ZERGATIK ETXEBIZITZAREN INGURUKO TXOSTENA
Ez da esparru honetako errealitate esklusibo bat, baina urteak dira Caritas Gipuzkoa ohartu dela etxebizitzarako sarbidea izateko zailtasunek eta etxebizitza bat mantentzeak eragiten dituen karga garrantzitsuek sortzen eta kronifikatzen dituztela erakundeak artatzen dituen pobrezia- eta bazterkeria-egoeretako asko.
Errealitate horrek kezkatzen gintuenez, pertsona guztiek etxebizitzarako duten eskubidearen inguruko kanpainak landu genituen 2024an. Aldi berean, pertzepzio hori zenbakitara pasatzeko eta etxebizitzak familia askoren bizi-proiektua nola oztopatzen duen erakusteko konpromisoa hartu genuen.
- Irizpidea: Etxegabetasunaren eta bizitoki-bazterkeriaren inguruko Europako ETHOS tipologiaren arabera egin da txosten hau, etxebizitzen tipologia sailkatzeari dagokionez.
- Lagina: Caritas Gipuzkoak 2024an artatutako 5.320 etxeak, horietatik:

*Seme-alaben ardura duten etxeak dira % 51,3
Alokairua, gero eta eskuraezinagoa
2024an Caritas Gipuzkoa bidelagun izan duten familien heren batek baino gehixeagok (% 35,6) alokairuko etxebizitza bat zuten (ez babes ofizialeko etxebizitza); etxe ugarik merkatu formalean irauteko egiten duten ahalegina erakusten du datu horrek. ‘Etxebizitza egokitzat’ jotzen denaren parte da talde hori.
Caritas Gipuzkoak ahalegin hori babestu du, eta, 2024an, 1.022.731 € bideratu zituen zuzenean etxebizitzari lotutako gastuetara (alokairua, hornidura…). Lagundutako etxebizitzei emandako zuzeneko laguntza ekonomikoen (2.270.582 €) ia erdia da kopuru hori.
Izan ere, FOESSA Euskadi 2022 txostenean jasotzen denez, EAEko etxebizitzen % 12,4k gehiegizko gastuak dituzte etxebizitzaren esparruan. Hau da, etxebizitzari lotutako gastuak ordaindu ondoren, pobrezia latzaren atalasearen azpitik geratzen dira.
Logelak eta azpierrentamenduak: arazoaren ezkutuko aurpegia
Hona hemen daturik kezkagarrienetako bat: logela azpierrentatuetan bizi dira etxeen % 23,5tan; askotan, familia ezezagunekin partekatzen dituzte espazio txiki-txikiak edo pilatuta bizi izaten dira.
Kontraturik ez izatea: erantzukizun partekatua
Aztertutako etxeetako parte nabarmen bat bere ohiko bizilekuan erroldatuta dago, eta hilero ordaintzen du ostatuaren truke, baina ez du alokairu-kontraturik. 1.128 familia dira guztira; 2024an artatutako familien % 21.
Segurtasun juridikoa mugatzen duten azpierrentamenduak, logelak eta hitzezko lagapenak dira: kontraturik gabe, ez dago egonkortasunik, zaila da bizilekua ziurtatzea Administrazioaren aurrean, eta zaila da konponketak erreklamatzea eta bizitokia ziurtatzea eskatzen duten prestazioetarako sarbidea izatea.
Etxebizitza ez-segurua duen talde horretan 'etxegabetze isil’ ugari izaten dira (sarrailak aldatzea, kaleratze informalak), baita bizitoki-aldaketa ugari ere, eta horrek eragina du adingabeen eskolatzean, osasunean eta lan-aukeretan.
Bizitokirik gabe: etxebizitzaren arazoaren alderdi gordinena
Caritas Gipuzkoak artatutako etxeen % 14,8k —sarritan, pertsona bakarrak osatutako bizikidetza-unitateak— ez zuten inolako etxebizitza-motatarako sarbiderik; beraz, etxebizitza-zirkuitu egonkorretatik kanpo zeuden. Bizitoki-bazterkeriaren alderdirik larriena da.
Kaleko, larrialdiko eta aldi baterako harrerako errealitateak dira, bizitoki bat izatea pribilegio bilakatu den gizarte baten azken muga erakusten dutenak.
ONDORIOAK
10 pertsonatik 4k bakarrik dute etxebizitza egoki baterako sarbidea
Iaz Caritasera jo zuten bizikidetza-unitateetatik % 41,9 baino ez ziren bizi etxebizitza egoki batean. Gehiengo handi bat alokairu arrunteko araubidean zegoen, eta babes ofizialeko etxebizitzak eta jabetzako etxebizitzak (hipotekadunak eta hipotekarik gabeak) gehitu behar zaizkio horri.
Asmo handiagoko politika publikoen eta etxebizitza duina izateko eskubidearekin konprometitutako erantzun sozial baten premia indartzen dute datu horiek, ezinbesteko baldintza baita herritarren parte-hartzerako eta egonkortasunerako.
Etxegabetasuna, erantzun partekatua eskatzen duen errealitate gero eta ugariagoa
2024ko datuak oro har hartuta, esan dezakegu Caritas bidelagun zuten etxeen % 58,1 bizitoki-bazterkeriako egoeran edo horretarako arriskuan zeudela; hau da, aterperik gabe, etxebizitzarik gabe, ziurtasunik gabe edo ostatu desegokietan.
Kaleko, larrialdiko eta aldi baterako harrerako errealitateak dira, etxebizitza bat izatea pribilegio bilakatu den gizarte baten azken muga erakusten dutenak.
Etxebizitzarik, eskubiderik eta etorkizunerako itxaropenik gabe
Azterketaren datuek berresten dute etxebizitza baterako sarbidea dela eskubideak betetzeko oztopo handienetariko bat oraindik ere. Gehiegizko aurrekontu-gastuak karga handia izatera iritsi dira, etxeko ekonomia, osasuna (baita osasun mentala ere) eta inklusio-aukerak baldintzatzen baitituzte.
Caritas Gipuzkoa bidelagun den kasu bakoitzaren atzean alokairuaren prezioak, etxebizitza-ezegonkortasunak edo bizi-proiektu bat (berr)eraikitzeko etxe baten faltak markatutako historia bat dago.
