fbpx URTEKO MEMORIA: 14.442 pertsona artatu 2024an | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
URTEKO MEMORIA: 14.442 pertsona artatu 2024an
URTEKO MEMORIA: 14.442 pertsona artatu 2024an
memo24

Caritas Gipuzkoak 14.000 pertsona baino gehiago artatu zituen 2024an

  • Gehienak gazteak, migratzaileak eta adingabeak dituzten familiak dira
  • Bazterketa larria egiturazkoa bihurtu da eta, hortaz, erantzun publiko eraldatzaileagoak eskatzen ditu

 

Caritas Gipuzkoak 14.442 pertsona artatu zituen 2024an pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan zeudenak (5.320 bizikidetza-unitate). Kopurua zertxobait jaitsi da 2023arekin alderatuta (16.571), baina profilak gero eta konplexuagoak dira: kronikotasuna, egoera administratibo irregularrak eta etxebizitza-bazterketa areagotzen ari dira. “Pertsonen bidelagun, errealitateak eraldatuz” izeneko urteko memorian jasotako datuek erakusten dute babes-sistema sozialak ez dela behar bezala erantzuten ari bazterketa larrien egoerei.

 

Bazterketak blokeatutako gazteria

Artatutako pertsona gehienak gazteak dira (% 56,3k 44 urte baino gutxiago ditu) eta migratzaileak (% 88,8); horietako asko adingabeak zaintzen dituzten familiak dira (etxeen % 51,3). % 66k ez dago egoera administratibo erregularrean, eta horrek oinarrizko eskubideetara —lana eta etxebizitza, adibidez— sarbidea eragozten du, bazterketa kronikoa bihurtuz. Errealitate honek adingabeak dituzten familiei eragiten die bereziki, eta haurren pobrezia egiturazkoa bilakatzen du.

 

Etxebizitza eta erroldatzea: oztopo gaindiezinak

Artatutako pertsonen erdia baino gehiago (% 58,12) etxebizitza-egoera prekarioetan bizi zen: kalean, aldi baterako ostatuetan, etxebizitza desegokietan edo segurtasunik gabeko egoeretan. Egoera hori aztertzeko, Caritas Gipuzkoak ETHOS eskala europarra erabiltzen du, etxebizitza-bazterketa larritasunaren eta egonkortasunaren arabera sailkatzen duena.

% 41,88k soilik zuen egokitzat jo daitekeen etxebizitza. Horrez gain, % 29,49 erroldatzearekin lotutako dokumentazio-ahultasun egoeran zegoen:

  • % 16,8 erroldatu gabe
  • % 7,9 bizi ez ziren etxe batean erroldatuta
  • % 4,9 errolda sozial desberdinekin (administrazioen edo elkarteen bidez)

Erroldarik ez izateak oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea eragozten du: osasuna, hezkuntza, prestazio sozialak edo parte-hartze politikoa, besteak beste. Caritasek etxebizitza duinera sarbidea bermatzeaz gain, erroldatze eta erregularizazio prozesuak errazteko ere lan egiten du.

 

Bazterketa iraunkorragoa, buelta emateko zailagoa

Artatutako pertsona kopurua zertxobait jaitsi den arren, bazterketa iraunkorragoa bihurtu da, ikusezinagoa eta zailagoa buelta emateko. Datu batek baieztatzen du: lagundutako etxeen % 18,4k —hau da, bostetik batek— hiru urte baino gehiago daramatza Caritasek artatuta. Kronifikazio honek erakusten du ez daudela behar adinako egiturazko erantzunak. Dagoeneko, ez dugu aldi baterako egoerez hitz egiten, bazterketa-ibilbide luzeez baizik, bazterketa sozial larriko egoeretatik benetako irtenbiderik gabe.

 

Sei esku-hartze esparruetan oinarritutako eredu integrala

Caritas Gipuzkoa-ren gizarte-ekintza sei esparru nagusitan egituratzen da:

  • Biziraupenerako laguntzak: 8.900 pertsonak jaso zituzten dirulaguntza zuzenak (1.107.048 €), sare parrokiak eta Bidelagun programak kudeatuak.
  • Etxebizitza-inklusioa: 3.672 pertsona baliabide erresidentzialetan eta etxebizitzarako laguntzak jasota (1.022.731 €).
  • Gizarte eta lan arloko inklusioa: 1.243 pertsona laneratze eta prestakuntza programekin artatu ziren; horietatik % 75,7 emakumeak ziren (140.803 €).
  • Haurrak eta hezkuntza: 118 adingabe (83 familiakoak) lagundu zituzten Bultzada eta Kumme bezalako programek (eskola-laguntza eta ongizate emozionala).
  • Parte-hartze komunitarioa: 320 pertsonak parte hartu zuten jarduera kultural, komunitario eta aldarrikatzaileetan.
  • Eskubideetarako sarbidea eta aholkularitza juridikoa: 1.810 pertsonak jaso zuten aholkua, batez ere atzerritartasun, erroldatze, sustraipen edo nazioarteko babeseko gaietan.

 

Konpromiso iraunkorra eta erakundeei egindako deia

Bidelaguntza eredu hau honako hauei esker da posible:

  • 866 boluntario aktibo (% 65 emakumeak)
  • 2.411 bazkide eta doantzaile, esku-hartze autonomo, hurbil eta iraunkorra ahalbidetzen dutenak
  • 74 langile, irizpide tekniko, etiko eta justizia sozialekoekin

 
Caritas Gipuzkoak berretsi egiten du ekintza gizatiar eta eraldatzailearekin duen konpromisoa. Hala ere, gogorarazten du lan honek ezin duela politika publikoek bermatu beharko luketen babes eta gizarteratze unibertsala ordezkatu.

Horregatik, Caritas Gipuzkoak dei argia luzatzen du:

  • Erroldatze unibertsala bermatzeko, eskubideetarako sarbidearen giltza baita.
  • Egoera administratibo irregularrean dauden pertsonentzat erregularizazio-bide eraginkor eta egonkorrak ezartzeko, irregulartasunak ikusezintasunean eta prekaritatean betiko ez uzteko.
  • Etxebizitza duina, eskuragarria eta egokia bermatuko duen politika publikoa sustatzeko, bazterketa-egoeran dauden biztanleentzat ere.

 

DATU NAGUSIAK: CARITAS GIPUZKOAKO MEMORIA 2024

DATUAKMEMO24

 

MEMORIA INTERAKTIBOA

 

DESKARGATZEKO MEMORIA

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.