
Caritas Gipuzkoak Caritas Txiki jarri du martxan, Gipuzkoako parrokietako haurrei eta nerabeei zuzendutako ekimen berria. Helburu argia du: pobrezia-egoerak hurbiltzea eta haurtzarotik konpromiso solidarioa sustatzea.
“Ideia Azkoitian izandako esperientzia batetik sortu zen. Han, urtero, katekesi saio txiki bat egiten zuten Caritasen ekintza bati lotuta”, azaldu dute Carmen Alba eta Xabier Jorrínek, Animazio Komunitarioko arlotik. “Iruditu zitzaigun ideia interesgarria, eta apur bat gehiago garatu dugu, elizbarrutiko katekesietan eskaintzeko”.
Ikasi, hausnartu eta ekin
Caritas Txiki lehenengo urteko haurrentzat eta katekesi osteko gazteentzat pentsatuta dago, gutxi gorabehera zazpi eta hamalau edo hamabost urte bitartekoentzat. Adin-tarte bakoitzera egokitutako dinamikak lantzen dira. Programa honek informazioa, hausnarketa uneak eta gizarte-errealitateak hurbiltzeko elkarrizketa espazioak uztartzen ditu.
Saioetan hainbat material erabiltzen da, ulermena errazteko eta eztabaida sustatzeko. Otoitz labur bat egiten da hausnarketarako, Caritasi buruzko aurkezpen batekin haren lana ezagutu eta gogoeta egiteko. Horrez gain, ikus-entzunezko materialak ere erabiltzen dira, hala nola bideoak edo abestiak, partaideei geldialdi bat eginarazteko eta hausnartzeko. Eztabaida eta partekatutako esperientzien bidez, gogoeta sustatzen da.
Programaren ezaugarri bereizgarrienetako bat da saio bakoitza haur eta gaztetxoei zuzendutako erronka batekin amaitzen dela. Erronka horien bidez, parte-hartzaileek euren ingurunean inplikatzeko aukera dute, ikasitakoa komunitatearekin partekatuz eta beren ahaleginaren emaitzak ikusita. “Erronkek aukera ematen dute ikasitakoa komunitatean txertatzeko, lortutakoa baloratzeko eta elkartasunaren bidean urrats bat gehiago emateko”, azaldu dute Animazio Komunitarioko arduradunek.
Hazten ari den egitasmoa
Oraingoz, Animazio Komunitarioko taldeak gidatzen ditu saioak, proiektua martxan jartzeko eta materialak egokitzeko. Hala ere, asmoa da katekesiek beraiek beren parrokietan garatzea, Caritasen laguntzarekin, behar izanez gero. “Materialak eta dinamikak erraztea nahi dugu, ikasturtean zehar beren saioetan integratu ahal izateko”, azaldu dute Carmenek eta Xabierek.
Caritas Txiki dagoeneko martxan da Donostiako San Ignacio parrokian, eta hazten jarraitzea espero dugu, txikitatik elkartasunaren hazia ereiteko helburuarekin.
