fbpx Guatemala: prostituzioaren eta gizarte-bazterkeriaren biktima diren emakumeak ahalduntzen | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Guatemala: prostituzioaren eta gizarte-bazterkeriaren biktima diren emakumeak ahalduntzen
Guatemala: prostituzioaren eta gizarte-bazterkeriaren biktima diren emakumeak ahalduntzen
guatemala26

Azaroaren 25a, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Oblatas del Santísimo Redentor kongregazioaren ekimen bat nabarmendu nahi dugu. Proiektu horrek prostituzio-egoeran eta gizarte-desberdintasunean bizi diren emakumeei laguntzen die Guatemalako hirian.

Emakumeen aurkako indarkeria estuki lotuta dago pobrezia, desberdintasuna eta aukera falta bezalako beste errealitate batzuekin. Guatemalan, faktore horiek emakume askoren bizitza bereziki baldintzatzen dute. Izan ere, beraien eta euren familien biziraupena bermatzeko bestelako aukerarik ez dutenez, prostituzioan aritzera behartuta ikusten dute beren burua kasu askotan.

Errealitate hori eraldatzen laguntzeko, Caritas Gipuzkoak 2021etik «Prostituzio-egoeran eta gizarte-desberdintasunean bizi diren emakumeak ahalduntzea» nazioarteko lankidetza-proiektuan parte hartzen du. Oblatas del Santísimo Redentor kongregazioak sustatzen du proiektua, Guatemalako hirian. Lankidetzak 2026an ere jarraituko du.

Guatemala Latinoamerikako pobrezia- eta desberdintasun-adierazle handienetakoak dituen herrialdeetako bat da. Testuinguru horretan, emakume askok zaurgarritasun egoera bereziak bizi dituzte: prestakuntzarik ez dute, genero-indarkeria jasan dute, familiaren zaintzaren ardura dute edo landa-eremuetatik hirira emigratu dute aukera berrien bila. Baliabiderik eta lan-aukerarik ez izateak prekarietate handiko egoeran uzten ditu.

 

Laguntza integrala, bestelako aukerak eraikitzeko

Proiektuaren helburua emakume horien gaitasunak eta trebetasunak indartzea da, beraien bizitzako hainbat alderdi kontuan hartzen dituen arreta integralaren bidez. Hezkuntza, osasuna, etxebizitza eta aholkularitza juridikoa dira, besteak beste, haien beharrei erantzuteko eta autonomia handiagoa lortzeko baliabideak eskaintzeko lantzen diren arloak.

Helburua ez da soilik egungo zailtasunei aurre egiten laguntzea; emakumeek dituzten gaitasunak garatzeko, bizirauteko aukera emango dieten bestelako jarduera ekonomikoetan aritzeko eta, are gehiago, ekintzailetza-proiektu txikiak abian jartzeko baliabideak eskaintzea ere bada.

Proiektu honek emakume bakoitzak bere aukera eta erabakietatik bizi alternatibak eraiki ahal izatea bilatzen du, autonomia espazioak berreskuratuz eta etorkizuneko aukera berriak irekiz.

 

Eragina emakumeen familietara ere iristen da

Ekimen honen onurak emakumeengandik harago doaz. Haien seme-alabek eta familiek ere proiektuak sortzen dituen aukeren onurak jasotzen dituzte. Emakume baten bizi-baldintzak hobetzeak haren familia-ingurunearen ongizateari laguntzen dio, eta datozen belaunaldiek aukera gehiagorekin hazteko bidea errazten du.

Azaroaren 25 honetan, indarkeria- eta desberdintasun-egoerak bizi dituzten emakumeak gogoratzeak zaurgarritasun-egoeran mantentzen dituzten egiturazko arrazoiei ere erreparatzea eskatzen du. Pobreziak, diskriminazioak eta aukera faltak emakumeen askatasuna eta beren bizitzari buruz erabakitzeko gaitasuna mugatzen dituzte.

Oblatas del Santísimo Redentor kongregazioarenkin duen lankidetzaren bidez, Caritas Gipuzkoak Guatemalako emakumeen duintasunaren, ahalduntzearen eta autonomiaren alde lan egiten duen nazioarteko lankidetza-proiektu hau babesten du.

Izan ere, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka egiteak gizarte bidezkoago baten alde lan egitea ere esan nahi du: emakume guztiek beren gaitasunak garatu, beren erabakiak hartu eta aukerez betetako etorkizuna eraiki ahal izango duten gizarte baten alde.

 

Lagundu nahi al duzu?

 

guatemala26_fotos
 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.