fbpx Miriam programak etapa berriari ekin dio | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Miriam programak etapa berriari ekin dio
Miriam programak etapa berriari ekin dio
miriam_nuevo

Miriam programa kokapen berri batera aldatu da eta eskaintzen dituen laguntzak indartu ditu, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden emakumeei bidelaguntza eskaintzeko Caritas Gipuzkoaren erreferentziazko gunea izaten jarraitzeko.

Miriamek etapa berri bati ekin dio. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza duen Caritas Gipuzkoaren programa Aizkorri kaleko 20. zenbakira, Donostiako Antiguo auzora, lekualdatu da. Gune berri honetatik, emakumeei autonomia pertsonal eta sozialeko, prestakuntzako, laneratzeko eta komunitatean parte hartzeko prozesuetan bidelaguntza eskaintzen jarraitu nahi dugu, betiere emakume bakoitzaren egoera, beharrak eta unea abiapuntu hartuta.

Baina Miriamek hori baino gehiago ere izan nahi du. Leku seguru, abegikor eta konfiantzazkoa, entzuteko eta bidelaguntza jasotzeko, loturak sortzeko, gaitasunak indartzeko eta aukera berriak zabaltzeko. Etapa berri honetan, programak eskaintzen dituen laguntzak ere indartu ditugu.

 

Zer laguntza eskaintzen ditu Miriamek?

Miriamek emakume bakoitzaren prozesura egokitutako bidelaguntza eskaintzen du:

  • Gizarte eta lan bidelaguntza.
  • Administrazio-izapideetan, eskubideetarako sarbidean eta titulazioen homologazioan laguntza.
  • Prestakuntza eta lan ibilbideak eraikitzeko bidelaguntza.
  • Prestakuntza-tailerrak eta aisialdiko jarduerak, egutegiaren eta izen-ematearen arabera.
  • Banakako jarraipena, emakume bakoitzarekin batera bere aurrerapenak, zailtasunak, beharrak eta helburuak berrikusiz.
  • Gizarte-babeseko sareko beste zerbitzu eta erakunde batzuekin koordinazioa.

Laguntza integralagoa behar duten emakumeentzat, Miriamek 10 laguntza-beka ere eskaintze ditu. Parrokietako Caritasekin koordinatuta, 3 eta 6 hilabete arteko ibilbide pertsonalizatuak garatzeko eta oinarrizko beharrak estaltzen laguntzeko aukera ematen dute. Programak, gainera, bi plaza ditu Ahizpa Esklabetan, Antiguon, ostatua eta mantenua barne. Laguntza horiei Miriam Etxea gehitzen zaie, Errenterian. Babesgabetasun eta gizarte bazterketa egoeran dauden emakumeentzako 9 plazako etxea da, eta bertan autonomiarantz bideratutako bidelaguntza-prozesu pertsonalizatua garatu dezakete.

 

Egoera bakoitzera egokitutako bidelaguntza

Miriam gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago. Ez dago sartzeko administrazio-baldintzarik. Egoera bakoitza hasierako elkarrizketa baten bidez baloratzen da, emakume bakoitzaren beharrak eta une pertsonal eta soziala kontuan hartuta.
Interesa duten emakumeak zuzenean jar daitezke Miriamekin harremanetan. Parrokietako Caritasak, zerbitzuak edo erakundeak ere harremanetan jar daitezke deribazio bat egiteko, kontsulta bat planteatzeko edo programa hobeto ezagutzeko.

Miriam emakume bakoitza entzuna eta lagundua senti dadin eta bere prozesuaren protagonista izan dadin gunea izatea nahi dugu.

MIRIAM PROGRAMA
Arduraduna: Fátima García
📍 Aizkorri kalea, 20 – 20008 Donostia
✉️ miriam@caritasgi.org
☎️ 943 29 10 49

KARTELA

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.