fbpx Caritas Gipuzkoak 2026ko Boluntariotza Saria jasoko du | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Caritas Gipuzkoak 2026ko Boluntariotza Saria jasoko du
Caritas Gipuzkoak 2026ko Boluntariotza Saria jasoko du
premio_voluntariado

Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak 2026ko Gipuzkoako Boluntariotza Saria emango dio Caritas Gipuzkoari, egindako ibilbidea, egoera zaurgarrian dauden pertsonekiko konpromisoa eta boluntario-sare zabalaren bidez Gipuzkoako gizarteari egiten dion ekarpena aitortzeko. Saria datorren abenduaren 1ean jasoko du.

2025ean, Caritas Gipuzkoak 861 boluntario izan zituen, eta horietatik 152 lehen aldiz batu ziren erakundera. Boluntario horien inplikazioari eta talde profesionalen lanari esker, erakundeak pobrezia edo gizarte-bazterkeria egoeran zeuden 4.065 etxetako 10.183 pertsonari lagundu zien. Boluntarioek hainbat arlotan jarduten dute, hala nola lehen harreran, entzutean eta laguntzean, hezkuntza-programetan, etxebizitzaren arloan, gizarteratze eta laneratze-prozesuetan eta komunitate-ekintzan.

 

Gipuzkoa, boluntariotzarekiko konpromiso handiko lurraldea

Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, «Gipuzkoa boluntariotzarekiko konpromiso sakona duen lurraldea da. Gure nortasunaren parte den indar kolektiboa da, eta ekarpen zuzena egiten die gizarte-kohesioari eta lurraldearen ongizateari. Konpromiso horretan, hirugarren sektore sozialak funtsezko zeregina betetzen du, pertsonekiko hurbiltasunari, mobilizatzeko gaitasunari eta sarean lan egiteko moduari esker. Caritas Gipuzkoa gizartea ulertzeko modu horren adibide da: inplikatzen diren pertsonak, besteei beren denbora eskaintzen dietenak eta elkartasuna konpromiso eta ekintza bihurtzen dutenak».

Mendozak azpimarratu duenez, «sari honen bidez, Caritas Gipuzkoaren ibilbidea aitortu nahi dugu, eta, bereziki, gertutasunetik eta eskuzabaltasunez erakundearen lana posible egiten duten ehunka pertsonen ekarpena. Haien lanak agerian uzten du hirugarren sektore sozial konprometituaren balioa; izan ere, erakundeekin eta herritarrekin batera, zaintzen duen Gipuzkoa eraikitzen laguntzen du».

 

Sei hamarkada pertsonen zerbitzura

Aitortza Caritas Gipuzkoaren 60. urteurrenarekin bat dator. Erakundea 1966an sortu zen, eta sei hamarkada hauetan gizartearen bilakaerara egokitu du bere jarduna, zaurgarritasun-egoera handienak bizi dituzten pertsonekiko konpromisoari eutsiz. Lurraldean duen presentzia 84 herri eta auzotako parrokia-Caritasen bidez egituratzen da; horri esker, komunitateekin harreman estua du eta ingurune bakoitzeko beharrei erantzuten die.

Epaimahaiak bereziki baloratu ditu boluntario-sarearen zabaltasuna, boluntario berriak erakartzeko gaitasuna eta parte hartu nahi duten pertsonei eskaintzen dien harrera-, prestakuntza- eta laguntza-eredua. 2025ean, erakundeak hilero bi informazio-saio egin zituen boluntario berrien parte-hartzea sustatzeko, eta hainbat prestakuntza-jarduera antolatu zituen pobreziari, giza duintasunari, osasun mentalari, entzute aktiboari, zaintzari eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruz.

Horrez gain, boluntarioen parte-hartzea eta koordinazioa sustatzeko hainbat gune ditu, hala nola Boluntariotzako Mahai Teknikoa, Erreferenteen Mahaia eta Zaindu taldea. Egitura horiek boluntarioen parte-hartzea eta elkarri eskaintzen dioten laguntza indartzen dituzte.

 

*Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.