Corpusaren astean, Taupaguneko karpa kalera itzuli zen Caritas Gipuzkoako hainbat boluntario, parte-hartzaile eta langileekin elkartzeko eta hitz egiteko gune bihurtzeko. Oraingo honetan, Oñatiko plaza aukeratu genuen.
Aurkezpenean eta inaugurazioan Patxi Aizpitarte, gure ordezkaria, eta Kontxi Elexpe eta José Emilio Lafuente, Caritas Gipuzkoako zuzendaritza-taldeko kideak, izan ziren. Oñatiko abesbatzaren ahotsek girotutako goiz polita izan zen eta bertan Izaro Alkorta alkatearen babesa izan genuen Oñatiko herriak egin zigun harrera goxoaren erakusgarri. Arratsaldean, Miriam programako (emakumeentzako arreta integralekoa) talde bat karpara hurbildu zen, bihotzak josi eta herritarren artean banatzera.
Hiru ikastetxetako 120 ikasle ere Taupagunetik pasa ziren. Etxerik Gabeko Pertsonen arloaren eskutik, hainbat jolas eta dinamika egin zituzten bizitzeko tokirik ez duten pertsonen zailtasunak ezagutzeko. Bestetik, ULMA eta Elay enpresek Caritas Gipuzkoaren esker ona jaso zuten emandako laguntzarengatik, Bihotzdun Enpresak ekimenari eskainitako asteazkenean. Egun horretan ez ziren falta izan Oñatiko Bidean laneratze-zentroko eta Bidebarriko parte-hartzaile eta langileak.
Corpusaren eguna gure jaiegun handia da, elkarrekin partekatzeko eta gozatzeko eguna, eta Caritas Gipuzkoaren familiak ez zuen Taupagunea galdu nahi izan. Bertan familia-argazkia atera genuen eta, ondoren, aisialdi-une politak eta bazkaria partekatu genituen.
Taupaguneko azken eguna boluntarioei eskaini genien, bertako Hotz (errfuxiatuak), Pakeleku (erretiratuak) eta Misioetako elkarteekin hausnarketa eta erronkak partekatuz. Festa-amaiera ezin hobea izan zen Potx magoaren eskutik. Oñatiko haur ugarik eta euren familiek irribarrez bete zuten gure agurra.
Honela, Taupagunearen bigarren edizio honek hasierako helburua bete zuen: hots, Caritas Gipuzkoako parte-hartzaile, boluntario eta langile, eta, oro har, gizartearen arteko topaleku izatea. Elkarrizketa sortu nahi du, gogoeta bultzatu, elkarrenganako aintzatespena sustatu eta, batez ere, komunitatea sortu. Guztioi aukerak eskaini behar dizkigun komunitatea, hain zuzen.
Taupagunea-Oñati galdu bazenu, bideo honetan ikus dezakezu egunerokoa: