fbpx Corpusaren astea: bueltan da Taupagunea! | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Corpusaren astea: bueltan da Taupagunea!
Corpusaren astea: bueltan da Taupagunea!
TAUPAGUNEA_oñati

Gabonetan Donostian izandako lehen esperientziaren ondoren, Oñatiko Corpusaren astera iritsiko da Taupagunea maiatza honetan. 

Taupagunea Caritas Gipuzkoaren ekimena da eta bere izenak berak definitzen du: TAUPADA, sentsibilizaziorako lekua izan nahi duelako, inguruan ditugun errealitate desberdinak ikusarazteko, baita entitateak pobrezia eta bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonei laguntzeko egiten duen lana ere. Eta GUNEA: Taupagunea, batez ere, herritarrekiko topagunea eta elkarrizketarako lekua delako.

Oraingoan, Taupaguneak karpa-forma izango du eta Oñatiko plazan egongo da maiatzaren 27tik 31ra. Corpusaren astea aukeratu dugu gure egutegian data garrantzitsua delako, Caritas Gipuzkoak eta Oñatiko herriak intentsitatez bizi dugun jaia.

Taupagune honek helburu desberdinak ditu. Lehena Caritasek egiten duen lana ezagutaraztea da eta, bereziki, Debagoienan egiten duen lana. Horretarako, Etxerik Gabeko Pertsonen saila, Miriam programa (emakumeei arreta integrala eskaintzen diena) eta Bihotzdun Enpresa ekimena hurbilduko ditugu. Taupagunetik igaroko dira, halaber, Bidean, Bidebarri eta Elkarzabal zentro eta programak, baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonei lan arloko aukerak eta esperientziak eskaintzen dizkietenak. Programa horiei ikusgarritasuna emanez, beste helburu bat lortu nahi dugu: laguntzen ditugun errealitate desberdinen gainean sentsibilizatzea.

Horrez gain, Oñatiko ikastetxeak gonbidatu ditugu Taupagunera, euren ikasleekin elkarrizketa, elkartasuna eta elkar-zainketa bezalako baloreak lantzeko. Horretarako, Etxerik Gabeko Pertsonen arloak hainbat dinamika eta jarduera prestatu ditu. Caritasekin elkarlanean aritzen diren eskualdeko enpresentzako ere esker-on ekitaldi xumea prestatu dugu, eta hirugarren sektoreko beste entitate batzuk izango ditugu gurekin, hala nola CEAR, Gurutze Gorria edo erretiratuen elkarteak. Gure helburua gizarte bidezkoagoa lortzea lan partekatua dela erakustea da.

 
Taupaguneak honako ordutegia izango du:

programa

 

Jarduera hauez gain, astean zehar Oñatiko abesbatza eta artista desberdinen emanaldiak izango ditugu Taupaguneari kolorea eta xarma emateko.

 

CARITAS DEBAGOIENAN


Caritas Gipuzkoa Debagoienako herri guztietako parrokietan dago. 2023. urtean 2.368 lagunari eskaini zioten akonpainamendua (864 familia). Horretarako, 43 boluntarioen laguntza dugu (31 emakume eta 12 gizon). Caritas Gipuzkoak 143.412 euro bideratu zituen iaz eskualdeko programetara, zatirik handiena oinarrizko beharrak, etxebizitza edo lan-beharrak finantzatzeko.

 

“KEINU TXIKIEK ERE KOMUNITATEA EGITEN DUTE”


Hau da 2024ko Corpuseko kanpainarako aukeratu dugun leloa. Mezu hau Taupagunea bezalako ekimenekin bat dator, gizarte justuagoa eraikitzeko helburua lortzeko pertsona bakoitzak bere eremu gertuan keinu txikiak eginez hasi behar duela azpimarratuz.


Caritas Gipuzkoaren ustez, elkartasuna tokian tokikotik unibertsalera zabaltzen diren konpromiso txiki horien batura da, pertsona guztiek bizitza duina izan dezaten. Bat al zatoz?

 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.