fbpx Caritasek, beste gizarte-erakunde batzuekin batera, eskubideen bermea eskatzen du Europako Migrazio Itun berriaren aurrean | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Caritasek, beste gizarte-erakunde batzuekin batera, eskubideen bermea eskatzen du Europako Migrazio Itun berriaren aurrean
Caritasek, beste gizarte-erakunde batzuekin batera, eskubideen bermea eskatzen du Europako Migrazio Itun berriaren aurrean
pacto_migración
  • Europako estatuek migrazio-politika amankomun berri bati ekin diote, migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak arriskuan jartzen dituena.

  • Gizarte-erakundeek, tartean Caritasek, deitoratu egin dute Espainian Europako betebehar horiek betetzeko hartuko diren neurri zehatzei buruzko gardentasun falta.

 

Gizarte-erakunde ugarik osatutako lan-talde batek urteak daramatza Espainiak Europako Migrazio eta Asilo Itunaren negoziazioa, onarpena eta ezarpena nola garatzen dituen jarraitzen, prozesu osoan pertsona migratzaileen eta lekualdatutako pertsonen eskubideetan oinarritutako ikuspegia nagusitu dadin laguntzeko helburuarekin.

Gaur, ekainaren 12an, Ituna indarrean sartu da, eta horrekin batera haren ezarpena gauzatu da. Mugarri garrantzitsua da Europako herrialde guztientzat. Migrazio-politikaren etapa berri honek erronka handiak planteatzen ditu migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen bermeei dagokienez. Horri gehitu behar zaio ekainaren 1ean Itzulerei buruzko Europako Erregelamenduaren inguruan lortutako akordioa; izan ere, araudi horrek pertsona migratzaileen atxiloketaren erabilera zabaltzen du eta neurri zigortzaile eta hertsatzaileak txertatzen ditu kanporatzeak areagotzeko.

Araudi horiek, hirugarren herrialde seguruaren kontzeptuaren berrikuspenarekin batera —herrialde bati asilo-eskaerak baztertzeko eta eskatzaileak hirugarren herrialde batera (igarobideko herrialde batera) deportatzeko aukera ematen dion mekanismo juridikoa—, eta jatorrizko herrialde seguruen zerrenda baten onarpenarekin batera —giza eskubideen arloan gabezia larriak dituzten estatuak ere jasotzen dituena—, larriki ahultzen dituzte orain arte finkatutako eskubideak eta bermeak.

Horien artean daude, besteak beste, asilo-eskubidea, itzulketa behartuen aurkako babesa, benetako defentsa juridikorako sarbidea, informaziorako eskubidea, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta espezifikoa eta osasun integralerako eskubidearen babesa.

Espainiaren kasuan, gizarte zibil antolatuaren eta zuzenean eragindako pertsonen ahaleginak gorabehera, administrazioarekiko elkarrizketarako espazioek ez dute ekarri Ituna testuinguru nazionalera egokitzeko aplikatuko diren neurri zehatzei buruzko informazio argirik.

Ziurgabetasun eta kezka egoera honen aurrean, Gobernuari eta gainerako indar politikoei honako hauek eskatzen dizkiegu:

  • Gardentasuna bermatzea eta plan, protokolo, jarraibide, baliabide eta lege-erreformen inguruko informazioa eskuratzeko aukera ematea.

  • Ituna giza eskubideak ahalik eta gehien bermatuz aplikatzea, Espainiako ordenamendu juridikoan aitortutako eskubideak eta nazioarteko konpromisoak erabat errespetatuz.

  • Herriaren Defendatzaileak bere gain hartuko duen giza eskubideen monitorizazio-mekanismoak behar bezala funtzionatzeko beharrezko baliabideak bermatzea.

  • Gizarte zibilaren parte-hartzea bermatzea, eta giza eskubideen urraketak ikertzeko eta zehapen-proposamenak egiteko agindua ematea.

 

Triajea eta zaurgarritasun egoeak

Triajeak mugako kontrol-mekanismoak indartzen ditu, hala nola datu biometrikoen erabilera intentsiboa eta migrazio-kontrola giza eskubideak bermatzen ez dituzten hirugarren herrialdeetara kanporatzea. Erregelamenduak hainbat fase jasotzen ditu: osasunaren aurretiazko azterketa, zaurgarritasunaren aurretiazko ebaluazioa, identifikazioa, datu biometrikoen erregistroa, segurtasun-kontrola, kontrol-inprimakia eta dagokion prozedurara bideratzea.

Horretarako, estatu kideek behar bezala prestatutako langileak bermatu behar dituzte, osasun-arloko profesional kualifikatuak eta zaurgarritasun-kontroletan espezializatutako langileak barne. Hori bereziki garrantzitsua da nazioarteko babesa eskatzen ez duten zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen kasuan. Halakoetan, Triaje Erregelamenduaren 18. artikuluak, 2016/399 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluko 5. apartatuarekin lotuta, arrazoi humanitarioengatik sartzeko aukera ematen du.

Honako hauek eskatzen ditugu: dagokion prozedurara automatikoki bideratzea, giza eskubideetan eta ikuspegi intersekzionalean oinarrituta; doako eta espezializatutako laguntza juridikoa prozedura osoan zehar; kalitatezko interpretazio-zerbitzua eskaera erregistratzen den unetik; mediku kualifikatuak eta talde espezializatuak izateko baldintza betetzea; 14 urtetik beherako adingabeen datu biometrikoak jasotzea benetan beharrezkoak diren kasuetara mugatzea eta inolako hertsapenik gabe egitea; eta triajea egingo den tokien arauketa argia ezartzea.

 

Mugetako prozedurak

  • • ASILOA: Araudi berriak handitu egiten ditu asilo-eskaerak berme gutxiagoko prozedura berezien bidez eta epe laburragoetan aztertu ahal izango diren egoerak. Horrek arriskuan jartzen du banakako azterketa, atxilotzeko eta mugitzeko askatasuna mugatzeko arriskua handitzen du, informaziorako eta laguntza juridikorako sarbidea zailtzen du, izapidetze-epeak luzatzen ditu eta zentro itxien edo de facto atxiloketa-zentroen erabilera sustatzen du, baita adingabeen eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen kasuan ere.

    • ITZULERA: Araudi berriaren helburua da kanporatzeak azkartzea eta handitzea, asilo- eta itzulera-prozedura bakar baten bidez, hirugarren herrialdeekin lankidetzaren bidez eta borondatezko itzulera sustatuz. Ezarpen Plan Nazionalak aurreikusten du mugako asilo-prozedura eta itzulera-prozedura sinkronizatzea, eta nazioarteko babesa ukatzeko erabakia itzultzeko erabaki batekin batera ematea. Horrek arriskuan jar dezake beste babes- edo egoitza-modalitate batzuk aztertzea, eta oinarrizko eskubideei nahiz ez-itzultzearen printzipioari (non-refoulement) eragin diezaieke.

    • HAURTZAROA: Kontzeptu horien aplikazioa haurren interes gorenen aurkakoa izan daiteke. Beharrezkoa da haur eta nerabe bakoitzaren interes gorena banaka ebaluatzea, haiei entzuna izatea bermatzea eta prozeduran parte hartzeko aukera ematea.

    • OSASUN-ARRETA: Mugako prozesuetan, pertsona migratzaileek osasunerako sarbideari buruzko Espainiako araudiaren babesa izan behar dute. 180/2026 Erregelamendua betez, haien osasun-beharrak Osasun Sistema Nazionalaren bidez estali behar dira, baita zentro itxi edo erdi-itxietan daudenean ere, egoera administratiboa edozein dela ere.

    • IKUSKARITZA-MEKANISMOA: Beharrezkoa da mugen kudeaketan oinarrizko eskubideen errespetua bermatuko duen ikuskaritza-mekanismo independente bat ezartzea, gardentasun eta kontu-emate neurri eraginkorrekin. Horretarako denbora behar da, gizarte zibileko erakundeen parte-hartze erregular eta eraginkorra, eta gaur egungo mekanismoen mugak gainditzea.

 

KOMUNIKATUA SINATU DUTEN ERAKUNDEAK:
1.    Amnistía Internacional
2.    Cáritas
3.    CEAR
4.    Entreculturas
5.    Federación Sur Acoge
6.    Irídia-centro para la defensa de derechos humanos
7.    Médicos del Mundo
8.    Médicos Sin Fronteras
9.    Novact
10.  Oxfam Intermón
11.  Red Acoge
12.  Servicio Jesuita a Migrantes
13.  Plataforma de Infancia

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.