SARRERA
Bigarren txosten honen bidez, CARITAS GIPUZKOAk Ukrainako larrialdi humanitarioarekin zerikusia duten jardueren berri eman nahi du.
Ekintza horien bidez, beren herrialdean edo mugetan gerra lehen pertsonan pairatzen ari direnen sufrimendua arindu nahi da, baita gure lurraldean bideratzen ari garen laguntzak ere.
CARITAS GIPUZKOAren jarduera-ildoak:
UKRAINAN
Bigarren laguntza humanitarioa gatazka eremuan: 100.000 euro.
GIPUZKOA
Erakundeen arteko koordinazioa
CARITAS GIPUZKOAk administrazio publikoekin koordinatzen jarraitzen du, eta erakundeen arteko mahaietan parte hartzen du beste gizarte-erakunde batzuekin batera, Ukrainako pertsonak gure herri eta hirietara iristean aurreikusten diren beharrizan berriak entzuteko.
Entzuteko jarrera, laguntza-ekintza zehatz bihurtu dugu, adibidez, larrialdiko ostatu-plazak eskainiz, eta plaza egonkorrak ere premia hori bete gabe iristen diren familientzat.
Parrokiako harrera sarea
Nola artatzen ditu CARITAS GIPUZKOAk Ukrainatik datozen, eta gure hirietara eta herrietara iritsi diren eta gizarte laguntza behar duten familiak?
CARITAS GIPUZKOAk, egungo larrialdi humanitarioaren esku jarri ditu parrokietako Caritas sarea, eta gizarte eta ekonomia baliabideak, eremu desberdinetan babesa behar duten Ukrainako familiak laguntzeko: informazioa, orientazioa eta oinarrizko beharrak asetzeko dirulaguntzak, besteak beste.
Txosten honen bitartez sarearen funtzionamendua azaldu nahi dugu, hiritarrengandik jaso ditugun galderei erantzuteko. Hau da, CARITAS GIPUZKOAko gizarte arretaren gakoak eta gizarte laguntzak agerian jartzea.
Nolakoa da Caritasen laguntza lana?
Parrokiako Caritas bat dago Gipuzkoako auzo edo herri bakoitzean. Harrera ordutegia CARITAS GIPUZKOA webgunean dago eskuragai (“Behar gaituzu?” atalean), edo, zalantza izatekotan, 943 44 07 44 telefono zenbakira deitu.
Parrokiako sarean problematika desberdinek kaltetutako pertsonak artatzen, entzuten eta babesten dira, eta eska ditzaketen laguntza eta baliabide publikoei buruzko informazioa eta orientazioa eskaintzen zaie. Ukrainatik datozen familien kasuan, administrazioak gizarte harretarako martxan jarri dituen baliabideei buruzko informazioa ematen zaie. Gizarte erakundeen eta administrazio publikoaren arteko koordinazioa eta lankidetza berreskuratu nahi dugu, ezinbestekoa baitira era honetako larrialdi humanitarioak gertatzen direnean.
CARITAS GIPUZKOAk Ukrainatik etorritako familiak artatuko ditu beharren bat asetzeko laguntza ekonomikoa behar izatekotan?
Bai, beharrizan egoeran dagoen edozein pertsona edo familiarekin egiten dugun bezala. Gizarte egoeraren berri izan ondoren, Ukrainatik etorritako pertsonak eta familiak artatu eta beren beharrizanak asetzen lagunduko ditugu (materialak edo ekonomikoak izan, edota gizarte laguntza edo laguntza emozionala behar badute).
Gipuzkoan gizarteratzeko eta berregokitzeko prozesuan lagunduko ditugu, eman behar dituzten lehenengo urratsetan: nazioarteko babesa izapidetzea, errolda egitea, hezkuntza eta osasunerako sarbidea, etab. Halaber, izan ditzaketen oinarrizko beharrak asetzeko laguntza ekonomikoa ere eskainiko diegu.
CARITAS GIPUZKOA prest dago familia horiek artatzeko?
Caritasek beharrizan egoeran dauden pertsonei eta familiei gizarte arreta emateko funts propioak ditu. Guztia, parrokietako komunitateen eta, bazkide eta emaileen laguntzari esker.
Caritasek gizarte oinarria ere badu (Parrokietako Caritasak), eta hurbiletik jarraitzen dituzte familien beharrak auzoetan, herrietan eta hirietan. Pertsonen autonomia errespetatuz eta indartuz, prozesuaren eta ahalduntzearen ikuspegitik entzuten eta laguntzen dute.
Zentzu horretan, uste dugu gerrak familientzako eragin duen haustura bortitzean gure ekarpena egin dezakegula: laguntza emozionala, eskola laguntza, gaztelania ikasteko laguntza, lanerako eta prestakuntzarako tailerrak, orientazio zerbitzuak eta laneratzeko laguntza. Hau da, CARITAS GIPUZKOAk kudeatzen dituen programa guztietarako sarbidea.
Laguntza horiek Ukrainatik etorritako familientzako dira bakarrik?
Noski ezetz. Beharrizan egoeran dagoen familia edo pertsona orok du laguntza horietarako sarbidea gizarte laguntzatik.
CARITAS GIPUZKOAK gizarte laguntza ematen du, eta hori da gure eguneroko lana Gipuzkoa osoko auzoetan. Larrialdi egoera horrek, bestalde, adi adi jarri gaitu, Caritasen programen eta baliabideen eta beste sare instituzional batzuen artean modu koordinatuan erantzuteko.
CARITAS GIPUZKOAk, krisi humanitario larri honetan, elkartasunerako ibaibide eta ubide izatea eskaintzen dio Gipuzkoako gizarteari. Dohaintzak Ukrainara zein parrokietako sarera bideratuko dira.
Hainbat bide erabil ditzakezu zure dohaintza egiteko.
- Bizum-a 38029
- Bete ezazu inprimakia: https://www.caritasgipuzkoa.org/
- Llama al 943440744
- Egin transferentzia gure kontuetan
- Kutxa: ES85 2095 5001 0710 6243 5374
- Laboral Kutxa: ES74 3035 0060 4106 0010 0001