fbpx VII OPIL SOLIDARIOA: MUNDU HOBE BATERAKO KEINU TXIKI BAT | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
VII OPIL SOLIDARIOA: MUNDU HOBE BATERAKO KEINU TXIKI BAT
VII OPIL SOLIDARIOA: MUNDU HOBE BATERAKO KEINU TXIKI BAT
roscon25

Aurten ere, Caritas Gipuzkoa kalera aterako da Errege bezperan, bere Gabonetako keinurik esanguratsuenetako bat herritarrekin partekatzeko: Opil Solidarioa, dagoeneko ezinbestekoa bihurtu den hitzordua, familiak, boluntarioak, lagunak eta laguntzaileak biltzen dituena, topaketaren, hurbiltasunaren eta itxaropenaren sinbolo baten inguruan.

Opil Solidarioaren zazpigarren edizioa urtarrilaren 5ean, astelehena, izango da, 10:00etatik aurrera, Donostiako Gipuzkoa plazan. Bertan, Gozoa gastronomia elkarteak artisau eran egindako 1.500 opil-zati salduko dira. Caritas Gipuzkoak bereziki eskertu nahi du Gozoaren konpromisoa, kalitatezko eta hurbileko produktua eskaintzen digulako, eta ekimenaren aldeko apustua egiten jarraitzen duelako baita sektorearentzat zaila den testuinguru batean ere. Jai giroko goiza izango da, Opil Solidarioaren izaera komunitarioa indartuko duena.

Poltsa solidarioak 3 euroko prezioa izango du, eta hauek osatuko dute: opil-zatia, txokolate beroa eta sorpresak. Jasotako dohaintza guztiak Caritas Gipuzkoako programa eta zentroei laguntzeko erabiliko dira: Ekimen honek aurtengo gure Gabonetako kanpainarekin bat egiten du, zeinak blokeoak eta ezkortasunak eraman ez gaitzaten gonbidatzen gaitu, eguneroko ekintza txikiek mundu hobea eraikitzeko motor gisa balio dutela sinistuz, gure ingurune hurbilenetik hasita.

 

Pobrezia ez dago askotan uste dugun bezain urrun

FOESSA Fundazioak Gizarte Bazterketari eta Garapen Sozialari buruz Euskadin egindako azken txostenak —abenduan aurkeztutakoa— adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %12 gizarte-bazterketako egoeran dago; alegia, enpleguaren eta diru-sarreren, etxebizitzaren, osasunaren edo harremanen eta gizarte-parte-hartzearen arloetan zailtasunak pilatzen diren etxeetan bizi da. Zenbaki absolutuetan, 259.000 pertsona inguru bizi dira gizarte-bazterketan Euskadin, eta horietatik 84.000 inguru egoera larrian daude.

Honez gain, txosten honek azpimarratzen du atzerriko nazionalitatea duten pertsonen bazterketa-tasa (%41) Espainiako nazionalitatea dutenena (%8) baino bost aldiz handiagoa dela. Adin-tarteka, bazterketak 18 urtetik beherako pertsonen %20ri eragiten dio; 65 urtetik gorakoen artean, berriz, tasa %5,5ekoa da, hau da, hiru aldiz txikiagoa. Gainera, adingabeak dituzten etxeek bazterketan dagoen biztanleriaren %65 dira. Generoa ere desberdintasuna areagotzen duen faktorea da: emakume bat buru duten etxeetan bizi diren pertsonen %15 bazterketa-egoeran dago, gizon bat buru duten %10aren aldean. Arrakala horrek bereziki zigortzen ditu ama bakarreko etxeak. Datu horiek dira, hain zuzen ere, gertukotik jardutera bultzatu behar gaituztenak.

 

Pertsonek ez dute huts egiten, sistemak egiten du huts

Txostenak pobrezian eta bazterketan dauden pertsonen pasibotasunaren mitoa gezurtatu egiten du: bazterketan dauden etxe gehienetan lan egiten da edo lana bilatzen da, prestakuntzan parte hartzen da eta sareak aktibatzen dira, baina lan-egoera ezegonkorrekin, alokairu jasanezinarekin, diskriminazioarekin eta zerbitzu gainezkatuekin egiten dute topo. Horregatik diogu ez dutela pertsonek huts egiten, baizik eta diru-sarrera nahikoak, etxebizitza duina, osasuna eta gizarte parte-hartzea modu eraginkorrean bermatzen ez dituen sistema batek egiten duela huts.

 

Berriz ere, eskerrik asko

Gozoaz gain, beste entitate batzuk ere elkarlanean ari dira Opil Solidario hau posible egiteko. Envaseko, Komaidak, Usabiaga eta Cafés Panchito enpresek berriro lagunduko dute aurkezpena eta magia zaintzen; Eroskik eta Ékolok, berriz, pakete solidarioari sorpresak gehitzen lagunduko dute. 7. edizio honetan ere, txokolate beroa eskainiko dugu Gureaken eskutik. Funtsezkoa da, halaber, Caritas Gipuzkoako boluntarioen laguntza, ahalegin eta maitasun guztia egiten baitute Opil Solidario hori gure Gabonetan gero eta errotuagoa dagoen tradizioa izan dadin. Haiek gabe, ezinezkoa litzateke ospakizun hau.

Opila biribila da, konpartitzen dugun mundua bezalakoa. Mundu horretan pertsona guztiek ezin dituzte Gabon zoriontsuak ospatu, baina keinu txikiek, bat egiten dutenean, itxaropenerako bideak irekitzen laguntzen dute.

 

Urtarrilaren 5ean, goizez, Gipuzkoa plazan espero zaituztegu!

 

PRENTSA-OHARRA

 

KARTELA

roscón25

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.