fbpx BAT EGIN, ETA HARRESI ETA MUGAK ERAITSI | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
BAT EGIN, ETA HARRESI ETA MUGAK ERAITSI
BAT EGIN, ETA HARRESI ETA MUGAK ERAITSI
bat egin, mugak eraitsi

Ikasturte berriari ekitera goaz. Pandemiaren neke ekonomiko eta emozionalak, Ukrainako gerrak eragindako sinesgabetasunari, eta bizi dugun energia eta klima-krisi sakonari gehituta, ziurgabetasun eta mesfidantza handia eragiten du gizartean, eta hori batzuetan beldur bihurtzen da. Nola jarraitu Argia izaten iluntasun berri honetan, nola berpiztu itxaropena artegatasun honen aurrean? Nola izan berri ona eta nola sortu konfiantza, gizarte bidezkoago baten alde borrokatzeko hain beharrezkoak biak ere? 

CARITAS GIPUZKOAren gizarte-ekintza osatzen dugun pertsona guztiok erronka bat dugu: ziurgabetasun horren erdian benetako harrera-komunitateak sortzen laguntzea; bizitza eta Ebanjelioarekiko konpromisoa partekatzeko balio duten lasaitasun eta argitasun guneak. Beraz, gizarte solidarioago eta bidezkoago bat amestera eta proiektatzera deituta gaude; pertsona pobreenen duintasuna eta eskubideak zainduz haiekin bidea egiten jakingo duen gizarte bat. 

Hala ere, askotan, halako premia dute berehalako beharrek eta larrialdiek, gure konpromisoa eskaini diogun ekintzaren zentzua galtzeko arriskua dugula.

Izan ere, karitate eta gizarte-ekintzan ezin da argi laburrekin bakarrik funtzionatu; horiekin esku artean duguna baino ezin dugu ongi ikusi. Argi luzeak behar ditugu Elizak nahiz errealitate sozial eta kulturalak berak planteatzen dizkigun erronkak ikusteko. Argi luzeei esker bide berriak hartuko ditugu, eta helburu humanizatzailez egingo dugu lan.

Jesusi ere gertatu zitzaion. Une batean konturatu zen jendeak ez zuela ulertzen berak eskaintzen eta proposatzen zuenaren zentzua. Jesus basamortuan ongi jabetu zen gizakiak ogia baino zerbait gehiago behar duela bizitzeko: Hitza, komunikazioa, harremana, besteekin eta Jainkoarekin bat egitea. Gero ohartu zen jaten ematen zielako bakarrik bilatzen zuela jendeak... Jesusek ez zuen izan nahi Jainkoaren boterea arazoak konpontzeko erabiltzen duen aztia, baizik eta erantzukizun indibiduala eta kolektiboa sustatu nahi izan zuen, denek beren ardurak hartu eta protagonista senti zitezen. Gero ikusi zuen askok konponbideak goitik etortzea bilatzen zutela… 

Eta Jesus krisian sartu zen, biblistek diotenez. Esan zuen: hau ez da bidea. Eta misioa geldiarazi zuen. Gelditu eta mendira erretiratu zen, Jainkoaren presentziaz inguratuta —hodeia— eta zapalduen askapenaren aldeko bi borrokalari handiren oroimenaz lagunduta —Moises eta Elias— bere misioaren eta konpromisoaren helburua eta zentzua berreskuratzeko asmoz.

Konektatu. Iluntasunean, izan zaitez argi. “Ilunpetan zegoen herriak argi handia ikusi du”. Is 8, 23-9,1.

Hori da gizarte-erronkaz gainezka datorren ikasturte honen hasieran behar duguna, etorriko diren krisiei aurre egiteko. Bizi dugun garaiarekin konektatu, mendira igo, perspektiba hartu, eta gure nortasunaren argitan, Aitaren Espiritutik sortzen den nortasunaren argitan, gure izatearen eta egin beharrekoaren etorkizuna aurkitu. 

Garai samingarriak eta zailak bizitzen jarraitzen dugu; krisi-garaiak dira, eta uneari, aurrean dugunari heltzea eragiten digute; izan ere, etorkizunaren edozein proiekzio ziurgabetasunez lausotuta baitator. 

Caritasen ikusten dugu pobrezia modu kezkagarrian sartzen ari dela hiri eta herri guztietako familien ekonomietan. Lan-aukerak gero eta urriagoak eta prekarioagoak dira. Nekeak eta aukera faltak itxaropenik gabeko eta akidurazko giroa sortzen dute, eta horrek gizarte-harremanak ahultzen ditu, lotura eta babes gutxiagoko gizartea sortuz.

Eraitsi hormak. “Zaindu arreta osoz gogo-bihotzak, berauengandik sortzen baita bizia”; zentzua, hasiera eta amaiera. Esaera zaharrak 4, 23

Hor daude erronkak: Geure baitatik ateratzea, beldurrei aurre egitea eta besteekin elkartzea. Bulegoetatik irten, bizilagunekin topo egin. Ezin uka dezakegu sentitzen dugun inpotentzia, gaindituta sentitzea, beldurra eta hauskortasuna, zeinak ametsik eta helmugarik gabeko izaki sentiarazten gaituzten. 

Inflexio-puntu baten aurrean gaude, itzulerarik gabeko bide batean, eta atsekabezko garai honi sormen handiagoz aurre egitea eskatzen digu, beti beste pertsona, talde eta erakunde batzuekin batera. Irtetea eta sarean lan egitea da irtenbide bakarra.

Errealitatea gure gain hartzea dagokigu, baina baita errealitateak bere gain har gaitzan uztea ere, geure egitea; eta, horretarako, bihotza zaindu eta garen esentziara itzuli behar dugu, jasotako eta oparitutako bizitzara, eta giza harremanak, lana eta proiektuak ehuntzeko bidean lagun ditugun gizakietako bakoitzaren esentziarekin topo egin behar dugu. 

Eraitsi mugak. “Hara, atean nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea irekitzen badit, harenean sartuko naiz eta elkarrekin afalduko dugu” (Ap. 3,20).

Atzerritarra, beste leku batetik datorrena, beste ohitura eta hizkuntza batzuekin datorrena beti da susmagarria. Baita gure herrialde berekoa bada ere. Gure mundu txikitik, gure buruko eta lurraldeko mugetatik pixka bat haratago dagoena arraroa egiten zaigu, desberdina; eta, hasieratik, distantziaz begiratzen diogu, errezeloz. Jesusek, ordea, leku berri batean jartzen du atzerritarra.

Samariar Onaren kontakizun ebanjelikoak zalantzan jartzen du bere garaiko “errespetagarrien” sinesgarritasuna: apaiz bat eta lebita bat, jokabide eredugarria eta gizartean aintzatesten den misioa duten pertsonaiak. Aldiz, Jesusek boterea eta aintzatespena ematen dio izenik gabeko atzerritar bati: samariar bat hunkitu egiten da ezezagun baten oinazearekin, eta horrek protagonista eta jarraitu beharreko eredu bihurtzen du. Une honetan asko dugu jokoan. Maitasuna dugu jokoan. 

Maitasunetik eta maitasunarekin konprometituta bizitzeak gure presetatik eta eraginkortasunetik jaistera garamatza, beste alde batera begiratzeari uztera eta bizitza gure interesetatik haratago bideratzera. Porrotari, gatazkari, monotoniari edo inertziari diogun beldurra gainditzeko modu bakarra da, eta leialtasunean kokatzera gonbidatzen gaitu. Hemen gelditzera. Une bakoitzean, “zure ondoan nago, zuk ikusten ez nauzun arren, ikusi nahi edo ezin nauzun arren” horretan.

Sinestun gisa, kristau elkarte gisa, Caritas gisa, gure konpromisoak ezin dio lekurik utzi ez epelkeriari ez konformismoari. Ahaleginak egin behar ditugu Jesusen egia eguneroko bizitzako leku komunetan sar dadin, elkartasun eta justizia-korronteak sortu, eta premia gehien dutenen alde bideratu daitezen. 

Konektatu: Begiratu beste pertsonei eta munduari samurtasunez eta sormenez. Ez itxi begiak eta ez aldendu begirada inongo errealitateren aurrean, mingarria, deserosoa edo desatsegina izanda ere. 

Eraitsi hormak: Jarri bost zentzumenak munduarekin eta hurkoarekin ditugun harremanetan, eta ez galdu itxaropena, zalantzak izan arren.

Eraitsi mugak: Ez ezkutatu axolagabekeriaren edo gogortasunaren atzean. Hainbeste minen aurrean, hainbeste zauriren aurrean, aukera bakarra samariar ona bezalakoa izatea da. Beste edozein aukerak bidelapurren parera garamatza, edo jaramonik egin gabe, bidean zauritutako pertsonaren minarekin errukitu gabe aurrera egiten dutenen ondora.

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.