fbpx MIGRAZIOARI BURUZKO ZENBAIT MITO DESEGITEN | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
MIGRAZIOARI BURUZKO ZENBAIT MITO DESEGITEN
MIGRAZIOARI BURUZKO ZENBAIT MITO DESEGITEN
INTERNACIONALIS

Cáritas Internationalis erakundearen «Bidaia elkarrekin» kanpainak migrazioei buruzko ohiko topiko batzuen atzean zer errealitate dagoen azaltzen du.
Cáritas Internationalis mundu-mailako kanpaina bat egiten ari da 2017ko irailaz geroztik, “Bidaia elkarrekin” lelopean, mundu osoan migratzaileekin elkartzeko kultura sustatzeko. Kanpaina horren baitan gauzatzen diren sentsibilizazio-ekintzen artean, azpimarratzekoa da, gaur egun Europa hegoaldeko mugan bizi den migrazio-egoerarako bereziki egokia delako, kanpainaren webgunean jasota dagoen Migrazioari buruzko zenbait mito izeneko atala.
Izan ere, sarreran azaltzen den eran, “migrazioa gai emozionala eta banatzailea izan daiteke hainbat herrialdetako politikan, komunitate interesdunetan eta baita familietan eta lagun taldeetan ere”. 
Hori horrela, kanpaina honen baitan, migrazioari buruzko ohiko mito batzuk aurkezten ditu Cáritas erakundeak, eta haien atzean zer errealitate ezkutatzen den azaltzen du. Hona hemen adibide batzuk:


1. Inoiz ez da egon hainbeste migratzaile eta errefuxiatu.

Hori egitate bat izango balitz bezala baieztatzen da askotan, hizkera oso emotiboa erabiliz. Batzuetan, immigranteen eta errefuxiatuen “inbasioa” edo “izurritea” dela ere esaten da, eta EBko eta Ipar Amerikako herrialde garatuetan bortxaz sartu nahi izan duten pertsonen istorioak kontatzen dira.
Errealitatea, aldiz, bestelakoa da: migratzaile-kopurua, munduko populazioaren ehuneko gisa adierazita, konstantea izan da. Mende erdiz baino gehiagoz, migratzaileen kopurua munduko populazioaren %3 ingurukoa izan da. 1960 eta 2015 artean, migratzaileen kopurua 93 milioitik 244 milioira igo zen. Baina munduko populazioa ere 3 mila milioitik ia 7,3 mila milioira igo zen. 1990 eta 2010 artean, errefuxiatuen kopurua murriztu egin zen (18,5etik 16,3ra), eta gero areagotu egin zen (21,3 milioi 2016an) Siriako gerraren ondorioz neurri handi batean.

2. Migratzaileak eta errefuxiatuak gizarte-prestazioen kontura bizi dira eta lapurtu egiten dute.

Hori ere askotan entzuten da, eta beste herrialde batzuetatik datozen pertsonak ez onartzeko arrazoitzat jotzen da; esaten da bertako herritarrek ezin izaten dutela lanik lortu atzerritarrak direla-eta, eta horiek gizarte-prestazioak jasotzen dituztela gainera.
Errealitateak, berriz, agerian uzten du migratzaileek zerga gehiago ordaintzen dituztela jasotzen dituzten prestazioak baino, bertako herritarrek egin nahi ez dituzten lanak egiten dituztela, eta ez zaiela falta horretarako behar den trebetasunik. 

3. Immigrazioari ezarritako mugek ongi funtzionatu dute.

Mito horren arabera, “inbadituak” izaten ari diren herrialde batzuek sarrera-fluxuak itxi dituzte, hesiak jarriz. Beste herrialde batzuek ere berdin egingo balute, migratzaileek amore emango lukete.
Azken 65 urteotako historiak, aldiz, erakusten du migrazio-politikak liberalizatu egin direla. Ikerketek agerian utzi dutenez, 1945etik 2010era arte, langile immigranteentzako, ikasleentzako eta familientzako politikak liberalizatzeko joerak egon dira 45 herrialde baino gehiagotan.
Zenbait herrialdetan, mugako kontrolak ikusgarriagoak dira, eta, batzuetan, zailagoa izaten da EBra eta Ipar Amerikara iristen diren immigrante irregularrek bisak lortzea. Baina gutxiengoa dira. Batetik bestera dabiltzan beste pertsona batzuk “erbesteratutzat” jotzen dira; hitz hori erdi mailako klasekoak diren, prestakuntza duten eta, gehienetan, zuriak diren pertsonentzat erabiltzen da. Espainia adibide ona da: gazte gaituak herrialdetik kanpora joaten dira etorkizuneko lan-aukeren bila.

4. Migratzaile gehienak garatzeko bidean dauden herrialdeetan higitzen dira.

Iparraldeko herrialde garatuak hegoaldeko immigranteen fluxu jendetsua jasaten ari direla esatea oso klixe bidegabea da: 2013an, nazioarteko migratzaile guztien %35 garatzeko bidean dauden herrialdeen artean higitu ziren. Mundu osoan dauden hegoaldeko 82 milioi migratzaileak nazioarteko migrazioaren heren bat besterik ez dira; aldiz, 67 milioi pertsonak emigratu zuten iparraldeko herrialderen batetik beste herrialde garatu batera edo garatzeko bidean dagoen herrialde batera.

5. Immigranteek harrera-herrialdeetako nortasuna kaltetzen dute, eta liskar kulturalak eragiten dituzte.

Askotan esaten da Europaranzko emigrazio jendetsua bertako zibilizazioa, kultura eta oinarri erlijiosoa aldatzen ari dela. 
Immigrazioak kulturak mehatxatzen dituela dioen mitoa maltzurrenetakoa da, beldurrarekin eta xenofobiarekin jokatzen duelako. Europak mesede nabarmenak jaso izan ditu mende luzez leku batetik beste batera higitzen diren pertsonengandik. Estatu Batuek ere ongi erakusten dute nola eraiki daitekeen herrialde bat immigrazioan oinarrituta. Eta migrazioei esker eraiki zituen Europak bere hizkuntzak eta zenbaki-sistema.
 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.