fbpx ELKARTASUN TARDEOA- AZAROAK 6, GUREKIN ESPERO ZAITUGU! | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
ELKARTASUN TARDEOA- AZAROAK 6, GUREKIN ESPERO ZAITUGU!
ELKARTASUN TARDEOA- AZAROAK 6, GUREKIN ESPERO ZAITUGU!
tardeo26

Caritas Gipuzkoak bigarren Elkartasun tardeoa ospatuko du, herritar guztiei zuzendutako topaketa, elkarrekin gozatzeko, esperientziak partekatzeko eta komunitatea eraikitzen jarraitzeko. Musika, gastronomia eta solasaldia uztartuko dituen proposamena izango da, giro hurbil eta lasaian.

Hitzordua azaroaren 6an, ostirala, 19:00etatik 22:00etara, Anoetako Keler Espazioan (Donostia) izango da. «Elkartasun sareak ehuntzen» lelopean, elkar ezagutzeko, beste pertsona batzuen esperientziak entzuteko eta gizarte abegikorrago eta solidarioago bat eraikitzen nola lagundu dezakegun hausnartzeko aukera eskaini nahi dugu.

 

Esperientzia inspiratzaileak

Aurten, Gipuzkoako lau ekintzaile gazteren istorioak ezagutzeko aukera izango dugu. Beren motibazioak, aurre egin behar izan dieten erronkak eta proiektuak martxan jartzera bultzatu dituen ilusioa partekatuko dituzte gurekin.

Lau istorio desberdin hauek Xabier Muruaren (ekintzaile, Osoigoren sortzaile eta Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ekintzailetza arloko irakasle-kolaboratzailearen) eskutik ezagutuko ditugu. Bere laguntzarekin proiektu hauek gauzatzeko ahalegina eta zailtasunak ezagutuko ditugu, baita atzean duten komunitateari ekarpen positiboa egiteko gogoa.

 

Partekatzeko musika eta gastronomia

Sergio Muñozen zuzeneko musikak girotuko du arratsaldea. Musikari gazte honek Musikenen egiten ari den prestakuntza eta Donostiako kaleetan eskaintzen dituen emanaldiak uztartzen ditu. Horrez gain, Basque Culinary Centerreko irakasle eta ikasleen laguntzarekin prestatutako pintxo-afariaz gozatzeko aukera izango dugu. Sukaldaritzaren munduan beren etorkizun profesionala garatzeko prestatzen ari diren gazteak dira, eta, nork daki, agian egunen batean beren gastronomia-proiektuak ere abian jarriko dituzte.

 

60 urte ospatu, komunitatea eraikitzen jarraitu

Topaketa hau Caritas Gipuzkoaren 60. urteurrenaren ospakizunen barruan kokatzen da. Sei hamarkada hauetan, zaurgarritasun- eta gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei lagundu diegu, aukerak sortuz eta gizarte bidezkoago baten alde lan eginez.
Elkartasun tardeo honen bidez, adin, ibilbide eta errealitate desberdinetako pertsonekin elkartzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarrengandik zenbat ikas dezakegun deskubritzeko gonbita ere egin nahi dugu. Izan ere, komunitatea eraikitzea elkar aurkitzearekin, elkar aitortzearekin eta partekatzearekin hasten da. Eta guztiok dugu zer eskaini.

 

Animatu eta parte hartu!

Esperientziaz, musikaz, gastronomiaz eta elkartasunez betetako arratsalde desberdin batez gozatzera gonbidatzen zaitugu.

•    Eguna: 2026ko azaroaren 6a, ostirala.
•    Ordua: 19:00etatik 22:00etara.
•    Lekua: Keler Gunea, Anoeta (Donostia).
•    Sarrera: 20 € (pintxo-afaria barne).

 

EROSI HEMEN ZURE SARRERA

Elkartasun sareak ehuntzen jarraitzeko gurekin behar zaitugu!

  •  

    Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

    Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.