Datorren irailaren 27an, igandean, Elizak Migratzaileen eta Errefuxiatuen Munduko Jardunaldia ospatuko du. Aurten, Leon XIV.a aita santuak arreta berezia jarri du migrazio-prozesuek eragindako haur eta nerabeengan, eta sarritan zifren atzean ezkutuan geratzen den errealitate bat gogorarazten digu: pertsona zehatzez ari gara, beren istorio, amets, gaitasun eta eskubideekin.
«Txiki hauetako bakar bat ere» lelopean, Jardunaldiak unean uneko harreratik harago joatera ere gonbidatzen gaitu, eta pertsona migratzaileak aitortuak izan daitezen, parte hartu ahal izan dezaten eta komunitatearen parte izan daitezen aurrera egitera.
Testuinguru horretan, Caritas Gipuzkoak elkarren osagarri diren bi hitzordu proposatzen ditu: hausnarketarako eta elkarrizketarako jardunaldi bat, irailaren 25ean, ostiralean, Andoainen; eta kulturarteko jai-giroko topaketa bat, irailaren 27an, igandean, Ordizian.
Irailak 25 | IBILIAN: Migrazioak eta bizikidetza
Hartu, babestu, sustatu eta integratu izango dira Ibilian jardunaldiaren ardatz izango diren lau aditzak. Hausnarketarako eta elkarrizketarako goiza izango da, Andoaingo Bastero Kulturgunean, 9:00etatik 14:00etara.
Jardunaldia Caritasi lotutako pertsonei ez ezik, migrazioetan, bizikidetzan eta komunitate inklusiboen eraikuntzan interesa duen edonori irekita egongo da.
Bertan izango dira Xabier Aierdi, soziologoa eta migrazioetan aditua den ikertzailea; Jennifer Gómez, teologoa, Nazioarteko Migrazioetan eta Garapenerako Lankidetzan doktorea eta Caritas Españolari lotua; eta Fernando Prado, Donostiako gotzaina.
Goizean zehar migrazioen errealitatera hainbat ikuspegitatik hurbilduko gara —soziologikoa, etikoa, teologikoa eta pastorala—. Hitzaldiek, gainera, parte-hartzaileen artean galderak eta hausnarketak sortzeko aukera emango dute. Horiek jaso eta amaierako solasaldiaren abiapuntu izango dira.
📍 Bastero Kulturgunea · Ondarreta 1B · Andoain
🕘 9:00–14:00
👉 Ikusi egitarau osoa hemen
*Mezu honen amaieran Bastero Kulturgunera iristeko informazio praktikoa aurkituko duzu.
Irailak 27 | Kulturarteko topaketa Ordizian
Bi egun geroago, hausnarketatik topaketara eta ospakizunera igaroko gara.
Irailaren 27an, igandean, Ordiziako merkatu plazan elkartuko gara Migratzaileen eta Errefuxiatuen Munduko Jardunaldia elkarrekin ospatzeko. Pertsona guztiei irekitako kulturarteko jai-giroko topaketa izango da, eta harreraz, ospakizunaz, elkarrekin bazkaltzeaz, musikaz, dantzez eta hainbat jarduera eta tailerrez gozatzeko aukera izango dugu.
Jardunaldia 12:00etan hasiko da, harrerarekin, eta 13:00etan Eukaristia ospatuko dugu Jasokundeko Andre Mariaren parrokian. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dugu eta arratsaldean adin guztietarako hainbat proposamen izango dira.
12:00 · Harrera
13:00 · Eukaristia
14:00 · Bazkaria elkarrekin
15:00 · Musika, dantzak, jarduerak eta tailerrak
18:00 · Jardunaldiaren amaiera
Ulertu, elkartu eta komunitatea eraiki
Andoaingo eta Ordiziako hitzorduek bi une desberdin baina gonbidapen bera proposatzen digute: migrazioen errealitatea hobeto ezagutu eta ulertzea, pertsonekin elkartzea eta inor kanpoan utziko ez duten gizarte eta komunitateetarantz aurrera egitea.
Harrera lehen urratsa baita, baina bideak aurrera jarraitzen du: harrera egin, babestu, sustatu eta integratu.
Pertsona guztiok batzen dugu. Guztiok gara garrantzitsuak.
Gurekin espero zaitugu!
........................
Ibilian-era joateko informazio praktikoa
Bastero Kulturgunera joateko, garraio publikoa lehenestea eta bidaiatu aurretik ordutegi eguneratuak kontsultatzea gomendatzen dugu.
Trenez: Renfe Aldiriak, C1 linea, Andoain Erdialdea geltokiraino. Bertatik oinez joan daiteke Bastero Kulturgunera.
Autobusez: Lurraldebusek Andoain Donostiarekin eta Gipuzkoako beste udalerri batzuekin lotzen du. BU05 linea Goiko Plazaraino iristen da, eta Buruntzaldeko beste linea batzuek ere geralekua dute Andoainen.
👉 Renfe Aldirietako ordutegiak kontsultatu: hemen
👉 Lurraldebuseko ordutegiak kontsultatu: hemen
*Tren-zerbitzuan obrek edo ordezko zerbitzuek eragina izan dezakete; beraz, aurreko egunetan bidaiari buruzko informazioa egiaztatzea gomendatzen dugu.