Martxoaren 28an, Vitoria-Gasteizko Santa María Marianistas Ikastetxeko antzokia euskal boluntariotzaren bihotz bihurtu zen. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik etorritako 325 lagun elkartu ginen Topaki 2026 ospatzeko, Caritas Euskadiren urteko boluntariotza-topaketan, 'Errealitateak irekitzen. FOESSA 2025ri begirada hausnartzailea' lelopean.
Jardunaldia ikastetxearen kanpoaldean partekatutako gosari batekin hasi zen. Mahaiak, termoak, presarik gabe sortzen diren elkarrizketak. Benetako topaketa agertokira inor igo baino askoz lehenago hasten dela erakusteko modua.
Begirada piztu
Areto barruan jada, Cáritas Euskadiko presidente Jaime Tapiak ongietorria eman zigun. Haren hitzek jardunaldiaren zentzua kokatu zuten: “Topaki elkartzeko, elkar aitortzeko eta elkarrekin ikasten jarraitzeko gunea da”.
Parte-hartzaile bakoitzak kandela bana jaso zuen, eta hala, espazioa pixkanaka argi txikiz betetzen joan zen Gasteizko Elizbarrutiko boluntarioek otoitz bat ozen irakurtzen zuten bitartean. Ez zen keinu apaingarri hutsa izan: Caritasek egunero egiten duenaren irudi zehatza izan zen, argia elkarrekin eustea, komunitatean, pertsonaz pertsona.
Jardunaldiaren aurkezpena Jaimek eta Raquel Bustok egin zuten. Azken hori Harrera-komunitateen eta Boluntariotzaren koordinatzailea da, eta topaketaren hari nagusia aurkeztu zuen: errealitatea ulertzea dela hura eraldatzeko lehen urratsa.
Itxaropena eusteko errealitateak irekitzen
Hitzaldi nagusia Raúl Floresek eskaini zuen, Caritas Españolako Azterlan Taldeko koordinatzaileak eta FOESSA 2025 Txostenaren aztertzaile nagusietako batek. Ordubete baino gehiagoz, gaur egungo gizarteak dituen erronka handiak azaldu zituen, zehaztasunez eta hurbiltasunez: etxebizitza, hezkuntza, migrazioa, pobrezia eta itxaropena praktika kolektibo gisa.
Migrazioari buruz, Raúl zuzena eta argia izan zen: eztabaida publikoan dabiltzan datu asko manipulatuta daude. Delinkuentzia-tasak modu alboratuan alderatzen direla azaldu zuen, adinaren aldagaia neutralizatu gabe, edo pertsona migratzaileei aldi berean lana kentzea eta laguntzetatik bizitzea egozten zaiela (bi erruduntze kontraesankor, baina hala ere diskurtso publikoan arazorik gabe elkarrekin bizi direnak). Benetako datuek, haren esanetan, beste istorio bat kontatzen dute: biztanleria migratzaileak jasotzen duena baino gehiago ematen dio gizarteari.
Etxebizitzaren arloan, azpimarratu zuen arazoa ezin dela etxebizitza libre gehiago eraikiz konpondu: etxebizitza berri bakoitzeko hirutik bi dagoeneko etxebizitza bat duten pertsonek erosten dituzte. Irtenbidea alokairu sozialeko etxebizitza publikoen parkea handitzea da —Espainian %2,5-3koa da, Europako batezbestekoa %9koa den bitartean— eta errentatzaileen eta maizterren arteko harremana administrazioen babesarekin berrikustea.
Hezkuntzari dagokionez, FOESSA Txostenak ohartarazpen garrantzitsua egiten du: pobreziaren eta bazterketaren aurkako babes-hesia dagoeneko ez dago DBHn. Unibertsitatera eta goi-mailako lanbide-heziketara mugitu da. Eta ikasketak izanda ere, prestakuntza-maila berean soldata-desberdintasunak gehien azaltzen dituena ez da norberaren meritua: aitaren lanbidea da. Ez, jakina, seme-alabei laguntzean ezer txarrik dagoelako, argitu zuen Raúlek, baizik eta errealitate hori ukatzea “norberari tranpa egitea” delako.
Nola elikatzen da itxaropena testuinguru honetan? Raúlen ustez, erantzuna ez dago salbatzaileen zain egotean, ezta banakako konponbideetan ere. Beste pertsonaren ondoan jartzean dago, eraikuntza kolektiboan, pertsona ahulenei begiratzean —dena behar duen haur txiki bati, ia dena behar duen adineko pertsona bati— eta haietan bizitza eusten milaka urtez gai izan garela aitortzean.
Galderen txanda
Atsedenaldiaren ondoren, Isabel López Ruiz de Azuak, Gasteizko Elizbarrutiko Caritaseko Esku-hartze Taldeko arduradunak, Raúl Floresi egindako elkarrizketa moderatu zuen, parte-hartzaileen artean jasotako galderekin. Formatu horri esker, goizean oihartzun gehien izan zuten gaietan sakondu ahal izan genuen: Venezuelaren etorkizuna eta krisi politikoen testuinguruko itxaropena, hezkuntza gizarte-mugikortasunerako tresna gisa, etxebizitza eskubide gisa eta ez aktibo gisa, eta datu bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela bistatik ez galtzeko modua.
Aretoa bete zuen poza
Goizak kolore bereziko unea izan zuen Gasteizko Joyful Solidario abesbatzaren emanaldiari esker: berrogei ahots eta bost musikari profesional, gospel musika gizarte-konpromiso bihurtzen dutenak, bazterketa-arriskuan dauden pertsonei lagunduz. Haien presentziak antzokia Caritasek izan nahi duen horretara hurbildu zuen: poza ere kabitzen den tokira.
Eskerrik asko guzti hau posible egiteagatik
Topaki hau amaitu dugu, baina topaketa bat baino gehiago eraman dugu gurekin: aurpegiak, istorioak, inspirazioa eta indarra. Komunitatean piztutako kandela batekin hasi zena bizirik dago oraindik, egunerokora itzultzean errealitateari aurrez aurre begiratzen jarraitzea erabakitzen duen pertsona bakoitzarengan.
Batzuetan, dena oso txikia den zerbaitekin hasten delako: irekitzen den ate batekin, harrera egiten duen elkarrizketa batekin, bidelagun den presentzia batekin.
Caritasetik, mila esker hori egunero posible egiten duzuen boluntario guztiei. Eta oraindik parte ez zaretenoi, gonbidapena zabalik dago: hau ere zuen lekua izan daiteke.