Caritas Gipuzkoak martxoaren 4an Gipuzkoako bost enpresatako ordezkariekin lan-gosaria egin zuen. Topaketa hurbila izan zen, elkar entzun, hobeto ezagutu eta gizarte-eremuaren eta enpresa-sarearen arteko lankidetza aukerak aztertzeko.
Topaketan honako hauek parte hartu zuten: Vanessa Martín eta Ane Carrasco, Amcor Flexibles enpresako kideak; Itziar Cadierno, Wavegarden; Mikel Villarrubia eta Txus Alonso, Niessen; Rafael Pascual, Heidelberg Materials; eta Alexia Criado, Hotel María Cristina.
Ideiak partekatzen, kafe baten bueltan
Bihotzdun Enpresak programako taldeak —langileek eta boluntarioek osatua— Caritas Gipuzkoaren eginkizuna eta egiten duen lanaren zergatia aurkeztu zituen. Erakundeko administratzaile Kontxi Elexpek gogorarazi zuen bezala, “Caritasen babes sistemetatik kanpo geratzen diren pertsonei laguntzen diegu”.
Bileran zehar, erakundeak garatzen dituen programa nagusiak aurkeztu ziren: etxerik gabeko pertsonei, babesgabetasun egoeran dauden emakumeei eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden familiei zuzendutakoak, besteak beste, baita egoitza-zentroak eta prestakuntza eta enplegu arloko ekimenak ere. Topaketak azken urteko jardueraren datu nagusiak partekatzeko ere balio izan zuen. Epe horretan, Caritas Gipuzkoak 14.442 pertsona artatu zituen eta 2.320.342 euro bideratu zituen laguntza zuzenetara. Inbertsio osoa 9.927.718 eurokoa izan zen, 866 boluntarioren konpromisoari eta 2.411 bazkide eta emaileen babesari esker.
Gosarian, Bihotzdun Enpresak programa ere xehetasunez aurkeztu zen. Ekimen honen bidez, Caritas Gipuzkoaren eta enpresen arteko lankidetza indartu nahi da, pertsonentzako prestakuntza eta enplegu aukerak sortuko dituzten aliantza arduratsuak sustatuz. Elkarrizketan zehar lankidetza ideiak sortu ziren: enpresen barruan sentsibilizazio ekintzak sustatzea, enplegu eta prestakuntza ekimenetan parte hartzea edo lurraldearekin lotutako erantzukizun sozial korporatiboko proiektuak indartzea, besteak beste. Era berean, langileen artean elkartasuna eta gizarte-inplikazioa sustatzen dituzten esperientziak ere azaldu ziren.
Caritas Gipuzkoarentzako benetan bilera aberasgarria izan zen. Parte hartu zuten pertsonei eskerrak eman nahi dizkiegu beren denboragatik eta elkarrizketarako erakutsitako jarrera onagatik. Izan ere, enpresen mundutik ere gizarte-justizia eta aukerak sustatu daitezkeela sinetsita gaude. Harreman honek etorkizunean proiektu partekatuak eta aliantza berriak ekarriko dituelakoan gaude. Eskerrik asko.

Gipuzkoako enpresa bat al zara? Empresas con Corazón zer den jakin nahi al duzu?
Ondoko estekan informazio gehiago aurkituko duzu, eta harremanetan jarri nahi baduzu edo ekimena hobeto ezagutu nahi baduzu, pozik hartuko zaitugu.