fbpx IX FOESSA ESPAINIA TXOSTENA: Orain arteko gizarte-haustura ezezaguna | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
IX FOESSA ESPAINIA TXOSTENA: Orain arteko gizarte-haustura ezezaguna
IX FOESSA ESPAINIA TXOSTENA: Orain arteko gizarte-haustura ezezaguna
9foessa_españa
  • IX. FOESSA txostenak Espainian gertatzen ari den gizarte-haustura prozesu larriaz ohartarazten du, klase ertainaren uzkurdurarekin lotuta
  • Gizarte ekologikoki ahul, animikoki urduri eta sozialki zatitu batean bizi gara
  • Caritasek paradigma zibilizatorioaren erabateko aldaketa proposatzen du, elkarren harremana, ekomendekotasuna eta zaintza erdigunean jarriz

 

Espainia gizarte-haustura prozesu berrian murgilduta dago: klase ertaina uzkurtzen ari da, familia asko maila baxuagoetara eramanez. Bi hamarkadatan kateatutako krisien ondoren, suspertze-aldiek ez dute arrakala itxi, eta Espainiak Europako desberdintasun-tasarik altuenetako bat izatera eraman dute. Gizarteratzea ahultzen ari da, eta bazterketa larria 2007ko mailen oso gainetik dago oraindik. 2024an, bazterketa larria %52 handiagoa da 2007an baino, eta horrek esan nahi du 4,3 milioi pertsona daudela egoera horretan. Hori da Espainian bazterketa eta garapen sozialari buruzko IX. FOESSA txostenaren ondorio nagusietako bat.

Jarraian, txosten honetako titular eta datu nagusien laburpena eskaintzen dizugu, testu osoa (gaztelaniaz) irakurtzera eta hausnartzera gonbidatzeko. Abenduan, Euskadiko Bazterketari eta Garapen Sozialari buruzko Txostenaren emaitzak ere izango ditugu eskuragarri.
 

 

Pertsonak ez dira huts egiten dutenak, sistema bera da huts egiten duena

IX. FOESSA txostenak adierazten duenez, bazterketa larria jasaten duten etxeek zailtasun handiak izan arren, lau etxetik hiruk inklusio-estrategiak aktibatzen dituzte: lana bilatzen dute, prestatzen dira, sareak aktibatzen dituzte eta gastuak doitzen dituzte; baina oztopo estrukturalekin egiten dute topo, baliabide urriekin eta oso pertsonalizatu gabeekin. Etxe horien aktibazioa %68koa zen 2021ean eta %77koa da 2024an.

 

Etxebizitza eskuragaitza eta lan prekarioa, bazterketaren motore nagusiak

Datuak argiak dira. Alokairuan bizi den biztanleriaren %45 pobrezia eta bazterketa sozialeko arriskuan dago, Europar Batasuneko zifrarik altuena. Alokairuak pobrezia-tranpa bihurtu da.

 

Desberdintasuna bizitza-urteetan neurtzen da

Datu larriena da gaixotasun larria zuten familia kalteberen %6k ez zuela osasun-arreta jaso iaz. Gizarte osoan baino bikoitza. Osasun mentalak ere behera egiten du: depresio, antsietate edo egokitzapen-nahasmenduen diagnostikoak gizartearen %6ri eragiten diote, baina bazterketa larria jasaten dutenen artean %12 gainditzen dute.

 

Bazterketa larria jasaten duten pertsonen artean isolamendua handitzen ari da

Bazterketa larria jasaten duten pertsonen isolamendu-maila bost aldiz handitu da, %3,2tik (2018an) %16,6ra igaro baita 2024an.

 

Emakumeek gidatutako etxeetan bazterketa larria hazten ari da

Bazterketa hazten ari da, eta emakumeek gidatutako etxeei kalte handiagoa egiten die: 2007ko %17tik 2024ko %21era igo da, eta bereziki familia monoparentaletan, %12tik (2007an) %29ra (2024an). Izan ere, bazterketa larrian dauden etxeen guztizkoaren ia erdia emakumeek gidatzen dute (%42), 2007tik 15 puntu gehiago.

 

Egoera administratibo irregularra, bazterketaren biderkatzaile zuzena

Datuen arabera, arrakala iraunkor eta kezkagarri bat dago: jatorri atzerritarreko biztanleriaren ia erdia (%47,4) bazterketa-egoeran dago, eta hori ia hirukoitza da biztanleria autoktonaren tasarekiko (%15,3). Gainera, bazterketa hori biderkatzen duen faktore zuzena egoera administratiboa da: egoera irregularrean dauden EBtik kanpoko pertsonen %68 bazterketan dago, baimena dutenen %43ren aldean.

 

Haurrak eta gazteak, galtzaile nagusiak

Espainian bazterketa larriaren heren bat adin txikikoei dagokie, eta haurren pobrezia-tasa %29koa da —adin-talde guztien artean altuena eta Europako handienetakoa—. Horiei gehitu behar zaizkie gazte asko, blokeatuta bizi direnak: 2,5 milioi gazte prekariotasun estruktural batean harrapatuta daude, Espainiako batez bestekoaren bikoitza diren behin-behinekotasun, partzialtasun behartu eta soldata baxuko tasak jasanez.

 

Desberdintasuna eta haustura sortzen dituen eredua

Txostenak adierazten du arazo horiek guztiak gizarte-eredu baten sintoma direla: egiturazko desberdintasuna, prekarietatea eta haustura sortzen dituen eredu batenak. Oparotasun ekonomiko itxurazko hori batera bizi da egiturazko ondoeza sakonekin: bizitza blokeatuak, bakardadea, antsietate ekologikoa, itxaropen-gabezia.

Txostenak ohartarazten duenez, egungo eredu eta politika berberekin jarraitzeak —hau da, betikoa egiten jarraitzeak— kolapso sozial eta ekologikora eramaten du. 700 orrialde baino gehiagotan, txostenak 85 proposamen zehatz baino gehiago biltzen ditu, politika sozial, plan edo esku-hartze programa bihur daitezkeenak, bazterketaren eremu eta prozesu ezberdinetan: lana, etxebizitza, diru-bermea, hezkuntza, osasuna, elikadura, familia eta zaintzak, diskriminazioaren aurkako borroka, genero-berdintasuna, trantsizio energetikoa, eta beste hainbat.

Politika horiek martxan jartzea premiazkoa bada ere, txostenak ohartarazten du ez direla nahikoak egiturazko desberdintasunak zuzentzeko eta bazterketa mota berriak —teknologikoak edo ingurumenekoak, besteak beste— prebenitzeko

 

IX FOESSA ESPAINIA TXOSTENA

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.