
Hezkuntza, pobreziaren oinordekotza hausteko apustua
Hezkuntza oinarrizko eskubidea da, eta gizarteratzeko funtsezko faktorea. Ezagutzak eta aukerak eskaintzeaz gain, autoestimua, kide izatearen zentzua eta etorkizunerako proiekzioa indartzen ditu, bereziki haurtzaroan eta nerabezaroan.
Hala ere, haur eta nerabe askok oztopoak izaten dituzte hezkuntza ibilbidean euren familiek bizi dituzten prekarietate egoerengatik, etxekoek eskola-laguntzarik ezin dietelako eskaini, hizkuntza oztopoengatik edo hezkuntza-sistemaren funtzionamendua ez ezagutzeagatik.
Caritas Gipuzkoak adin txikikoei eta hezkuntza-egoera ahulean dauden familiei laguntzen die, ikaskuntzak indartzen dituzten, eskola-integrazioa bultzatzen duten eta familia eta eskolaren arteko lotura indartzen duten programen bidez.
Zertan datza bidelaguntza?
Caritas Gipuzkoaren hezkuntza laguntzak integrala izatea du helburu: eskola laguntzak eskola-familia lotura indartzea eta garapen pertsonala bultzatzea uztartzen ditu. Kontua ez da etxeko lanak egitea bakarrik: konfiantza, motibazio eta hazkunde eremuak sortzen dira, ikaskuntzarako ekitate baldintzak bultzatuz.
Hezkuntza-programak ikastetxeekin, gizarte-zerbitzuekin eta komunitate erakundeekin koordinazioan garatzen dira, laguntza sare iraunkorrak sortzeko helburuarekin.
Bultzada (Irun eta Donostia)
Eskola-errefortzurako guneak, ikasteko ohiturak, laguntza emozionala eta familien dinamizazioa, hezkuntzaren ikuspegitik. 82 haurrek hartu dute parte (59 familia guztira).
Ikasi Akademia
Esku-hartze pertsonalizatuagoa, hizkuntza ikaskuntzan, hezkuntza orientazioan eta eskola-sistemara egokitzean oinarritua. 10 neska-mutilek hartu dute parte (7 familia).
Kumme (Lasarte-Oria)
Familiekin lotura handia duen gune komunitarioa, gizarte eta hezkuntza laguntza eskaintzen du, batez ere, harreman edo kultura ahultasuneko egoeran dauden adingabeei. 36 neska-mutilek hartu dute parte (24 familia).
Atzemandako inpaktuak
- Eskola-gaitasunak eta ikaskuntzarekiko lotura indartzea, bereziki ahultasun testuinguruetan.
- Haurren ongizate emozionala hobetzea, harremanetarako espazio seguruak sortuz.
- Familien inplikazioa areagotu, hezkuntza prozesuetan parte-hartuz eta erantzunkidetasuna indartuz.
- Beste laguntza komunitario eta babes zerbitzuak eskuratzeko zubi izan.
Etorkizuneko erronkak
- Hezkuntza indartzeko politika publikoak bultzatzea, eskubideen ikuspegitik, berdintasunean, kulturartekotasunean eta baztertuta dauden adingabeei laguntzean oinarrituta.
- Ikastetxeekiko koordinazioa indartzea, arrisku-egoerak garaiz antzemateko.
- Familiek esku hartzeko guneak zabaltzea, parte- hartze eta erantzukizun partekatuaren logika oinarri hartuta.
- Arrakala digitalak, familien kontziliaziorako zailtasunek edo baliabide espezializatuetarako sarbide ezak haur batzuen eskola-errendimendua ez mugatzea aldarrikatzea.