Errenta aitorpenean X bikoitza markatu, bikoitza laguntzeko eta inolako kosturik gabe
2025eko Errenta kanpaina iristearekin batera, Donostiako Elizbarrutiak gogorarazten du “Bikoitza laguntzea doakoa da”, eta garrantzi handikoa dela Eliza katolikoaren eta beste gizarte-xede batzuen laukitxoak, biak, markatzea. Keinu solidario honek aukera ematen du zergen %0,7 Elizaren jardueretara bideratzeko eta beste %0,7 gizarte-lanak egiten dituzten erakundeetara. Guztira, PFEZaren %1,4 premia handiena duten pertsonei laguntzen dieten eta komunitate osoaren ongizatea sustatzen duten helburuetara bideratzen da.
Gure gotzainaren ekintzarako deia eta esker on mezua
Fernando Pradoren hitzetan: “Hurrengo hilabete hauetan, zergadun guztioi dagokigu errenta aitorpenari aurre egitea; horren bidez, gure zergen bitartez, gizarte-zerbitzuen mantentzean eta herritar guztien ongizatean laguntzen dugu. Jakina denez, aitorpenak aukera ematen digu Elizaren jarduera askoren garapenean zuzenean laguntzeko, keinu sinple baten bidez, hau da, Elizarekin lankidetzarako laukian ‘X’ jarriz.
X hori jartzeak gure laguntza behar duten hainbeste pertsonaren alde egitea esan nahi du, eta Elizak pertsona horiek altxatzen eta gizarteratzen saiatzen da, gizarte justuago, libreago eta solidarioagoa lortzeko. Horrek ez du guretzako kosturik. X’jartzeagatik ez digute zerga gehiago kobratzen, ezta gutxiago itzultzen ere. Hala ere, onura handia sortzen duen keinu erabakigarria da. Garrantzitsua da inprimakiak betetzean arreta jartzea edo laguntzen diguten pertsonek gure borondatea espresuki adieraztea ahaztu ez dezaten zaintzea”.
Dei honekin batera, Fernando Pradok aurreko kanpainetan jasotako erantzunagatik eskerrak eman eta konpromiso hau berriz hartzera animatzen gaitu: “Azken bi urteetako Errenta kanpainek Eliza katolikoaren aldeko aitorpenen kopurua handitu dute. Albiste ona da, eta ezin dut besterik egin eskertzea baino. Bihotzez eskertzen dut gipuzkoarren eskuzabaltasuna, bereziki komunitate kristaua osatzen duzuen eta konpromiso honetan kontziente zareten guztiena.
Berriro gonbidatzen zaituztet keinu sinple hau egitera, hau da, zuen errenta aitorpenean Elizaren X-a markatzera —eta baita ‘beste gizarte-xedeak’ laukia ere—. Dakizuenez, hau da gure zergen helburuari buruz erabakitzeko dugun aukera gutxietako bat. Eskerrik asko keinu pertsonal honekin laguntzeagatik; beste askorenarekin batera, gure gizarteari hainbeste on egiten baitio”.
Erronka partekatua, bat egiten duzu?
Apirilaren 7tik uztailaren 2ra bitartean, 2025eko Errenta kanpaina abian egongo da Gipuzkoan. “X bikoitza” markatzera animatzen zaituztegu, bikoitza laguntzeko eta inolako kosturik gabe. Azken bi urteetan, Elizaren laukia borondatez markatu duten aitorpenen kopurua handitzen joan da, eta %18ra iritsi da. Jarrai dezagun bide honetan. Erronka bat luzatzen dizuegu: aurten %20ra iritsiko al gara?
Galderak eta erantzunak
“X bikoitza” markatzeak nire ekonomia pertsonalean eragina al du? Gehiago ordaindu behar al dut?
Ez. Bi laukitxoak markatzeak ez du ordaindu beharreko zenbatekoa handitzen, ezta itzulera murrizten ere. Ez du inolako kostu gehigarririk.
Nola egiten da keinu hau?
Donostiako Elizbarrutiak gogorarazten du garrantzitsua dela bi laukitxoak markatuta daudela egiaztatzea, bai autolikidazioa onartzean, bai aitorpena internet bidez edo Ogasunean egitean, bai kudeatzaile bati enkargatzean. Nahikoa da formularioan PFEZaren %0,7 Elizarentzat eta beste %0,7 gizarte-xedeetarako bideratzeko borondate hori jasota dagoela ziurtatzea.
Bereziki, autolikidazio-proposamenen kasuan, proposamena telefonoz edo internet bidez onartu aurretik, datu hori egiaztatzea oso garrantzitsua da. Autolikidazio-proposamenak dira nagusiak. Iaz, 234.600 autolikidazio onartu ziren; beste 110.700 pertsonak errenta aitorpena internet bidez egin zuten, eta azkenik 77.700 pertsonak aurrez aurre egin zuten (mekanizatua deritzona).
Ondoren, dauden aukerak azaltzen dira:
- Autolikidazio-proposamena telefonoz onartzea
943 11 30 00 zenbakira deitu, 8:00etatik 20:00etara, astelehenetik larunbatera.
Eman zure NANa eta emango dizuten proposamenaren kodea.
Galdetzen dizutenean, hautatu “biak”, %0,7 Eliza Katolikoarentzat eta beste %0,7 gizarte-xedeetarako izan dadin.
- Internet bidez: autolikidazioa onartu edo aitorpena egin
Internet bidez autolikidazioa onartuko baduzu edo aitorpena egingo baduzu, zure zirriborrora sartzean, bilatu “Aitorlearen bestelako identifikazio-datuak” laukia eta hautatu “Editatu” botoia.
Pantaila berrian, aukeratu “biak” aukera, Elizaren laukiarentzat eta gizarte-xedeetarakoarentzat.
- Gestoria batean
Adierazi espresuki zure kudeatzaile edo aholkulari fiskalari bi laukitxoak markatzeko (Eliza katolikoa eta gizarte-xedeak).
- Aurrez aurre Ogasuneko bulegoetan
Apirilaren 14tik aurrera egin dezakezu, aurrez hitzordua apirilaren 13tik eskatuta.
Leihatilako ordutegia 08:00etatik 14:00etara da, astelehenetik larunbatera.
Zure aitorpeneko datuak baieztatzean, ziurtatu “X bikoitza” markatu duzula.