fbpx ALFABETATZEAREN NAZIOARTEKO EGUNA | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
ALFABETATZEAREN NAZIOARTEKO EGUNA
ALFABETATZEAREN NAZIOARTEKO EGUNA
material escolar en mochila

Txikienak pixkanaka-pixkanaka ari dira ikastetxeetara joaten, hilabeteak joan ezinik igaro ondoren. Covid-19ak hurrengo hilabeteetan euren hezkuntza baldintzatuko du, alfabetatzea, alegia. Erronka garrantzitsuak ditugu aurretik.

"Beharrezkoa da alfabetatze integratzaile deritzona garatzea, gure gizarteetan gertatzen ari diren eraldatze-prozesuak egokitzen jakingo duena. Alfabetatze-prozesu horrek aldi berean pertsona gisa osatzen gaituzten hizkuntzak integratzea eskatzen du. Hau da, hezkuntza, alfabetizazioa, adimena, burua, estimua, bihotza, ekintza, eskuak integratu eta harmonizatuko dituena". (aita Frantzisko) Badugu lanik. Ekin diezaiogun.

 

“Saiatzen naiz, nolabait, buruak martxan jartzeko ariketa batzuk proposatzen”

 

Isabel Mujika Largizabal (Buenos Aires, 1949). Irakasle ohia. Bere lan ibilbidean, ingelesa eman zuen batik bat baina azken urteetan, Helduen Heziketan, baita euskara eta gaztelania ere. “Jubilatu ondoren, pentsatuak nituen asmoez gain, besteekiko ere zerbait egin behar nuela deliberatu nuen”, dio Isabelek. Duela dozena erdi urte, CARITAS GIPUZKOAko boluntarioa da Lamorusen; gizarte eta bizitegi bazterketa pairatzen duten pertsonei lanerako heziketa eta prestakuntza eskaintzen zaien gunea.

 

Zerk deitu zizun atentzioa Lamoruseko boluntario izateko?
Irakaskuntzan aritua naiz, eta proiektuko partaideei laguntzeko asmoz ekin nion. Lamorus, niretzat, jendearekin egoteko leku bat da. Astean behin, asteazkenean, goizean, bizpahiru orduz joaten naiz bertara. Nirearekin konparatuta, beste batzuek bizimodu zail-samarrak izan dituztela ikusteko aukera izan dut. Halere, aurrera egiteko ilusioa ere ikusteko aukera izan dut bertan. Han aritzen naiz eurekin elkarlanean.

Zer irakasten diezu Lamoruseko parte hartzaileei?
Denetarik egin dut irakaskuntza arloan. Orain euskarako klaseak ematen ditut. Une honetan lau lagun ari dira euskara ikasten; lehen ingelesa piska bat ere eman nuen. Beste behin, DBHko agiria atera nahi zuen partaide bati laguntzen aritu ginen beste boluntario bat eta biok. Hark, zientziako gaietan laguntzen zion; nik, letretakoetan. Duela urte batzuk, Lamoruseko partaide batzuekin ‘Egunkari tailerra’ ere egin nuen. Hau da, albisteak irakurri, aztertu, eztabaidatu…

Nolako da beraien parte hartzea?
Bizitza zail samarra izan dute. Lamorusen esku-lana egiten dute, eta ikasgaietan jakinmina azaltzen dute; edozein gaik laguntzen die. Saiatzen naiz ez bakarrik euskararen inguruko hitzak, aditzak… erakusten, baizik eta nolabait, buruak martxan jartzeko ariketa batzuk proposatzen. Horrek, adin guztietakooi laguntzen digu.

Gaur, Nazioarteko Alfabetatzearen Nazioarteko eguna da. Egun, zenbait kolektiborentzat, alfabetatzea erronka al da?
Irakurtzen eta idazten jakitea ulertu izan da tradizionalki alfabetatzea. Lamoruseko partaideek, oinarri hori badute baina aspaldian landu ez dutelako sakonketa bat falta zaie gizartean ikusiagoak izaten lagunduko diena. Hau da, besteak bezala sentitzea.

Egin duten bidea, harri-txintxarrez josia egon arren, ikastaroen eskutik zer jasotzen dutela helarazten dizute?
Donostialdean, euskaraz lau hitz jakiteak besteak bezain beste izaten sentiarazten die. Gizarteko partaide. Euskaraz, galdera batzuei erantzuten jakiteak euren duintasunarentzat garrantzitsua da. Badirela adierazteko modu bat.

Zer ekarpen egin diezaioke CARITAS GIPUZKOAk alfabetatzeari?
Nirea ikastaro bat da baina alfabetatzea oso da garrantzitsua. Batetik, pauso txikiak izan arren, euren buruak intelektualki nolabait martxan izatea, eta bestetik errespetatuak direla sentitzea, niri, garrantzi handikoa dela iruditzen zait. Ni oso gustura nabil nire boluntario egitekoan Lamorusen. Bertan hasteak, alor hau lehen ez ezagutzeak, bizitzako zenbait ikuspuntu birplanteatu zizkidan. Ikaragarri ikasi dut bertan. Lamorusen boluntario izatea irakaskuntza handia izan da. Oso gomendagarria.

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.