharrezkoa da beti, elkarrizketa erraz, arautu eta egituratu bat antolatuz. Honek beste pertsonarekin hizketan hasteko aukera emango digu, itaunketa gisa galdetzea saihestuz.
Halaber, garrantzitsua da agurra, ongietorria eta aurkezpenak zaintzea, irribarreak ez ahaztea eta elkarrizketa hastean gutxieneko datu-bilketa egitea (inoiz hiru baino gehiago).
- Zerk kezkatzen zaitu?
- Nola lagundu zaitzakegu?
- Zer pentsatu duzu egoera honi aurre egiteko? Zein dira zure bizitza-proiektuak?
- Nola zaude?
- Zer gustatuko litzaizuke egitea?
- Zertan zara ona edo zer gustatzen zaizu egitea? Zeintzuk dira zure zaletasunak?
- Zertan duzu interesa? Nola dago zure familia?
- Nortzuk dira zure lagun onenak eta zein harreman duzu haiekin?
- Nola sentitzen zara bizi zaren auzoan?