fbpx Enpleguak duina izateaz gain, unibertsala eta inklusiboa izan behar du | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Enpleguak duina izateaz gain, unibertsala eta inklusiboa izan behar du
Enpleguak duina izateaz gain, unibertsala eta inklusiboa izan behar du
1MAYO

     Maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean, Caritas Gipuzkoak enpleguaren balioa azpimarratu nahi du gizarteratzeko faktore gisa eta autonomia pertsonalaren eragile gisa. Horretarako, ezinbestekoa da lan harremanak duintasun eta segurtasun baldintzetan oinarritzea.

     Baina balio horietatik haratago, edozein lan-harremani aplika dakizkiokeenak, Caritas Gipuzkoak laguntzen dituen pertsonen egoera nabarmendu nahi du, Caritas Españolaren Ekonomia Solidarioaren Txostenak jasotzen duenez, bazterketa-arriskuan dauden pertsonek gainerako biztanleria aktiboak baino zazpi aldiz langabezia-tasa handiagoa baitute. Egunero beren prozesuetan laguntzen ditugun emakume eta gazte migratzaileak dira, gizartean baztertuak izateko arriskuan edo egoeran daudenak, buru-eritasuna dutenak edota etxerik gabekoak.

     Lan bitartekotzaren edo zentro okupazionalen bidez, Caritasek pertsona horiek beren autonomiarako bidea egin dezaten nahi du, euren autoestimua eta bizi proiektua bultzatzeko aukera emango dieten diru-sarrerak bilatuz. Prozesu horrek berekin dakar haien gizarteratzea, eta zergen eta kontsumoaren bidez inguruko garapen ekonomikoari aktiboki ekarpena egitea. Gainera, Caritas Gipuzkoako Ekonomia Solidarioa arloak Bihotzdun Enpresak ekimena indartu du, lurraldeko enpresen lankidetza lortzea helburu duena.

     2023an, Caritas Gipuzkoak 341 pertsona lagundu zituen lan-munduan sartzeko bidean, lan-bitartekaritza edota zentro okupazionalen bitartez; horietatik %91 migratzaileak izan ziren, eta generoari dagokionez, %55 emakumeak eta %45 gizonak. Horretarako, 349.677€ bideratu zituen, eta 32 boluntarioren laguntza izan zuen (19 emakume eta 13 gizon).

 

· HEZKUNTZARAKO TAILER-OKUPAZIONALAK
Autoestimua, lan-ohitura, higienea eta pertsonen arteko harremanak bezalako balioak sustatzen dituzten ekimenak dira. Gizartean bazterturik dauden pertsonei zuzentzen zaizkie.

Lamorús: Donostian dagoen lantegi okupazionala da. Bertan kartoi-lanak, butano-kitak prestatzea edota posta-bidalketa bezalako lanak egiten dira. 27 pertsona aritu ziren lanean 2023an (6 emakume eta 21 gizon).
Altza Baratzako eta Lazkao Baratzako baratze ekologikoak. Donostiako baratzean 33 pertsonak hartu dute parte 2023an (15 emakume eta 18 gizon); Lazkaon, berriz, 20k, eta hauetatik 4k kontratu bat lortu zuten nekazaritzaren sektorean.

 

· LAN-BITARTEKOTZA
Caritas Gipuzkoak lan-bitartekaritzako lanak egiten ditu Miriam programaren bidez. Programa hau emakume migratzaileen akonpainamenduan oinarritzen da, eta, batez ere, zainketen eta etxe-zerbitzuen sektoreko enpleguekin du harremana. Honez gain, prestakuntza-saioak eskaintzen ditu emakume hauen laneratze prozesua bultzatzeko. Ekonomia Solidarioaren arloak ere Gipuzkoako enpresekin zuzenean izaten du harremana lan-aukerak bilatzeko.
Jarduera honek 261 lan-bitartekaritza ekarri zituen 2023an (210 emakume eta 51 gizon), eta horietatik 80 kontratu sortu ziren (72 emakume eta 8 gizon).

 

· BIHOTZDUN ENPRESAK
    2023an, Caritas Gipuzkoak Bihotzdun Enpresak ekimena indartu zuen eta Gipuzkoa osoko 73 enpresarekin hartu-emanak izan zituen. Harreman horien helburua laguntzen ditugun pertsonentzako prestakuntza eta enplegu aukerak sortzea da, erakundearen lanaren euskarri izango diren dohaintza ekonomikoak lortzea eta, horren ondorioz, Erantzukizun Sozial Korporatiboko ekintzak sustatzea.

Testuinguru honetan, aurten ere, Caritas Gipuzkoak berriz egiaztatu du laguntzen ditugun pertsonen laneratzea lortzeko zailtasun nagusia dela %60k ez duela lan-baimenik, enplegu bat lortzeko ate guztiak ixten dizkien egoera. Horregatik, legeria malguagoa eskatzen dugu, enplegua duina izateaz gain unibertsala eta inklusiboa izan dadin.
 

 

1MAYO

 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.