
Filosofian eta Teologian doktorea eta Ramon Llull Unibertsitateko Ethos katedraren zuzendaria den Francesc Torralbak Caritas Gipuzkoarekin partekatu ditu duintasuna erdigunean jartzen duen gizarte-ekintzarako gakoak.
Zer da duintasunez bizitzea? Nola eutsi itxaropenari bizitza min ematen duenean? Posible al da laguntzea mendekotasunik sortu gabe? Galdera horiek —eta beste asko— ardatz izan ziren Francesc Torralbak Donostiako Seminarioan eman zuen hitzaldian, Caritas Gipuzkoaren barne-prestakuntzaren baitan.
‘Duintasun infinituaren kontzeptua: oinarriak eta gako kontzeptualak’ (1. zatia) eta ‘Pobretuenak duintasunez artatzea: Caritasen erronka’ (2. zatia) izenburupean, duintasunaren lau dimentsio nagusiak jorratu zituen sakontasunez eta gertutasunez: duintasun berezkoa, morala, soziala eta existentziala. Hitzetan sakontzeko beharraz mintzatu zen, hazkunderako baldintzak ukatzen dituzten egiturez, zentzurik ezaren hutsuneaz eta laguntza kronifikatzearen arriskuaz.
- “Nire amak Alzheimerra du. Jada ez nau ezagutzen. Baina duintasun infinitua dauka oraindik.”
- “Noiztik da pertsona bat betiko lapur? Nik nire zorra ordaindu dut!”
- “91 urteko emakume batek jateari uzten dio. Ez delako zopa falta, baizik eta zentzua falta zaiolako.”
Halako esaldiek hunkitu eta interpelatu egin zituzten entzuleak. Torralbak azpimarratu zuen duintasuna ez dela ematen: aitortu egiten dela. Eta pertsona orok, baita ahultasunean ere, balio absolutu hori gordetzen duela, errespetua, entzutea eta aitortza eskatzen dituena.
Era berean, ohartarazi zuen nahi gabe bazterketa kronifikatzen duten praktikez:
- “Badira 20 urte asteazkenero elikagaiak jasotzen dituzten pertsonak. Ez dago jada aldaketarako motibaziorik.”
- “Kristalezko subjektuak sortu ditugu. Bizitzarako giharrik gabe.”
Horren aurrean, laguntzaren etika bat proposatu zuen: autonomian, pertsonalizazioan eta itxaropen aktiboan oinarritua:
- “Dena aldatzen da norbait lorazain, sukaldari edo hezitzaile bihur daitekeela ikusten baduzu.”
- “Duintasunez laguntzea da horizonte bat irudikatzen laguntzea. Beste bizitza bat posible dela sinestea.”
Galdu bazenu, edo berrikusi nahi baduzu, hitzaldi osoa ikusgai dago bideoan, eta edukia osorik irakur dezakezu erantsitako dokumentuan.