fbpx ekainak 1: batzarra 2024 | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
ekainak 1: batzarra 2024
ekainak 1: batzarra 2024
asamblea24

75 pertsona inguru bildu ginen joan den ekainaren 1ean Caritas Gipuzkoaren urteko batzarrean. Aurten Maixabel Albizu, Ellacuría Fundazioko zuzendaria, eta Carlos García de Andoin, Iglesia Viva aldizkariko lehendakaria izan genituen gurekin 2024-2027 Plan Estrategikoaren oinarri diren balioetan sakontzeko.

Kristau-komunitatea gero eta murritzagoa dela dioen diagnostikoaren inguruan, Maixabel irmoki agertu zen, berak ez zuela kezkatzen “gutxiago izatea kopuruan”; kezkatuko zuena “hutsaltasuna” da. Eta nabarmendu zuen gure xedea "gizarteari fede eta itxaropenez begiratzea dela, bere gaitasunetan arreta jarriz".

Salaketa publikoa egin edo ez egitearen inguruan ere aritu ziren hizlariak. Maixabelen arabera, “ezin naiz egon bidegabekerietatik hurbil, nire bizitza aldatu gabe eta errealitatea aldatzen saiatu gabe”. Carlosek ideia horrekin bat egiten zuen, eta salaketa publikoa eta administrazioarekin lan egitea bateragarri egiteko beharra azpimarratu zuen. Horretarako, zioen, garrantzitsua da "nortasun propioa izatea eta bi gauzak uztartzen jakitea". Gainera, Carlosek argi du zein den Caritasek administrazio publikoentzat duen balio “erantsia, originala eta erabakigarria”: “Caritasen helburua gizarteratzea da, eta hori lortzea oso zaila da administrazio publikoentzat”.


Elkarrizketa interesgarri honen ondoren, Plan Estrategikoaren aurkezpen labur bat egin genuen. Plan honek Caritas Gipuzkoaren lana gidatuko du datozen lau urteetan, eta erakundearen eremu guztiak hartzen ditu: soziala, kristau-komunitatea, harrera eta laguntza, boluntario-sarea eta erakundea bera. Dokumentu zabala, ekintza zehatzak definitzen dituena eta Caritas Gipuzkoa osatzen dugun pertsona guztiak kontutan hartzen dituena.


Ohi bezala, gure inguruko erradiografia erakusten digun urteko memoria ere partekatu genuen batzarrean. Gizarte-laguntzaren bolumena 2022koaren antzekoa da, 16.571 lagun artatu genituen guztira (edo beste modu batean esanda, 6.317 familia). Baina zifraz gain, urteko memoriak kezkak ere azaleratzen ditu: gure atea jotzen duten 4 pertsonatik 3 44 urtetik beherakoak direla, edo etxerik gabeko pertsonen kopurua %31 hazi dela. Errealitate horiek erantzun bat eskatzen digute. Urteko memoriak jasotzen du, halaber, Caritas Gipuzkoak ia 3 milioi euro bideratu zituela familientzako zuzeneko laguntzetara, eta horietatik heren bat, etxebizitzarekin lotutako gastuak ordaintzeko. Hori dela eta, azterketa zehatzagoa egingo dugu etxebizitza eskuratzeko arazoek artatzen ditugun familien/pertsonen egoera nola oztopatzen duten ikusteko.


Baina azterketa eta hausnarketatik haratago, urteko batzarra elkartzeko unea da. Gozatzeko eguna, hitz egiteko, kafe bat partekatzeko eta berriz elkartzeko. Eskerrak eman nahi dizkizuegu larunbat goiza partekatzera hurbildu zineten boluntario, langile, laguntzaile eta lagun guztiei. Zuen parte-hartzea ezinbestekoa da Caritas Gipuzkoa proiektu partekatua izaten jarraitzeko.


Eskerrik asko!

 

asamblea24_montaje

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.