fbpx Lanean jaio da, Caritas Gipuzkoako lan-agentzia | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Lanean jaio da, Caritas Gipuzkoako lan-agentzia
Lanean jaio da, Caritas Gipuzkoako lan-agentzia
lanean

Urtero, urriaren 7an, Enplegu Duinaren aldeko Munduko Eguna ospatzen da. Egun horrek gogorarazten digu enplegua funtsezko elementua dela bizitza duina izateko, eta lanean jarraitu behar dugula pertsona guztiek bidezko baldintzetan lan-aukerak izan ditzaten.

Testuinguru horretan, gaur Lanean ezagutzera eman nahi dugu, Caritas Gipuzkoako kide den Sarea Fundazioaren enplegu-agentzia berria, enplegua bilatzeko prozesuan dauden pertsonei laguntzeko helburuarekin.

Enplegua bilatzea ez da erraza, eta bide horretan orientazioa eta laguntza izatea babes garrantzitsua izan daiteke. Ikuspegi horretatik, Laneanek aurreko enplegu-poltsaren esperientzia jaso eta etapa berri bati ekin dio, hainbat berrikuntzarekin. Horien artean, arreta zabaltzea dago: hemendik aurrera, enplegu bila dabiltzan emakumeei zein gizonei zuzenduta egongo da.

Laneanen Fátima Otegi eta Marijo Arrondo daude. Haien lana lan-merkatuarekiko bitartekaritzatik harago doa. Orientazioa eta laguntza pertsona bakoitzarekin egiten den lanaren funtsezko parte dira, haren egoera, ibilbidea eta beharrak kontuan hartuta.

Izan ere, pertsona guztiak ez dira abiapuntu beretik hasten, eta ez dute bide bera egiten. Laneanek errealitate bakoitzera egokitutako ibilbidea proposatzen du, pertsona bakoitzaren gaitasunak identifikatu eta indartzeko, konpetentziak aberasteko eta enplegua lortzeko aukerak hobetzeko.

Horrela, lan-aukera baten bilaketa prozesu zabalago baten barruan kokatzen da, pertsona bakoitzak tresnak eskuratu eta bere gaitasunak indartu ditzan, autonomia handiagorantz aurrera egiteko.

 

Espazio berria Antiguan

Etapa berri honekin batera, egoitza berria ere estreinatu du Laneanek. Donostiako Antiguo auzoan dago, Aizkorri kaleko 20. zenbakian.

Behean aurkituko duzuen bideoaren bidez, Lanean pixka bat hobeto ezagutzeko aukera izango duzue. Fátima Otegik zuzenean azaltzen du agentzia berria zer den, nola egiten duen lan eta bertara hurbiltzen diren pertsonek zer-nolako laguntza aurkituko duten. Gainera, egoitza berria barrutik ezagutzeko aukera ere eskaintzen du.

Enplegu Duinaren aldeko Munduko Egun honetan, Laneanek ateak ireki ditu, pertsonei aukerak bilatzeko bidean eta enplegurako beren ibilbide propioak eraikitzen laguntzen jarraitzeko konpromisoarekin.

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.