fbpx FOESSA EUSKADI: 259.000 PERTSONA GIZARTE-BAZTERKETAN | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
FOESSA EUSKADI: 259.000 PERTSONA GIZARTE-BAZTERKETAN
FOESSA EUSKADI: 259.000 PERTSONA GIZARTE-BAZTERKETAN
vecindario

Euskadiko gizarte-bazterketari eta -garapenari buruzko txostena aurkeztu dute FOESSA Fundazioak eta Caritasek, gizarteratzeak eta bazterketak 2018 eta 2024 bitartean izandako bilakaera aztertzen duena. Azterketa hori egiteko, bizi-baldintzei eta eguneroko zailtasunei buruzko elkarrizketa sakonak egin zaizkio Euskadiko etxeen lagin esanguratsu bati.

Txostenak pobrezia aztertzen du, baina, batez ere, gizarte-bazterketa, esparru desberdinetan (enplegua, diru-sarrerak, etxebizitzak, osasuna, parte-hartzea eta harreman sozialak) pilatutako zailtasunen multzo gisa, zailtasun horien baturak mugatu egiten baitu komunitatean integratzeko aukera.

 

 

BAZTERKETA LARRI GUTXIAGO, BAINA PREKARITATE HANDIAGOA
 

2024an, biztanleriaren % 53,5 erabat integratuta zegoen, % 35, integrazio prekarioan eta % 12 gizarte-bazterketan. Datu absolutuez ari garela, 259.000 pertsona inguru gizarte-bazterketan bizi dira Euskadin, eta haietatik gutxi gorabehera 84.000 bazterketa muturrekoenean daude. 2018koaren aldean, bazterketa-tasa globala murriztu egin da, baina behera egin du erabateko integrazioak, eta nabarmen hazi da integrazio prekarioa: pertsona gutxiago daude erabat “kanpo”, baina “barruko” askoz pertsona gehiago bizi dira gaur egun hari-harian, larri.

 

POBREZIA ETA DESBERDINKERIA: AURRERAPAUSO ERREALAK, BAINA AHULAK ETA OSATUGABEAK 

2020tik 2022a, pobrezia-arriskuaren tasa % 18tik % 16,5era jaitsi zen Euskadin; pobrezia larriak ere behera egin zuen, % 6tik % 5era. Diru-sarreren arteko desberdintasuna ere murriztu zen: desberdintasun txikieneko gizarteetako baten moduan sendotu zen Euskadi, estatu osoa kontuan hartuta. 
    
Hala ere, gabezia materialak eta sozialak gora egin zuten apur bat: biztanleriaren % 22,5ek ezin dio aurre egin ustekabeko gastu bati, % 18k ezin du ordaindu astebeteko oporraldi bat urtean eta % 12k ez du lortzen etxebizitza tenperatura egokian mantentzea. 

 

EZ DUTE PERTSONEK HUTS EGIN: SISTEMAK HUTS EGIN DU

2023an, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren (BGDS) eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) konbinazioak pobrezia errealeko ia biztanleria osoa hartzen zuen: BGDSaren estaldura handieneko komunitatea izan zen Euskadi, eta estatuko pisu erlatibo handieneko errenta autonomikoetako bat izan zuen. Hala ere, prestazio horiek eskuratu litzaketen pertsona guztiek ez dute halakorik jasotzen; bereziki, pobrezia handiena jasaten dutenek. Askok adierazten dutenez, ez dute informaziorik. 

Bazterketa larrian dauden lau etxetik hiruk zenbait estrategia jartzen dituzte martxan aurrera ateratzeko, baina dispositibo zatikatuak eta laguntza urriak eta pertsonalizazio eskasekoak aurkitzen dituzte. Ez dute pertsonek huts egiten: zenbaitetan koherentziaz, jarraitutasunez eta gertutasunez laguntzen ez duen sistemak huts egiten du.

 

ETXEBIZITZA DA DESBERDINKERIAREN ETA BAZTERKETAREN EPIZENTROA

Etxebizitza-bazterketaren ezaugarriren bat jasaten du sei pertsonatik batek (% 17). 2018tik, prezioak % 20 inguru igo dira eta alokairua % 16 garestitu da (% 20 baino gehiago Gasteizen eta Araban). Biztanleriaren % 17 bakarrik bizi da alokairuan, baina pobrezia-arriskuan dauden pertsonen artean ehuneko hori % 52 da. Kontuan hartzekoa da jabetzan bizi diren pertsonengan pobrezia-arriskua % 5ekoa dela, eta, alokairuan bizi direnen artean, % 30ekoa. 
 

Etxeen % 13 —122.000 inguru— pobrezia larriaren atalasearen azpitik geratzen dira etxebizitza eta hornidurak ordaindu ondoren, eta dozenaka mila pertsona etxebizitza ez-seguruetan edo desegokietan bizi dira; bereziki, jatorri atzerritarreko etxeak, emakumeek gobernatutako etxeak eta seme-alabak dituzten etxeak.

 

ENPLEGUA LEHENERATZEN ARI DA, BAINA POLTSIKOAN ETA INTEGRAZIOAN EZ DA ANTZEMATEN

2018 eta 2024 bitartean, jardueradunen kopurua 924.000tik 988.000ra igaro zen. Hala, jardueradunak % 7 gehitu ziren eta behin-behinekotasuna murriztu zen, eta horrek eragin integratzaileak izan ditu biztanleriaren parte batentzat. Hala ere, 2018aren eta 2023aren artean, batez besteko soldata % 17 hazi zen nominalki baina % 0,6 bakarrik termino errealetan, inflazioa kendu ondoren.

Prekaritateak hor jarraitzen du: jardueradunen % 8k nahi gabeko partzialtasuna jasaten dute, % 6k laneko ezegonkortasun larria dute eta Euskadiko etxeen % 11k enplegu-bazterketa bizi dute (desenplegua, ezegonkortasun larria edo borondatezkoa ez den partzialtasuna). 

 

SARE APURTU ETA URRATU BATERANTZ DOAZ HARREMAN SOZIALAK

Gatazka eta bakartze sozialaren arazoek behera egin dute Euskadin 2018tik, baina desparekotasun handiak daude oraindik. Etxe integratuetan, gatazka sozialaren tasa oso baxua da (% 1,5) eta bakartzea mugatua da (% 5), baina baztertze-egoeran dauden etxeetan gatazka % 13koa da eta bakartzea % 15ekoa. Nazionalitatea edo jatorria da diskriminazioaren arrazoi ohikoena, eta, askotan, enplegu-aukerak galtzea eta harreman sozial urriak izatea ekartzen du berekin. 

Euskadin, biztanleriaren % 9k baztertze-arazoak ditu osasunaren arloan; estatuan, ehuneko hori % 15 da. Egoera hobetu egin da 2018tik. Hala ere, bazterketa-egoeran bizi direnek eta integrazio prekarioa dutenek jasaten dituzte kasurik larrienak (gosea pasatzea eta botikak erosteko aukerarik ez izatea). 157.000 bat pertsonak dute botikak erosteko eta tratamenduak jarraitzeko zailtasuna baliabide falta dela eta, eta etxeen % 13k adierazi dute gosea pasatu izan dutela azken hamar urtean.

Bazterketak eta prekaritateak gogo-aldartea eta egonkortasun emozionala higatzen dituzte; batez ere, gazteen, migratzaileen, emakumeen eta dagoeneko pobrezian bizi direnen kasuan. Baieztatu da lanaren arloan segurtasunik ez izatea dela osasun mentala gehien ahultzen duen faktoreetako bat.

 

BAZTERKETA SOZIALAREN AURPEGIAK EUSKADIN

Gizarte-bazterketa ez da ausazkoa: ezagutzeko moduko aurpegiak ditu. Jatorria eta nazionalitatea dira lehen aurpegiaren ezaugarri nagusiak: bazterketa-tasak askoz altuagoak dira atzerritarren artean (% 41); izan ere, nazionalitate espainiarra dutenena (% 8) halako bost da ehuneko hori. Atzerriko nazionalitatearen ondorioz politikan parte hartzeko oztopoak dira bazterketaren eremuko bigarren arazo ohikoena, biztanleriaren % 13ri eragiten baitie. 

Haurrek eta gazteek osatzen dute bigarren aurpegia: 18 urtetik beherakoen baztertze-tasa (% 20) 65 urtetik gorakoena (% 5,5) baino hiru bat aldiz handiagoa da, eta adingabeak dituzten etxeak baztertutako biztanleriaren % 65 dira. Gazteen langabezia-tasa (% 17, 30 urtetik beherakoengan) tasa orokorra halako bi da. Bestalde, etxebizitzen garestitzeak emantzipazioa eta bizi-proiektu autonomoak atzeratzen ditu. 

Hirugarren aurpegiak generoarekin eta etxearen osaerarekin du zerikusia: emakume batek gobernatutako etxeetan, biztanleriaren % 15 dago baztertze-egoeran, eta ehuneko hori % 10ekoa da gizon batek gobernatutako etxeetan. Eten hori gurutzatzen bada zainketekin, lan-posizioarekin eta etxebizitzarako sarbidearekin, areagotu egiten da, bereziki penalizatzen direlarik etxe monomarentalak.

 

FOESSA ETA CÁRITAS: ITUN SOZIAL BERRI BAT BEHAR DA

Laburbilduz, Euskadin gaur egun estatuan baino gizarteratze-maila hobeak daude batez beste, nabarmen murriztu da bazterketa larria, pobrezia- eta desberdinkeria-maila txikiagoak ditu eta egoera okerragoak saihesten dituen diru-sarrerak bermatzeko sistema bat du. Hala ere, balantze positibo horrek ezin digu autokonplazentziarik eragin: gora egin du integrazio prekarioak, bazterketa areagotu egin da eskubideetarako sarbidean —batez ere, etxebizitzarako eta osasunerako eskubideak— eta babesgabetasun materialeko poltsa nabariak daude oraindik.

Adierazleetatik harago, eredu sozial ahul baten berri ematen du txostenak, zeinak desberdinkeria, prekaritatea eta haustura eragiten baititu.  Horren guztiaren ondorioz, gizarteak beldurra eta mesfidantza sentitzen ditu eta bizi-prekaritateak, krisialdi ekologikoak eta desinformazioak gizabanakoak bakarrarazi eta demokraziarekiko gaitzustea eragiten du. Bidegurutze horretan gaudela, FOESSA txostenak paradigma-aldaketa bat planteatzen du: kosta ahala kosta hazkundea lortu nahi duen eta errendimendu indibiduala bultzatzen duen gizarte batetik zaintzan, interdependentzian eta justizia sozial eta ekologikoan oinarritzen den beste batera igarotzea. 

FOESSAk eta Caritasek bi motorreko itun sozial berri bat eskatzen dute. Hona zein diren motor horiek: erakunde publiko sendoak, eskubideak bermatzeko eta desberdinkeriak murrizteko gai izango direnak; eta gizarte zibil aktibo, antolatu eta erantzukide bat. Etxebizitzan, enpleguan, fiskalitatean, babes sozialean eta migrazioen eremuan politika ausartak ekarriko dituen itun bat eskatzen dute, desberdinkeria beste modu batean banatzera mugatu gabe jatorrian geldiaraziko duena. Politikaren norabidea aldatu nahi da, bizitza izan dadin erdigunea, desberdinkeriaren aurka borrokatzeko eta herritar inklusibo eta kulturartekoak bultzatzeko, inor ere atzean geratuko ez den etorkizun bat eraikitze aldera.

 

TXOSTEN OSOA IRAKURRI

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.