Gaur, maiatzak 9, 60 urte betetzen ditu Caritas Gipuzkoaren sorrera ofizialak. Jarraian, José Emilio Lafuentek, gure idazkari nagusiak, urteurren honetan bidali nahi digun mezua helarazten dizuegu:
"Aurten, Caritas Gipuzkoak 60 urte betetzen ditu. Sei hamarkada gure lurraldeko errealitate sozialari adi entzuten, konpromisoz lanean, zailtasun edo bazterketa egoerak bizi dituzten pertsona askoren bidelagun izaten.
Hirurogei urte hauetan asko aldatu da Caritas, garai bakoitzeko seinaleei eta errealitateari hobeto egokitzeko ahaleginean. Besteak beste, baliabideak, antolaketa eta beharrak aldatu dira; baita horiei eman diegun erantzuna ere. Baina bilakaera horrek ez du gure oinarria aldatu: Jainkoaren maitasuna hurkoarekiko maitasunean agerraraztea; zerbitzu, senidetasun eta justizia gisa bizi duguna.
Gure historian, parrokia-komunitateak ezinbestekoak izan dira, pertsona pobreengandik hurbil dagoen Eliza baten lekuko gisa. Hiru aditz eraldatzaile dira haien lan egiteko moduaren oinarri: harrera egitea, entzutea eta bidelagun izatea. Harrera egitea aurreiritzirik gabe ateak irekitzea da. Entzutea aurrean dugun pertsonak ahotsa eta duintasuna dituela aitortzea da. Bidelagun izatea alboan ibiltzea da, epaitu gabe, bazterrean utzi gabe.
Boluntarioak ere gure oinarrizko zutabeetako bat dira. Milaka pertsonek euren denbora, gaitasunak eta hurbiltasuna eskaintzen dituzte gure misioa aurrera eramateko. Haien konpromisoak gogorarazten digu elkartasuna erabaki bat dela, ekintza zehatzetan eta partekatutako erantzukizunetan gauzatzen dena. Aitortu nahi dugu, halaber, bazkideen eta emaileen ekarpena. Haien dohaintzak ezinbestekoak dira Caritasen lana eusteko. Konfiantza horri esker, pertsona askok aukera bat izan dute bizitzako une erabakigarrietan.
Baina bide hau ez dugu bakarrik egin. Gizarte-erakundeekin, administrazio publikoekin, unibertsitatearekin, profesional ugarirekin eta enpresa-sarearekin lankidetzan aritu gara. Gure historia Caritas Euskadirekin eta Caritas Española Konfederazioarekin senidetasunez ehundu da. Era berean, eragin-lana garatu dugu, karitate kristauak injustizia, pobrezia eta bazterketa sortzen dituzten kausak eraldatzea duelako helburu.
60 urte ospatzea ez da soilik atzera begiratzea; urteurren honek aurrera begira jartzen gaitu: pobrezia modu berriak agertuko dira, erronka berriak ere bai. Egokitzen, ikasten eta gure jarduna berrikusten jarraitu beharko dugu. Baina bada aldatuko ez den zerbait: gehien behar dutenengandik gertu egoteko konpromisoa.
Espero dugu 60 urte hauek esker onekoak izateko sakontasuna, etorkizunari begiratzeko argitasuna eta aurrera egiteko indarra ematea. Jakin dezagula sustrai sendoak eta begirada irekia dituen Caritas izaten jarraitzen: bere nortasunari leiala, hurbila, injustiziaren aurrean deserosoa eta sufrimenduaren aurrean samurra. Beste pertsona eta erakundeekin batera gizarte justuago, gizatiarrago eta senidetsuago bat eraikitzen jarraituko duena.
Urteurren honetan, eskerrak eman nahi dizkiegu bide hau baliabide gutxirekin baina indar handiz hasi zutenei; Caritas Gipuzkoako langileei, boluntarioei eta parrokia-komunitateei. Gure misioari eutsi dioten gotzainei eta elizako arduradunei. Bazkide, emaile eta laguntzaileei; erakunde, instituzio eta administrazioei. Eta beste Caritas batzuetatik senidetasunez bidelagun izan ditugun guztiei.
Eta eskerrak, bereziki, Caritasen bidelaguntza jaso duten pertsona guztiei. Izan ere, haien bizitzek, borrokek eta konfiantzak hobeto begiratzen, sakonago entzuten eta Caritas zertarako existitzen den ez ahazten irakatsi digute.
Eskerrik asko elkarrekin bizitako 60 urte hauengatik eta hemendik aurrera elkarrekin eraikitzera deituak gauden guztiagatik".
José Emilio Lafuente, Caritas Gipuzkoako idazkari nagusia.