
Taupagunea Irunera iritsiko da etxebizitzarako eskubidean arreta jarrita
Caritas Gipuzkoaren topaketa eta sentsibilizazio gune ibiltariaren laugarren edizioa ekainaren 16tik 19ra egingo da, Irungo Zabaltza plazan
Lehen aldiz, mahai-inguruak eta arraun-erronka solidarioa izango ditu
Ekainaren 16tik 19ra, Irungo Zabaltza plazan Taupagunea kokatuko da, Caritas Gipuzkoaren gune ibiltaria, gaur egungo gizarte erronken inguruko hausnarketa kolektiboa sustatzeko. Laugarren edizio honetan, etxebizitzarako sarbidean dauden zailtasunak izango ditu ardatz, Caritasek laguntzen dituen pertsona eta familien bizi-proiektuak gehien baldintzatzen dituen arazoetako bat izanik. Inaugurazio-ekitaldia astelehenean izango da, hilaren 16an, 10:30etan. Ekitaldian, Caritas Gipuzkoako zuzendariak, José Ramón Aramendik; Caritas Gipuzkoako idazkariak, Kontxi Elexpek, ez ezik; Irungo Udaleko Ongizate zinegotziak, Iosu Iguíñizek; eta Hondarribiko alkateak, Igor Enparanek, hartuko dute parte. Horrez gain, Atzokoak abesbatzaren girotzea izango dugu.
Taupagunea goizez eta arratsaldez egongo da zabalik: 10:00-13:30 eta 17:00-20:00.
Zer da Taupagunea?
Izena taupada (Caritasen bihotzaren sinboloa) eta gune hitzen batuketatik dator. Taupagunea, batez ere, topaleku bat da: entzute, elkarrizketa eta elkarbizitzarako espazioa; herritarren, boluntarioen, proiektuetako parte-hartzaileen eta Caritaseko langileen arteko harremana sustatzeko lekua.
Lau egunez, Caritas Gipuzkoako zentro eta programak ezagutzeko leihoa ere izango da Taupagunea. Besteak beste: Bidelagun eta Hotzaldi, etxerik gabeko pertsonei zuzendutakoak; Aterpe, Trintxer-Emeki eta Sorabilla, gizarte-bazterketan edo arriskuan daudenentzat gaua igarotzeko zentro edo egoitza-zentroak; Zubia eta Bultzada, haurrak dituzten familiei etxebizitza-laguntza, eskola-laguntza eta aholkua ematen dietenak; Miriam, gehienbat migratutako emakumeei laguntza integrala eskaintzen dien programa; Lamous tailerra eta Altza Baratza, lanerako prestakuntza eta gizarte-laguntza eskaintzen dutenak; Bihotzdun Enpresak, Gipuzkoako enpresekin elkarlana eta aliantzak ehuntzea helburu duen arloa; eta Nazioarteko Lankidetza, Caritasek parte hartzen duen nazioarteko proiektuak ezagutaraziko dituena.
Berritasunak: mahai-inguruak eta erronka solidarioa
Lehen aldiz, Taupaguneak bi mahai-inguru izango ditu, gure eguneroko jardunean laguntzen ditugun pertsonen etorkizuna baldintzatzen duten errealitate sozialak ikusarazteko eta horien inguruan hainbat pertsonekin hausnartzeko:
- Asteartea, ekainak 17 (11:00–12:30): “HARRERA EHUNTZEN: MIGRATZAILEEN LOTURAK ETA ESKUBIDEAK”
Parte-hartzaileak: Arkaitz Fullaondo, Ikuspegiko ikertzailea; Carlos Remacha, Bizi Irun taldeko kidea; Jon Aranguren Harrera Sarea plataformako kidea; Rocío Calderón Adiskidetuak elkarteko kidea; eta Binta Sarr, Manko Senagal elkartekoa. Moderatzailea Mabel Cenizo, Caritas Gipuzkoako Komunikazio, Eragin eta Boluntariotza arduraduna izango da.
- Osteguna, ekainak 19 (11:00–13:30): “ETXEBIZITZA ESKUBIDE GISA: SARBIDEA BERMATU, BABESA ZIURTATU, BIZITOKI-BAZTERKETA SAHIESTU”
Parte-hartzaileak: Miguel de los Toyos, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordea; Jon Ugarte, Irungo Udaleko Etxebizitza zinegotzia; Raquel Sanz SIISeko teknikaria; Rosa García, Stop Kaleratzeak plataformako bozeramailea; eta Ruth López Herrero, Erletxea elkarteko kidea. Moderatzailea Mabel Cenizo, Caritas Gipuzkoako Komunikazio, Eragin eta Boluntariotza arduraduna izango da.
Ostegunean bertan, arraun-erronka solidarioa batekin emango zaio amaiera Taupaguneari. Erronkan Irungo Santiagotarrak Kirol Elkarteko eta Hondarribiko Arraun Elkarteko arraunlariek parte hartuko dute, eta ingurura hurbiltzen diren guztiak parte hartzera animatzen ditugu. Helburua 3 orduan etenik gabe 75 km arraun egitea izango da. Ekintza sinboliko honen bidez, elkarrekin eta norabide berean arraun eginez, gizarte bidezkoago eta inklusiboagoa eraiki dezakegula aldarrikatu nahi dugu, baita etxebizitzaren arloan ere. Arratsaldea Oiasso Txaranga eta María Arandia magoak girotuko dute.
Herritar guztiei zuzendutako gonbidapena
Taupaguneak musika-programa zabala izango du, gurekin izango ditugu, besteak beste: Klink Abesbatza, Lagun-artea Dantza Taldea, Irungo Kontserbatorioa eta Betiko Ametsa Abesbatza.
Caritas Gipuzkoatik gonbidapena luzatzen diegu Irunen bizi diren edo bertara bisitan datozen guztiei, Zabaltza plazara hurbil daitezen eta topaketa, sentsibilizazio eta elkarrizketa gune honetan parte har dezaten. Taupaguneak entzuteko, partekatzeko eta gizarte bidezkoago eta abegitsuago bat elkarrekin eraikitzeko espazioa izan nahi du.