fbpx Estaldurarik gabe | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Estaldurarik gabe
Estaldurarik gabe
Estaldurarik gabe

Etxerik gabeko pertsonek pairatzen dituzten arazoei buruz Caritas konfederazioak urtero urrian egiten duen sentsibilizazio-kanpainak 30 urte bete ditu. Batez ere, zenbait esparru garrantzitsutan eskubideak eskuratzeko dituzten zailtasunak jartzen ditu agerian, hala nola babes soziala, enplegua eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak.

Horixe da Caritasetik, gure parrokietatik, ikusten eta laguntzen dugun errealitatea, egunetik egunera konplexuagoa eta zailagoa den errealitatea, pertsona horiek ezin baitituzte eskuratu duintasunez bizitzeko beharrezko baliabideak, eta ezin baitiote eutsi egunez egun itogarria zaien egoera batetik irteteko itxaropenari: pobreziaren eta aukerarik ez izatearen zirkulutik irteteko itxaropenari, alegia.

Gainera, pandemiak agerian utzi du gero eta handiagoa den errealitate sozial hori: Euskal Autonomia Erkidegoan, ia 2.800 lagun bizitegi-bazterketa larrian; eta horietatik 846 lagun, pandemia hasi ondoren prestatutako aldi baterako ekipamenduren batean ostatu hartuta.

“ESTALDURARIK GABE” izeneko kanpaina honen bidez, irmo adierazi nahi dugu etxerik gabeko pertsonei askotan ukatu egiten zaizkiela beren eskubideak (osasun-laguntza, etxebizitza, gizarte-babesa, erroldatzea, etab.), bai eta gizartean eta komunitatean parte hartzea ere. Hori dela eta, ezinbestekoak dira pertsonak erdigunean jarriko dituzten politika publiko konprometituak, etxerik gabeko pertsonek beren eskubideak eskuratu eta erabil ditzaten. “Inor ez etxerik gabe” errealitate izan dadin, ezinbestekoa da gizarte osoaren konpromisoa: administrazio publikoak, gizarte-erakundeak, komunikabideak, erakundeak, kaltetutako pertsonak, gizartea oro har, etab.

Komunikatu honen bidez, gure hirietako arazo horren inguruan sentsibilizatu nahi dugu, eta arazo hori azaldu elkarlanean dihardugun udaletan, kalean eta etxerik gabe dauden pertsonek jasaten duten sufrimenduaren eta ikusezintasunaren aurrean konpromiso soziala eta instituzionala indartzeko.

 

Eta zuk, zer diozu? Esazu “aski da!”. Inor ez etxerik gabe.

 

 

 

Estalduratik kanpo egon zara inoiz?

ESTALDURATIK KANPO, etxerik gabeko pertsonen errealitatea agerian jartzeko erabiltzen dugun esamoldea da. Izan ere, giza eskubideen esparruan uzten ditugu, batez ere gizarte-babesaren esparruan. Pertsona horiek, gainera, sare afektibo eta emozionalek eratzen dituzten harreman-loturetatik kanpo geratu dira, eta sare horietan komunitate gisa eusten eta eraikitzen gara.

 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.