
Atzo, San Juan egunarekin batera, Bilboko La Salle ikastetxeko Batxilergoko 1. mailako 20 ikasle eta lau begiraleren bisita jaso genuen Caritas Gipuzkoan, egiten ari diren Ibilbide Solidarioaren baitan.
Egun hauetan, Irun, Donostia, Zarautz eta Deba artean ibiliko dira oinez, gure inguruko hainbat errealitate eta aukera berdintasuna sustatzen duten proiektuak ezagutuz.
Asteartean, Caritas Gipuzkoan egin zuten geldialdia. Bi taldetan banatuta, dinamika bat proposatu genien: koordenatu eta pistak erabiliz, gure zentru eta programa desberdinak bilatu behar zituzten. Talde batek Miriam programa, Aterpe eguneko eta gaueko zentroa eta San Ignazioko harrera (Donostiako Groseko auzoan) bisitatu zituen; bigarren taldeak, berriz, Trintxer-Emeki egoitza, Lamorus tailerra eta Hotzaldi gaueko zentroa ezagutu zituen.
Behin zentroetan, helburu bakarraa zuten: bertan laguntzen diren errealitateak ezagutzea. Horretarako, boluntarioei galderak egin, objektu esanguratsu bat bilatu, parte-hartzaile eta profesionalekin harremanetan jarri, behatu, entzun, sentitu… behar zuten.
Dinamikaren ondoren, talde osoa bazkaltzeko elkartu zen eta arratsaldea esperientziak partekatzeko erabili genuen: ikusi genuena, hunkitu gintuena, buruan eta bihotzean zer geratu zitzaigun...
Beti da pozgarria estereotipoak apurtzen dituzten, begirada zabaltzen duten eta inguruko munduan inplikatzen diren gazteak gurean hartzea.
Zoriontsu gaude zuen bidelaguntzat hartu izanaz!