fbpx Igandean, Opil Solidarioan izango gaituzu zain! | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Igandean, Opil Solidarioan izango gaituzu zain!
Igandean, Opil Solidarioan izango gaituzu zain!
ROSCON25

OPIL SOLIDARIOA GIPUZKOA EUREN BIZILEKU BIHURTU NAHI DUTEN FAMILIEKIN

Aurten ere, Caritas Gipuzkoa kalera irtengo da gipuzkoar guztiekin opil zati bat partekatuz Errege bezpera ospatzera. Gure inguruko haur eta gazteek bizi dituzten pobrezia eta bazterketa egoerei buruz gizartea sentsibilizatzea helburu duen ekimen honek sei urte betetzen ditu. Hortaz, datorren igandean, urtarrilak 5, 10:00etatik aurrera, Donostiako Gipuzkoa plazan Opil Solidarioa ospatuko dugu.

 

ZERGATIK ETXEBIZITZA ETA FAMILIA?

Ikasturte honetan, Caritas Gipuzkoak etxebizitza bat eskuratzeko eta mantentzeko zailtasunen inguruan sortzen ari ditu sentsibilizazio-kanpainak, eta, horregatik, Opil Solidarioarekin bildutako laguntza guztia seme-alabak dituzten familiei zuzendutako etxebizitza-programak finantzatzeko erabiliko da. Horien artean garrantzitsuena, Zubia, 19 etxebizitzako sarea duen programa, familiei aldi baterako etxe bat eskaintzen diena, egonkortasuna eta laguntza psikosoziala emanez beren bizitzak berreraikitzen dituzten bitartean.

Honez gain, parrokietako Caritas sareak laguntza ekonomikoa ematen die etxebizitzaren gehiegizko gastuei aurre egin ezin dieten familiei. Zehazki, Caritas Gipuzkoak familiei 2023an emandako zuzeneko laguntzen %30 (890.000 € baino zertxobait gehiago) etxebizitzarekin lotutako gastuetara bideratu zen, hala nola alokairuetara edo horniduren ordainketara. Beste %40k oinarrizko beharrak asetzeko balio izan zuten, elikadura, esaterako.

Familien etxebizitza faltak haurrengan duen eraginak kezkatzen du Caritas Gipuzkoa, kalean bizi diren edo bizitzeko arriskuan dauden eta seme-alabak dituzten familiak atzematen hasi baikara. Horri gehitu behar zaio alokatutako edo partekatutako pisuetan utzitako geletan hala moduan bizi direnen egoera zaila, bizigarritasun baldintza kaskarrei aurre eginez. Ezin ahaztu erroldatu ezin direnen zailtasun gehigarriak, oinarrizko laguntzak, osasuna edo gizarte prestazioak eskuratzea eragozten eta gizarteratze prozesua are gehiago oztopatuz.

 

LANKIDETZAN BULTZATUTAKO OPILA

Urtero bezala, Caritas Gipuzkoak Gozoa artisau gozogileen elkartearen laguntza garrantzitsua du ekimen hau aurrera eraman ahal izateko. Edizio honetan, 15 artisau gozogilek maitasunez euren lantegietan eta osagai onenekin prestatutako 1.500 opil-zati eskainiko ditugu. Ekimen honek Gipuzkoako gizartearekin duten konpromisoa indartzen du, Caritasi babesa emanez.

Gozoaz gain, beste bidelagun batzuk ere baditugu Opil Solidarioan. Envaseko, Komaidak, Usabiaga eta Cafés Panchitok beste behin laguntzen digute aurkezpena eta ekimenaren magia zaintzen; Eroskik eta Ékolok, berriz, pack solidarioari sorpresak gehitzen egiten dute ekarpena. Hauez gain, Nafarroako Rural Kutxaren babesa ere badugu. 6. edizio honetan txokolate beroa eskainiko dugu berriro Gureak-en eskutik eta, igandea denez, hainbat abesbatza eta musika taldek hartuko dute parte Gipuzkoa plaza girotzen.

Funtsezkoa da, halaber, Caritas Gipuzkoako boluntarioen lana, maitasunez, ahalegin guztia egiten baitute Opil Solidarioa gure Gabonetan gero eta errotuago dagoen tradizioa bihurtu dadin. Haiek gabe, Opil Solidarioa ez litzateke posible izango.

Eskerrik asko, urtarrilaren 5ean Donostiako Gipuzkoa plazan izango gaituzue zuen zain!
 

PRENTSA OHARRA (ELEBITAN)

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.