Emakume Indigenen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, irailaren 5ean, Bolivian lankidetzan ari garen nazioarteko lankidetza-proiektu bati buruz hitz egin nahi dizuegu. Izan ere, emakume indigenen aurkako indarkeria da herrialde honetako gizarte-arazo nagusietako bat.
El Alton, etxeko indarkeria-egoerak larriagotzen dituzten elementuetako bat emakumeak bikotekidearekiko duen mendekotasun ekonomikoa da. Mendekotasun horrek zaildu egin dezake emakumeek indarkeria-egoerei aurre egitea edo egoera horietatik ateratzea. Horri, kasu askotan, eskolatze-maila baxua eta bestelako gizarte-zailtasunak gehitzen zaizkio, bereziki familia-erantzukizunak daudenean.
Proiektu honen bidez gizarte-eraldaketa sustatu nahi da indarkeriaren, berdintasunaren eta genero-ekitatearen arloan, horretarako azterketa eta hausnarketa guneak sortuz, baita gizarte zibileko ordezkariei, emakumeei eta pastoraleko eragileei zuzendutako trebakuntza-, prestakuntza- eta sentsibilizazio-tailerrak antolatuz.
Bestalde, pobrezia- eta etxeko indarkeria-egoeran dauden emakumeen inklusio ekonomikoan lagundu nahi da, haien ekintzailetza-gaitasunak garatuz eta/edo indartuz. Horretarako, prestakuntza teknikoak eskainiko dira sendagai naturalak egiteko, sukaldaritzan, gozogintzan, patroigintzan eta joskintzan, eta eskuzko ehungintzan.
Tailerrak aymaraz ere emango dira, parte hartzen duten emakume askoren eta inguruko biztanleriaren zati handi baten ama-hizkuntza baita.