fbpx Caritas Gipuzkoak lurraldeko enpresen gizarte-konpromisoa eskertu du “Bihotzdun Enpresak” lehen aitortza-ekitaldian | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Caritas Gipuzkoak lurraldeko enpresen gizarte-konpromisoa eskertu du “Bihotzdun Enpresak” lehen aitortza-ekitaldian
Caritas Gipuzkoak lurraldeko enpresen gizarte-konpromisoa eskertu du “Bihotzdun Enpresak” lehen aitortza-ekitaldian
acto_empresas

Caritas Gipuzkoak “Bihotzdun Enpresak” lehen aitortza-ekitaldia ospatu du maiatzaren 21ean. Ekimen honen bidez, gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzen laguntzen duten enpresen gizarte-konpromisoa eta lankidetza publikoki eskertu nahi izan ditu.

Erakundearen 60. urteurrenaren baitan antolatutako topaketak 80 bat pertsona bildu zituen Donostiako María Cristina hoteleko Zubia aretoan; tartean, Gipuzkoako hogei bat enpresatako ordezkariak.

Ekitaldiaren hasieran, Caritas Gipuzkoako administratzaile Kontxi Elexpek nabarmendu zuen “aldaketa handiak keinu eta ekintza txikiekin hasten direla”, eta enpresei eskerrak eman zizkien “pertsonen duintasuna ikusteko gai izateagatik”. Gainera, azpimarratu zuen “enpresa bat inplikatzen denean, baliabideak baino gehiago ematen dituela: itxaropena ematen du, aukerak irekitzen ditu”, eta gogorarazi zuen lankidetza horiek “pertsonentzako aukerak eta familientzako egonkortasuna” sortzen dituztela.

Jardunaldiak “Enpresa konprometituaren etorkizuna: xedea, inpaktua eta neurketa” hitzaldiarekin jarraitu zuen, Sinnple Impacto Socioambiental aholkularitzako Iranzu Sainz de Murietaren eskutik. Adierazi zuenez, inpaktua zera da: enpresa batek bere buruari galdetzea “ez soilik zer egiten dudan, baizik eta zertarako egiten dudan eta norei aldatzen diedan bizitza horrekin”, eta ondorioz “zerbait estrategiko” bihurtzen dela. Era berean, defendatu zuen “inpaktuaren ikuspegia izateak gizartearentzat zerbait positiboa sortzeko nahia” dela.

Arratsaldeko une nagusia ArcelorMittal Olaberria, Gipuzkoako Dentisten Elkargoko Klinika Solidarioa, JMA Alejandro Altuna, Salto Systems eta Ucín Aluminio enpresei aitortzak ematearekin iritsi zen. Caritas Gipuzkoak sustatutako hainbat gizarte-proiekturekin hamar urte baino gehiagoz izan duten konpromisoa aitortu zen. Enpresek eskerrak eman zituzten eta beren konpromisoari eusteko borondatea berretsi zuten. Horrez gain, Caritas Gipuzkoak egiten duen lana eta pertsona zaurgarrienei aukerak eskainiz sortzen duen eragin positiboa nabarmendu zituzten.

Bestalde, Caritaseko zuzendari José Ramón Aramendik adierazi zuen “gure helburua itxaropena ematea dela, eta enpresek horretan oso modu garrantzitsuan laguntzen dutela”. Era berean, “60 urte hauetan erakutsitako konfiantza” eskertu zuen, eta Gipuzkoako enpresa-sarea gizarte solidarioago eta inklusiboago baten eraikuntzan inplikatzen jarraitzera animatu zuen.

Une sinbolikoenetako bat “Ematen duzuna itzuli egiten da” eskulturaren aurkezpena izan zen, Iñigo Aristegui artista donostiarrak ekitaldirako sortutakoa. Egileak azaldu zuen piezak ematen den guzti positiboa beti itzultzen dela irudikatzen duela. Altzairu cortenez egindako jatorrizko eskultura Caritas Gipuzkoari oparitu zion.

Topaketan Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasleen haize-laukote baten emanaldiak ere izan ziren, eta horrek giro hurbil eta atsegina sortzen lagundu zuen arratsalde osoan zehar. Ekitaldia María Cristina hotelak utzitako terrazan eskainitako lunch batekin amaitu zen. Bertan, parte-hartzaileek hitz egiteko eta iritziak partekatzeko aukera izan zuten, eguraldi onaz giro lasaian gozatuz.

Caritas Gipuzkoak bereziki eskertu nahi izan du parte hartu zuten pertsona eta enpresa guztien presentzia eta erakutsitako konpromisoa; izan ere, horietako asko euren familiekin bertaratu ziren. Erakundeak bereziki baloratzen duen keinua da hori, Caritasek gizarte gizatiarrago, hurbilago eta solidarioago bat eraikitzeko ezinbestekotzat jotzen duen komunitate- eta sare-dimentsio hori islatzen duelako.

Caritas Gipuzkoarentzat, lurraldeko enpresekin duen lankidetza funtsezkoa da aukerak sortzen eta gehien behar duten pertsonen bidelagun izaten jarraitzeko. Horregatik, topaketa hau jarraipena izateko asmoz sortu da, gizarte-konpromiso partekatua eskertu eta sustatzeko gune gisa.

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.