fbpx Caritas Gipuzkoak lurraldeko bost enpresen konpromisoa aitortuko du bere 60. urteurrenean | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Caritas Gipuzkoak lurraldeko bost enpresen konpromisoa aitortuko du bere 60. urteurrenean
Caritas Gipuzkoak lurraldeko bost enpresen konpromisoa aitortuko du bere 60. urteurrenean
reconocim_empr

Ekitaldia  Gipuzkoa solidarioago eta inklusiboago bat posible egiten duten enpresa guztiei eskerrak emateko keinu kolektiboa izan nahi du

 

Maiatzaren 21ean, Caritas Gipuzkoak “Bihotzdun Enpresak” lehen aitortza-ekitaldia ospatuko du. Ekimen honen bidez, gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzen laguntzen duten enpresen gizarte-konpromisoa eta lankidetza publikoki eskertu nahi ditu.
Topaketa Caritas Gipuzkoaren 60. urteurrenaren ospakizun ekitaldien baitan antolatu da.

Lehen edizio honetan, Caritas Gipuzkoak bost enpresen inplikazioa aitortuko du, inklusio, bidelaguntza eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako laguntza-proiektu desberdinetan. Guztiek hamar urte baino gehiago eman dituzte Caritasekin elkarlanean. Aitortza jasoko dutenak honako hauek izango dira:

  • ArcelorMittal Olaberria 
  • Gipuzkoako Dentisten Elkargoko Klinika Solidarioa
  • JMA Alejandro Altuna 
  • Salto Systems 
  • Ucín Aluminio 

Zehazki, ArcelorMittal Olaberriak Goierriko okupazio-proiektuei eta harrera-baliabideei ematen dien etengabeko laguntza hartuko da aintzat; Gipuzkoako Dentisten Elkargoak, bere Klinika Solidarioaren bidez, Caritasek lagundutako pertsonen aho-osasunaren sustapenean duen konpromisoa; eta JMA Alejandro Altunarekin batera egindako lana, Sarea Fundazioari lotutako inklusio-tailerrak babestuz.

Halaber, Salto Systems enpresaren lankidetza aintzatetsiko da, egindako dohaintzen eta gizarteratze-enpresa martxan jartzeko lankidetza aktiboagatik; baita Ucín Aluminiok, gizarte-ekintzari emandako etengabeko sustapena.

Ekitaldian, “Enpresa konprometituaren etorkizuna: helburua, eragina eta neurketa” hitzaldia emango du Iranzu Sainz de Murietak, Sinnple Impacto Social aholkularitzako kideak.

Topaketan, Iñigo Aristegui Tello artista donostiarrak berariaz sortutako “Ematen duzuna itzultzen da” eskultura aurkeztuko da. Corten altzairuz egindako jatorrizko lana Caritas Gipuzkoari oparituko dio artistak, konpromisoaren, elkartasunaren eta elkarrekikotasunaren ikur gisa. Era berean, omendutako enpresek jasoko duten errekonozimendua eskultura honen ilustrazioa izango da, pertsona zaurgarrienen alde egindako ekarpen oro gizarte gizatiarrago eta kohesionatuago baterantz nola itzultzen den irudikatu nahi duena.

Gipuzkoako enpresa asko daude gonbidatuta ekitaldira, eta horietako batzuek Gipuzkoako Caritasekin kolaboratu dute sei hamarkada hauetan. Hainbat modutara lagundu diote erakundearen gizarte-ekintzari: egoera ahulean dauden pertsonei prestakuntza- eta lan-aukerak eskainiz, dohaintzak eginez edo langileen artean pobreziaren eta gizarte-bazterketaren errealitateen inguruko sentsibilizazio-ekintzak bultzatuz.

Caritas Gipuzkoarentzat, lurraldeko enpresa-sarearekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da aukerak eraikitzen jarraitzeko eta gehien behar dutenei laguntzeko. Hori dela eta, ekitaldi honek esker oneko keinu kolektibo bat ere izan nahi du, beren konpromiso sozialetik Gipuzkoa solidarioago eta inklusiboago bat posible egiten duten enpresa guztiekiko.

Topaketan, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasleek emanaldia eskainiko dute, eta koktel batekin amaituko da.
Caritas Gipuzkoak bereziki eskertu nahi du Sinnple Impacto Social Ambiental, María Cristina Hotela eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren lankidetza, “Bihotzdun Enpresak” lehen aitortza-ekitaldi honetan izan duten inplikazioa eta eskainitako laguntzagatik.

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.