fbpx 'Botika Solidarioak' ekimena jaio da Goierrin | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
'Botika Solidarioak' ekimena jaio da Goierrin
'Botika Solidarioak' ekimena jaio da Goierrin
botikaSolidarioak

Caritas Goierrik martxan jarri berri du ‘Botika Solidarioak’ ekimena. Tokiko merkataritzaren eskutik sortutako proiektua da, eta bere helburu nagusia Caritasen jarduera ezagutaraztea eta pobrezia eta gizarte-bazterketa eragiten dituzten errealitateei buruz sentsibilizatzea da.

Formatua sinplea da: ekimenari atxikitako establezimenduek 'Botika Solidarioa' izendapena izango dute, eta hori adierazten duen kartela ipiniko dute lokalean. Horrez gain, dohaintza boluntarioak egiteko itsulapikoa jarriko dute. Caritas Goierriren konpromisoa da bildutako guztia erakundearen laguntza jasotzen duten pertsonek behar duten medikazioa erosteko erabiliko dela.

Gaur egun, Goierriko 15 udalerrietako 29 botika dira jada 'Botika Solidarioak', hain zuzen: Elosegi, Odriozola, De la Cuesta eta Barrutia (Beasainen); Berbel, Sarria, Roldan eta Ayllon (Zumarragan); Ageda Gil, Lorenzo Fenoll, Vega eta Hegialde (Legazpin); Rekalde, Garrido, Jauregi eta Pascual (Ordizian); Menéndez eta Monika Rico (Urretxun); Godoy eta Pereiro (Lazkaon); Arandia (Legorretan); Alberdi (Zaldibin); Milla (Idiazabalen); Arrastoa (Itsasondon); Begiristain (Ataunen); Odriozola (Ormaiztegin); Lasa (Seguran); Badiola (Olaberrian); eta Artola (Zegaman).

Azpimarratzekoa da Eukene Lekuona diseinatzaile grafikoaren ekarpena, kartela eta ‘Botika Solidarioak’ logotipoa diseinatu baititu doan. Halaber, Foto Ordizia enpresaren laguntza ere eskertzekoa da, kanpainaren materiala inprimatzen lagundu baitigu.

Caritasek ekimen hau oso interesgarritzat jotzen du, gizarte-justiziaren aldeko lanean eragile berriak batzen dituelako eta, horrez gain, erakundearen lana ikusgai jartzen duelako. Gainera, osasuna eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzea Caritasek pertsona zaurgarriei laguntzeko egiten dituen jardueren printzipioen artean dago.

Goierrin bazaude eta botika bat baduzu, batu zaitez!

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.