fbpx Acompañar desde el MAS - Ficha7-eu | Caritas Gipuzkoa Skip to main content

3. Blokea - 7. Fitxa

7. fitxa – Eraldatzen duen maitasuna

(Balioak blokea – Maitasuna Gizarte Ekintzaren Ereduaren motor gisa)

Zertarako balio du fitxa honek?

Maitasuna motor etiko eta politiko gisa kokatzeko: bizitza pertsonala zein egitura sozialak eraldatzen dituen indarra.

Funtsezko ideia

Maitasuna ez da soilik sentimendu intimo bat, baizik eta harremanak eta erakundeak eraldatzen dituen energia etiko eta sozial bat. Ebanjelioaren bihotzean, ekintza ororen agindu eta iturri gisa agertzen da: «Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala» (Jn 15,12).

Garapena

Sentimendu pribatutik indar publikora

Kristau-tradizioan, maitasuna ez da afektu pribatu batera mugatzen. Dimentsio publiko, sozial eta politikoa du. Maitasunak begirada irekitzen du, eta konprometitu eta mobilizatu egiten du. 

Benedikto XVI.ak gogorarazten digun bezala, «maitasuna —caritas— beti izango da beharrezkoa, baita gizarte bidezkoenean ere» (Deus caritas est, 28. zk.).

Maitasunak ez du justizia ordezkatzen: bultzatu egiten du. Obra zehatz bihurtzen denean bakarrik egiten da maitasuna sinesgarri eta bizitza komunaren printzipio egituratzaile.

Ildo horretan, Adela Cortina (2017) eta Martha Nussbaum (2013) bat datoz esatean errukiak eta maitasunak konpromiso etiko eta egiturazko justizia bihurtzen direnean hartzen dutela benetako zentzua. Ez da nahikoa sentitzea, eraldatzeko jardun egin behar da.

Maitasunak, bertute publiko gisa bizita, arrazoia eta emozioa batzen ditu, zaintza eta ekintza, eta gizarte bidezkoago eta solidarioago bat ahalbidetzen du. Maitatzea, zentzu horretan, sufrimendua eta bazterketa eragiten duena aldatzera bultzatzen duen ekintza politikoa da.

Maitatzea eraldaketaren motor gisa: keinutik justiziara

Eliza ziur dago pertsona ororen duintasunak zaintzea, entzutea eta aitortzea eskatzen duela. Duintasun hori ez da legeekin edo programekin bakarrik babesten: keinu eta egituren bitartez adierazten den maitasuna behar du.

Erradikaltasunez bizitako maitasuna justiziaren eta aldaketarako energiaren irizpide bihurtzen da. Ez da konformatzen beharrak arintzearekin: sufrimendua sortzen duten kausak eraldatzea bilatzen du.

Joaquín García Rocak (2006) dioen bezala, maitasuna indar sozial bat da, eta hautsitako loturak berreraikitzen ditu eta komunitatea sortzen du bazterkeriak zatiketa eragiten duen lekuan.

Era berean, Marije Goikoetxeak (2015) gogorarazten digu maitatzeak berekin dakarrela beste pertsonen hauskortasunaren erantzule egitea, ez nagusitasunetik, elkarrekikotasunetik baizik.

Maitasuna duintasuna ematen duten praktiketan gauzatzen da:

Maitasun politikoa eta itxaropen aktiboa

Benedikto XVI.ak gogorarazten du «karitateak egiaren argia behar» duela (Caritas in veritate, 3).

Maitatzeak politika publikoetan eragitea dakar Caritasen, beste gizarte-eragile batzuekin lankidetzan aritzea eta bizi-baldintza duinak eskatzea pertsona guztientzat. Maitasuna, horrela bizita, erruki-keinu izatetik eraldaketaren indar historiko izatera igarotzen da.

Polarizazioaren eta gorroto-diskurtsoen garaietan, maitasuna iparrorratz etiko bihurtzen da. Beldurraren eta axolagabekeriaren aurrean, itxaropenerako bideak irekitzen ditu; zatiketaren aurrean, komunitatea eraikitzen du; errutina instituzionalaren aurrean, freskotasun ebanjelikoa itzultzen dio eguneroko lanari. 

Victoria Campsek (2018) dioen bezala, zaintzaren eta maitasun politikoaren etika dira, gaur egun, demokrazia eta justizia sostengatzeko modurik zehatzenak. 

Maitasuna komunitario gisa ikustea Erreinuaren lekuko nabarmena da: munduan egoteko modu bat, oinarri dituena samurtasuna, justizia eta itxaropena.

Gogoeta egiteko

Aipua

«Karitateak, bere dinamismo unibertsalarekin, mundu berri bat eraiki dezake, ez baita sentimendu antzu bat, baizik eta guztiontzako garapen-bide eraginkorrak lortzeko modurik onena» (FT 183).