fbpx MEMORIA 2025: Caritas Gipuzkoak 10.183 pertsona artatu zituen iaz | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
MEMORIA 2025: Caritas Gipuzkoak 10.183 pertsona artatu zituen iaz
MEMORIA 2025: Caritas Gipuzkoak 10.183 pertsona artatu zituen iaz
rp_memor25

Caritas Gipuzkoak pobrezia-egoeran edo gizartetik baztertuta dauden 10.183 pertsona artatu zituen 2025ean, orotara 4.065 etxetan. "Errealitatea entzun, itxaropena berritu" izeneko urteko memorian jasotako datuek erakusten dutenez, bazterkeriaren atzean ez daude zailtasun puntualak bakarrik; aitzitik, arazo bat baino gehiago metatzen direnean agertzen da, hala nola diru-sarreren, enpleguaren, etxebizitzaren, lotura faltaren eta oztopo administratiboen ingurukoak batera azaltzen direnean.

 

Pertsona gutxiago artatu, gizarte prekarioagoko testuinguruan

Caritas Gipuzkoak 2025ean artatutako pertsona-kopuruak azken urteetako beheranzko joerari eutsi dio. Desberdintasun hori azaltzeko, kontuan hartu behar dugu gizarte-adierazle batzuek hobekuntza partzial bat izan dutela eta diru-sarrerak bermatzeko sistemak estaldura handiagoa eskaini duela. Ildo horretan, FOESSA Euskadi 2025 txostenak jasotzen duenez, murriztu egin da gizarte-bazterkeria Euskal Autonomia Erkidegoan, eta handitu egin da, aldiz, babes sozialeko sistemarako irispidea, batez ere diru-sarrerak bermatzeko errenta erreformatu eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezarri dutenetik.

Nolanahi ere, konplexutasunak hortxe jarraitzen du lagun egiteko prozesuetan. Caritas Gipuzkoaren lanean, agerian gelditzen da tentsio hori, bazterkeriak iraun egiten baitu: 2025ean artatutako lau pertsonatik ia bat (% 24) 2023a baino lehenago ere etortzen zen Caritas Gipuzkoara. Horrek agerian uzten du zenbait ibilbide nekez gainditzen direla eta beharrezkoa dela erantzun egonkor eta iraunkorrak eskaintzea.

 

Profil nagusia: familia gazteak, emakumeak eta migratzaileak

2025ean Caritas Gipuzkoak artatutako pertsonen profilak baieztatzen du gizarte-bazterkeria ez dela agertzen faktore bakar batek bakarrik eraginda, baizik eta elkar indartzen duten zailtasunak metatzearen ondorioz.

Artatutako pertsonen % 52 emakumeak izan ziren (5.321 guztira): emakumezkoek modu desberdinean asumitzen dituzte erantzukizun ekonomikoak eta zaintzarekin loturikoak.  Erdiak baino gehiago gazteak ziren (% 54k 18 eta 44 urte bitartean zituen), hau da, beren bizi- eta lan-proiektua eraikitzeko une erabakigarrian dauden pertsonak. % 21ek, berriz, 18 urte baino gutxiago zituen.

Horretaz gainera, migrazio-prozesuek garrantzi handia dute beste behin ere: artatutako pertsonen % 86 migratzaileak ziren jatorriz. Migratzaile horietatik % 64 egoera administratibo irregularrean zeuden, eta oztopo horrek trabatu egiten du enplegua eta etxebizitza eskuratzeko bidea, eta eragotzi egiten ditu, orobat, babes soziala, erroldatu ahal izatea eta errotze-prozesuak.

Profilok aztertzeari esker, uler daiteke zenbait ezaugarrik —hala nola adinak, generoak, jatorriak eta egoera administratiboak— baldintzatu egiten dituztela diru-sarrerak, etxebizitza, enplegua, zaintzak, loturak eta eskubideak, eta, ondorioz, areagotu egiten dutela pobrezia- eta bazterkeria-arriskua.  

 

Eredu integral bat, esku hartzeko sei alorretan antolatuta

Caritas Gipuzkoaren gizarte-ekintza funtsezko sei eremutan dago egituratuta. Esku-hartze horretan, konbinaturik eskaintzen dira babes ekonomikoak, gizarte- eta hezkuntza-akonpainamendua, orientazio juridikoa, prestakuntza- eta enplegu-prozesuak, eta lotura komunitarioa

2025ean, 2.278.134 euro bideratu ziren pertsona eta etxeei babes ekonomiko zuzena ematera, batez ere biziraupena bermatzeko, bai eta diru-sarrerak, etxebizitza, hornidurak, prestakuntza-prozesuak eta enplegua babesteko ere. 
Esku-hartze horren barnean: 

  • Biziraupenera eta diru-sarreretara bideratutako laguntzak: 5.702 pertsona artatu ziren eta 1.177.006 € eman ziren zuzeneko laguntza ekonomikotan.
  • Bizileku-inklusioa eta etxebizitza: 2.444 pertsona artatu ziren, eta 937.544 € bideratu ziren etxebizitzara, ostatura eta bizileku-arretara.
  • Akonpainamendu soziolaborala: 1.834 pertsona artatu ziren, eta 163.582 € bideratu ziren prestakuntzara, enplegura eta ibilbide soziolaboraletara.
  • Eskola- eta hezkuntza-babesa: 96 neska-mutil artatu ziren (63 etxetakoak), Bultzada programaren bidez.  
  • Inklusio komunitarioa: 300 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten kultura, komunitatea eta partaidetza lantzeko ekimenetan.
  • Akonpainamendu juridikoa eta eskubideei loturikoa: 800 pertsonak jaso zituzten informazioa, orientazioa eta babes juridikoa, batez ere atzerritartasunari, errotzeari, nazioarteko babesari, erroldatzeari eta eskubideak eskuratzeari loturik.  

Alor horien bidez, oro har, premiei erantzutea, autonomia-prozesuei eustea, lotura komunitarioak indartzea eta eskubideak modu eraginkorrean baliatzea lortzen da.

 

Politika publiko integralagoak eskatzen dituen errealitate estrukturala

Azken memorietako datuak aztertu ondotik, Caritas Gipuzkoak nabarmendu du pertsona eta etxe askok zailtasun handiak dituztela oraindik ere behar adina diru-sarrera lortzeko, etxebizitza egoki eta egonkor bat izateko, edo enpleguari, babes sozialari, osasunari, erroldatzeari edo erregularizazio administratiboari lotutako oinarrizko eskubideak baliatzeko. Etxebizitzarik ezak, irregulartasun administratiboak, prestazioak eskuratzeko zailtasunek eta lotura komunitarioen hauskortasunak ez dute eragiten modu isolatuan; aitzitik, pilatu egiten dira, eta zailago bihurtzen dituzte inklusio-prozesuak.  

Horregatik, Caritas Gipuzkoak erakundeei eta gizarte osoari dei egiten die, erantzun integralagoak, egonkorragoak eta komunitarioagoak emateko bidean aurrera egiteko. Zehazki, beharrezkotzat jotzen du: 

  • Etxebizitza duin, irisgarri eta egokia bermatzeko politika publikoak indartzea.
  • Erroldatzeko, administrazio-erregularizaziorako eta prestazio eta zerbitzu publikoetarako bide eraginkorrak bermatzea.
  • Enplegua lortzeko egiazko baldintzak erraztea, batez ere kalteberatasun sozial eta administratibo handiagoa bizi duten pertsonentzat.
  • Komunitate- eta harreman-babesak indartzea, isolamenduari eta bakardadeari aurre egiteko.
  • Erantzun publiko integralak eta iraunkorrak ziurtatzea, gizarte-bazterkeriako egoera luzeei aurre egiteko.

 

Caritas Gipuzkoa: konpromiso iraunkorra

2025ean, Caritas Gipuzkoaren akonpainamendu-ereduaren funts nagusiak izan ziren 861 boluntarioren lan eskuzabala, 1.794 bazkide eta emaile aktiboren ekarpenak eta kontratatutako 74 pertsonaren lana

2025ean ere, Caritas Gipuzkoak diru-sarrera propioekin eutsi zion bere jardunaren % 75i. Gainerako % 25a, berriz, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emaniko finantzaketa publikoari esker izan da posible. Finantzaketa-oinarri propioa izateari esker eusten zaio, hain justu, entitatearen Gizarte Ekintzako Ereduaren autonomiari.

Caritas Gipuzkoa eskerturik dago konpromiso partekatu horrekin, eta gogorarazten du bere lanak ezin dituela ordeztu politika publikoak, haien bidez bermatu behar baitira herritar guztientzako eskubideak, babes soziala eta bizi-baldintza duinak.

 

MEMORIA OSOA - CARITAS GIPUZKOA 2025

 

CÁRITAS EUSKADIKO PRENTSA OHARRA

 

rpmemo25

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.