
Urriro bezala, Caritasek Etxerik Gabeko Pertsonen egoeraren inguruko sentsibilizazio kanpainari ematen dio hasiera . Data hau baliatuz, Caritas Gipuzkoak gure inguruan dauden etxegabetasun egoerak eta etxebizitza-bazterkerian dauden emakume eta gizonei zuzentzen dizkien proiektuak ezagutarazteko aprobetxatu nahi du. Gure helburua pertsona hauek laguntzea da, euren bizi kalitatea hobetu dezaten eta, ahal duten heinean, autonomia-pertsonal eta gizarteratze prozesuak has ditzaten.
2023ko irailera arte, Caritas Gipuzkoak 758 pertsona lagundu ditu, horietatik:
- 681 gizonak dira (89,8%) eta 77 emakumeak (10,2%).
- Jatorriari dagokionez, 680 atzerritarrak dira (89,7%) eta 78 estatukoak (10,3%).
- Adinari dagokionez, 642k 44 urte baino gutxiago dituzte (84,7%) eta 116k 45 urte baino gehiago (15,3%).
Azken urtean gehikuntza txiki bat hautematen da, 2022. urte osoan 750 pertsona lagundu baikenituen.
Datu hauek erakusten dute etxegabetasunak gizonezkoei eragiten diela bereziki. Migranteak eta, kasu gehienetan, gazteak dira, honek zerikusia izan dezake gizarteratze-prozesuan errolda, etxebizitza, enplegu edota osasun-arreta izateko topatzen dituzten egiturazko zailtasunekin.
Etxerik gabeko pertsonen garapen integrala sustatzeko eta haien behar oinarrizkoenak asetzeko, Caritas Gipuzkoak bost proiektu ditu, guztiak laguntza psikosozialarekin: Hotzaldi, Aterpe, Trintxer, Emeki eta Sorabilla.
BOLUNTARIOEK BEREBIZIKO GARRANTZIA DUTE
Caritas Gipuzkoak nabarmendu nahi du etxerik gabeko pertsonen akonpainamenduan parte hartzen duten 236 boluntarioen lana. Oinarrizko gizarte eta harreman laguntza eskaintzen diete, eta, horrez gain, ingurune komunitarioekin duten lotura egonkorra dira.
Etxerik gabeko pertsona bat lo egiteko tokirik ez duen pertsona baino askoz gehiago delako. Familiarik, lagunik edota harreman estua izateko beste inor ez duen pertsona da. Laguntza-sare eza deitzen diogu honi. Zentzu honetan, Caritas Gipuzkoako proiektu eta zerbitzuak ahalegin berezia egiten ari dira parte-hartzea eta aisialdi inklusiboa sustatzeko, eta gizarte orokorraren eta etxerik gabeko pertsonen arteko espazio partekatuak sortzeko. Honen adibideak dira, besteak beste, Hotzaldin lo egiten duten gazteak Zinemaldira joan izana; Txinter-Emekin bizi diren pertsonak San Telmo museora joan izana edota Bidelagunek artatutakoak Salto enpresaren urteroko lasterketan parte hartu izana.
“EZ UTZI ESTALDURARIK GABE GERA DAITEZEN”
Testuinguru honetan, Espainiako Caritasek “Zure sarea partekatu. Ez utzi estaldurarik gabe gera daitezen” leloa aukeratu du 2023. urteko kanpainarako. Caritas Gipuzkoak bat egiten du gizarteari egiten dion dei zuzen honekin etxerik gabeko pertsonen gizarteratzearen alde egin ditzakegun keinu errazak azpimarratuz. Epaitu gabe begiratzeak, agurtzeak, “zer moduz zaude gaur?” galdetzeak edota keinu jator batek asko egin dezakete laguntza-sarerik ez duten pertsonen ongizatean.