fbpx Caritas Gipuzkoaren gogoetak espetxe-neurrien pean dauden pertsonen parte-hartzearen inguruan | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Caritas Gipuzkoaren gogoetak espetxe-neurrien pean dauden pertsonen parte-hartzearen inguruan
Caritas Gipuzkoaren gogoetak espetxe-neurrien pean dauden pertsonen parte-hartzearen inguruan
Caritas_logo

Azken egunotan askatasunaz gabetzeko zigorrak betetzen ari diren edo espetxe-neurrien mende dauden zenbait pertsonak Caritasekin eta Elizaren beste esparru batzuekin lotutako jardueretan izandako parte-hartzeari buruz argitaratutako informazioen aurrean, Caritas Gipuzkoak honako gogoeta hauek helarazi nahi ditu: 

 

1. Biktimekiko errespetua, aitortza eta hurbiltasuna

Terrorismoaren biktimek eta haien familiek Caritasen errespetu, aitortza eta hurbiltasun osoa merezi dute. Ulertzen dugu egoera jakin batzuek zauriak berriz ireki ditzaketela eta mina, ulertezintasuna edo injustizia-sentipen sakona eragin dezaketela indarkeria eta haren ondorioak zuzenean pairatu dituzten eta pairatzen ari dituzten pertsonengan. 

Delitu bat egin duen pertsona bati parte hartzeko aukera emateak ez du esan nahi biktimen sufrimendua alde batera uzten edo erlatibizatzen dugunik, terrorismoaren biktimak izan nahiz bestelako delitu larrien biktimak izan. Hau da, gizarteratzera bideratutako jarduera batek ere ez ditu egindako delituak justifikatzen, ez du eragindako kaltea gutxiesten, ez ditu hura pairatu zutenak ahazten, eta ez ditu, inolaz ere, biktimak indarkeriaren erantzule izan zirenekin parekatzen. 

 

2. Legezkotasunarekiko errespetua eta betetzea

Caritasek gure ordenamendu juridikoak ezarritako eremuaren barruan eta indarrean dagoen legedia erabat errespetatuz garatzen du bere jarduera. Hortaz, boluntariotza-jarduera guztiak eta zigorrak betetzeko edo gizarteratzeko prozesuekin lotutako balizko lankidetzak kasu bakoitzean aplikagarria den araudiaren arabera garatzen dira. 

 

3. Erakunde publikoekiko lankidetza arduratsua

Caritasek lankidetza-harremana izan du historikoki administrazioekin eta hainbat erakunde publikorekin, gizarteratzearekin, bidelaguntzarekin eta birgizarteratzearekin lotutako esparruetan. 

Askatasunaz gabetuta dauden edo zigor- zein espetxe-neurrien mende dauden pertsonen kasuan, lankidetza hori eskumena duten agintari judizial eta espetxe-agintariekin koordinatuta garatzen da, haiek ebaluatzen baitituzte gizarteratzeko ibilbide pertsonalak. 

Jarduera bat gure espazioetako batean egiten denean, Caritasen ardura da hura geure gain har dezakegun baloratzea eta, onartu ondoren, baldintza eta berme egokiekin garatzen dela ziurtatzea, haren betetze-lana gainbegiratuz eta jarraipena eginez. Prozesu horren barruan, parte hartzen duen pertsonak erakundearen misioa, ikuspegia eta balioak bere egiten ditu. 

 

4. Elizaren konpromisoa gizarteratzearekin

Elizak konpromiso historikoa du askatasunaz gabetzeko zigorrak betetzen ari diren pertsonekin eta haien berreraikuntza pertsonal eta sozialeko prozesuekin. 

Testuinguru horretan, Caritas Gipuzkoak parrokia-sarean, etxerik gabeko pertsonei lotutako jardueretan eta komunitate-zereginak egiteko aukera eskaintzen du, betiere programa bakoitzaren ezaugarrien eta Caritasek ezarritako irizpideen arabera. Espazio horiek gizarteratze-prozesuei eta bizi-proiektu bat berreraikitzeko aukerari laguntzen diete. 

 

5. Askatasunaz gabetzeko zigorrak dituzten pertsonekin lotutako boluntariotza 

Espetxe-zigor larrietara kondenatutako pertsonen kasuan, borondatezko lankidetza Espetxe Erregelamenduaren 100.2 artikuluaren aplikazioari lotuta dagoenean, Donostiako Elizbarrutiak eta hari lotutako erakunde soziokaritatiboek ez dute lankidetza hori aintzat hartuko, eskumena duten instantziek aipatutako manuaren aplikazioari buruzko erabakia hartu arte.

 

Donostian, 2026ko irailaren 28an. 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.