fbpx BESTE URTE BAT PERTSONEN ONDOAN | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
BESTE URTE BAT PERTSONEN ONDOAN
BESTE URTE BAT PERTSONEN ONDOAN
memoria23

   2023an, Gipuzkoako Caritasek pobrezia-arriskuan eta/edo gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei eta familiei laguntzeko funtsezko eginkizunari eutsi dio, gizarte-premia desberdinei erantzuten arreta jarriz eta pertsonen autonomia, ongizatea eta gizarteratzea sustatuz. 
    
   Bere laguntza gauzatzeko, Caritas Gipuzkoak lurralde osoko 80 parrokietan ditu harrerak, beroa eta hurbiltasunekoa izateko helburua duen arretarako atea direnak. Halaber, funtsezkoa da 2023an izan genituen 815 boluntarioek egindako lana, bai eta bazkide eta emaileen laguntza ere, erakundearen jardueraren %68 finantzatzen baitute. 

    

 

· Gizarte-laguntzaren bolumena ez da aldatu 

Iaz 16.568 lagun artatu genituen (6.317 familia osatzen dituztenak). Beherakada txiki bat egon da aurreko urtearekin alderatuta, hain zuzen ere 645 lagunekoa. Datu horrek egoera sozialen hobekuntza txikia adieraz lezake.

Hala ere, jatorria, adina eta generoa pertsonak pobreziara eta gizarte-bazterkeriara eramaten dituen aldagaiak direla berresten dugu. Profila ez baita asko aldatu azken urteekiko. 

Caritasen laguntza jaso duten pertsona gehienak migratzaileak dira, hain zuzen ere, guztien %86 (iaz baino 4 puntu gehiago, eta duela 5 urte baino 15 puntu gehiago). Datu honek islatzen ditu pertsona hauek hainbat arrazoiengatik gainditu behar dituzten  erronka gehiagarriak,  hala nola, migrazio-politika murriztaileengatik, hainbat baldintza betetzen ez dituztelako (adibidez, errolda-denbora) funtsezko zerbitzu publikoetara iristeko zailtasunengatik, edota premiazko egoeretan lagunduko dieten babes-sare bat ez izateagatik (esaterako, familia hurbila).

Caritas Gipuzkoaren arreten % 55ek emakume-aurpegia izan du. Egoera ekonomiko eta sozialeko aldaketak alde batera utzita, generoak eragindako desabantaila metatuak egonkor dirau eta egiturazko kontuetara eramaten gaitu. Garrantzitsua da hori kontuan hartzea politika publiko eraginkorrak diseinatzeko. 

 



· Onuradun guztien artean, 4tik 3 lagun 44 urtetik beherakoak dira  

Caritas Gipuzkoak artatutako biztanleen %77 44 urtetik beherakoa da. Gehienak 18 eta 44 urte bitarteko pertsonak dira (% 51), eta horiei 18 urtetik beherako %26 gehitzen zaie. Alde horretatik, azpimarratzekoa da artatutako 10 familiatik ia 7k adingabeko kideak dituztela eta, horietatik, 10etik 3 guraso bakarreko familiak direla. 

Adierazle horrek kezkatu egiten gaitu pobreziak eta bazterkeriak familia horien etorkizuneko proiekzioan izan dezakeen garrantziagatik eta demografia-talde horren berariazko premiak aintzat hartuko dituzten politikak antolatzeko premiagatik, etorkizun duina ziurtatzeko eta pobreziaren herentziari aurre egiten ahalegintzeko. 

 


· Bizileku-bazterkeria larrian dauden pertsonen kopuruaren gorakada handia

2023an, Caritas Gipuzkoak bizileku-bazterkeria larrian dauden 897 pertsona artatu ditu. %31eko hazkundea da aurreko urtearekin alderatuta. Beste datu kezkagarri bat da kale-egoeran dauden pertsona gehienak gazteak direla (729k 18 eta 44 urte artean dituzte, 2022an baino % 71 gehiagok). Gainera, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak direla eta, bizitegi-bazterkeria hori kroniko bihurtzen da. 

 


· Laguntza sozial eta ekonomikoak: etxebizitzagatiko kezka areagotu da

Caritas Gipuzkoak 2.994.435 euro bideratu zituen 2023an familia eta pertsonentzako zuzeneko laguntza ekonomikotara. Oinarrizko premiak ordaintzeko balio izan dute, hala nola elikadura, baina azpimarratu behar da laguntza ekonomiko horien %30 etxebizitzarekin zuzenean lotutako gastuak finantzatzeko izan dela (alokairuak edo hornidurak). Guztira 890.703 euro erabili ziren. 

Etxebizitza eskuratzeko zailtasuna gizarte-kezka orokorra da, are garrantzitsuagoa gizarte-bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonen kasuan. Hori dela eta, Caritas Gipuzkoa azterketa zehatzagoa egiten hasi da 2024an, laguntzen dien pertsonen eta familien bizitzan etxebizitza-faltak duen eragina neurtu nahian. Horretarako, 2.889 etxebizitza hartu ditugu lagin gisa. 5 hilabetetan (2024kko urtarrila-maiatza) honako ondorioak atera ditugu:

-    Aztertu ditugun familien %17,7ak (gehienak pertsona bakarrekoak) EZ du inolako bizilekurik.
-    Etxebizitzen %21ek ez du erroldarik.
-    Euren ohiko etxebizitzan erroldatuta dauden familietatik eta bizileku horregatik ordaintzen duten familietatik, %68k ez du alokairu-kontraturik.
-    Azken familia hauetako heren batean (ordaintzen, kontraturik gabe) adin txikikoak daude
-    Artatu ditugun erroldatuta eta kontratu gabeko pertsonen %57 emakumeak dira. 

Puntu honetan, Caritas Gipuzkoak gogorarazi nahi du erroldarik eta/edo alokairu-kontraturik ez izatea gizarte-bazterkeriako elementuak direla, oinarrizko eskubideak eta eskubide unibertsalak eskuratzeko beharrezko giltza baitira, hala nola, hezkuntza, osasun-laguntza edo, oro har, gizarte-babeseko sistema. Halaber, bereziki kezkatzen gaitu adin txikikoak dituzten eta kontraturik gabe erroldatuta dauden etxeen %34k. Datu horrek agerian uzten du adingabeak ardurapean dituzten eta etxebizitza-ziurgabetasun egoeran dauden familien kopurua handitu egin dela. Mota honetako familiak kalean daudela ere egiaztatu dugu.

 


CARITAS GIPUZKOAKO 2023KO MEMORIA:
ESKERRAK JASOTAKO BABESARENGATIK ETA AHALEGINAK AREAGOTZEKO GONBIDAPENA


Txosten honen helburua gizartearekiko gardentasuna bermatzea da, Gipuzkoako Caritasek azken ekitaldian egin duen lana ezagutu dezan. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiogu gizarte horretatik jasotzen dugun laguntzagatik, eta bere babesaren fruitua itzuli nahi diogu. Caritas Gipuzkoak argi du guztion lana dela pertsona guztientzako aukerak ematen dituen gizarte bidezkoagoa lortzea. Horregatik, nabarmendu nahi dugu guztiok egin ditzakegula gure ingurunetik helburu horretarako ekarpenak. Hona hemen kaleratu berri dugun Corpuseko kanpainaren leloa: “Keinu txikiek ere komunitatea egiten dute”.

Eskerrak eman nahi dizkiegu administrazio publikoei ere emandako laguntzengatik, bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiari, bere lankidetza-hitzarmenagatik, eta Eusko Jaurlaritzari, emandako diru-laguntzengatik. 

Hala ere, eta memoria honek erakutsitakoaren ondorioz, beharrezkotzat jotzen dugu ahalegin handiagoa egitea gizarte-bazterkeriaren eta pobreziaren egiturazko arrazoiei aurre egingo dieten politika eraginkorrak garatzeko.  Caritas Gipuzkoak administrazio publikoari eskatzen dio ulermen eta malgutasun handiagoa izan dezala eskubide eta zerbitzu sozialak eskuratzeko irizpideak baloratu eta interpretatzeko orduan. Era berean, errolda sozial edo solidariorako sarbidea erraztea proposatzen dugu, ohiko bizilekuan erroldatzeko aukerarik ez dagoenean.
 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.